2026-07-27
HomeEkintza SindikalaIgor Arroyoren mezua EAJri eta PSEri: “Euskal langileei bizkarra ematen badiezue, aro...

Igor Arroyoren mezua EAJri eta PSEri: “Euskal langileei bizkarra ematen badiezue, aro politiko baten amaiera azkartuko duzue”

Milaka langile mobilizatu dira Bilbon gutxieneko soldata propioaren alde. EAJri eta PSEri euren jarrera antidemokratikoan atzera egiteko eta herri ekimen legegilearen alde egiteko eskatu diete.

Milaka langile mobilizatu dira gaur Bilbon gutxieneko soldata propioaren alde, ELA, LAB, ESK, STEILAS, HIRU eta ETXALDE sindikatuek deitutako mobilizazioan, Eusko Legebiltzarrean sindikatu horiek sustatutako herri ekimen legegilea tramitera onartu edo ez eztabaidatu bezperan. Patronalak eta Eusko Jaurlaritzak eragindako blokeoa salatu dute mobilizazioan, eta Jaurlaritza sostengatzen duten alderdiei 138.495 sinaduraren babesa izan duen herri ekimen legegilearen eztabaidari eta tramitazioari bide emateko exijitu diete.

“Eusko Legebiltzarrak aukera izango du gutxieneko soldata propioaren eztabaida instituzionalari bide emateko. Hori egin behar luke arrazoi sozial, politiko eta demokratikoengatik”, adierazi du Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak mobilizazioaren amaieran, eta gogoratu du afera ez dela azken emaitza, baizik eta ea eztabaidari berari bide emango zaion. Hala ere, “egun historikoa” izan daitekeena “EAJren eta PSEren dekadentziaren mugarri” izateko arriskua dagoela gogoratu du: “Bi alderdi politiko horiek jarrera antisozial, zentralista eta autoritarioa hartu dute gutxieneko soldatari dagokionez”.

Imanol Pradalesen gobernuaren jarrera autoritarioa nabarmendu du lehenik: “Osasun mahaia gogo txarrez ireki eta akordio sindikalik gabe itxi zuen. Gutxieneko pentsioa osagarritzeko eskatzen zuten 150.000 pentsiodunei danbatekoa eman zien. Eta bihar gauza bera egin nahi du gutxieneko soldata propio baten aldeko sinadura eman zuten 140.000 langileekin”.

Subiranotasun handiagoa eskuratzeko herritarren anbizioaren kontrakoa ere bada EAJren eta PSEren jarrera, Arroyoren arabera: “Badirudi EAJri autogobernua enpresa kastari fiskalki mesede egiteko bakarrik interesatzen zaiola, baina ez langileen gehiengoari mesede egiteko. Jarrera horrek erakunde propioei prestigioa kentzen die langileen gehiengoaren aurrean, oso une kezkagarrian, diskurtso antipolitiko eta erreakzionarioen hedapenagatik, autogobernuarekiko inboluzio mehatxuagatik”.

Eta, azkenik, jarrera antisoziala izatea ere aurpegiratu die: “Patronalak aginduta gobernatzen dute. Patronalak pribilegio fiskalak nahi ditu eta haiek ematen dizkiote. Patronalak negozioa egin nahi du aurrekontu publikoen kontura, eta haiek 1.000 milioi euroko txekea luzatzen diote, hori baita aurrekontuetan berariaz kontsignatu duten kopurua; eta hori patronalak osasungintzan, zaintzan edo hezkuntzan pribatizatutako zerbitzu publikoen kontura egiten duen negozioaz hitz egin gabe. Patronalak soldata txikiak eskatzen ditu, eta EAJk eta PSEk ateak ixten dizkiote gutxieneko soldata propioari”.

Horregatik guztiagatik, herri ekimen legegilearen tramitazioari bide emateko eskatu die Arroyok EAJko eta PSEko legebiltzarkideei, eta ohartarazpena luzatu: “Euskal langileei bizkarra ematen badiezue, aro politiko baten amaiera azkartuko duzue. Azken hauteskundeetan ikusi den bezala, euskal langileria nazkatuta dago politika neoliberala eta autoritarioa jasateaz”.

Gatazka gehiago eragingo ditugu”

Confebaski ere zuzendu zaio Arroyo. Hiru aldiz esan dio ezetz patronalak gutxieneko soldataz aritzeko mahaia eratzeari, eta ezezko horietako bakoitzak “kontraboterezko sindikalismoaren zilegitasuna areagotu” baino ez duela egin nabarmendu du koordinatzaile orokorrak. Kontrara, Confebaskek bere ahultasun komunikatiboa, etikoa eta politikoa agerian utzi dituela salatu du.

Ohartarazpen argia bidali dio Arroyok patronalari: “Gutxieneko soldataren aldarrikapenari eutsiko diogu, bai orokorrean, baita sektore eta enpresa bakoitzean ere. Gatazka gehiago eragingo ditugu datozen hilabeteetan. Euskal Herrian ez da bake sozialik izango. Euskal Herrian borroka sindikala hauspotzera goaz. Sektore prekarioenak sindikalizatzera goaz. Emakume* langileek pairatzen duten soldata arrakala borrokatzera goaz. Langile migratuen esplotazioa salatzera goaz”.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

“Barraskilo operazioa”: Nafarroako Gobernuak errepresioaren eta grebalarien zigorraren alde egin du, lantokietan grebarako eskubidea urratu izanaren aurrean beste alde batera begiratzen duen bitartean

Barraskilo Operazioan parte hartu genuenok, isunak eta errepresioa salatzen ditugu, martxoaren 17an Euskal Herrirako 1.500 euroko LGSren aldeko greba orokorraren testuinguruan egindako ekintza baketsu batengatik.

Babestutako Etxebizitzak esleitzeko kupo berriekin, Denis Itxasok sozialki injustua den eredua ezarri nahi du

Etxebideren araudia aldatzeko prozesuan da Itsasoren gidaritzapeko saila, eta sustapen bakoitzeko etxeen %30 gorde nahi du 20.000 eta 46.000 euro arteko diru-sarrerak dituzten eskatzaileentzat. Etxebiden izena emanda duten 110.000 herritarren %70 diskriminatuko du araudi berriak.

Ez dugu sinatu Gipuzkoako pastelgintzaren eta gozogintzaren hitzarmen kolektiboaren aurreakordioa

2024-2026 iraunaldia izango duen akordioak ez die erantzuten sektoreko langileen benetako beharrei, eta ez ditu behar bezala jasotzen negoziazioan planteatutako aldarrikapenak.