Langabezia tasa %7,1ra jaitsi da Hego Euskal Herrian. Pasaden urtean baino 6.300 langabetu gutxiago daude eta 29.900 langile gehiago lanean. Egoera hori izanik, deigarria da aktibitate tasa oso baxu egotea (%56,25), aktibo modura dauden langile kopurua igo arren (23600), biztanle kopuruak gehiago egin duelako gora gertatzen dena.Â
Azken hiruhilekoan, ordea, langabeziaren beheranzko joera mantendu arren (%3,57 egin du behera langabetuen kopuruak), aktibo dauden langileen kopurua jaitsi egin da (3700 langabe gutxiago – 2200 langile gehiago lanean – baina 1600 aktibo gutxiago). Gertatzen dena hobe ulertzeko, sexu-generoari erreparatu behar diogu. Emakumeen artean langabezia igo da (13600 langabetu gehiago) eta emakume langile gutxiago daude lanean (11000 gutxiago); gizonezkoen artean, aldiz, langabetu gutxiago daude eta langile gehiago. Izan ere, udaldian datuek argi uzten dute sektore feminizatuetako ezegonkortasun zein prekarietatea, emakumeek dituzten lan baldintza kaxkarren ondorioz, lan kontratua eteten baitzaie.
Azken urtean, emakumeen langabezia tasa %8,6ra igo da (6200 emakume gehiago lanean – 12300 emakume langabezian), gizonen artean %5,6ra jaitsi den bitartean (23900 emakume gutxiago lanean – 18700 langabetu gutxiago). Aktibitate tasari dagokionean, gizonek emakumeek baino aktibitate tasa altuagoa dute (%59,73 eta %52,97 hurrenez hurren), ia emakumeen erdia lan merkatutik kanpo kokatuz.
Udaldian agerian gelditzen den prekarietate zein ezegonkortasunak gazte zein langile migratuengan ere inpaktu zuzena du. Izan ere, gazteen langabezia tasa %20,9ra eta langile migratuena %18,8ra jaitsi dira, udako aldi baterako kontratazioen ondorioz. Epe luzez lan bila dauden langileen tasa %34,3ra jaitsi da udako kontratuen ondorioz.
Kontratu mugagabe eta behin-behinekoen proportzioa (%82,4 eta %17,6 hurrenez hurren) zertxobait aldatu bada mugagabeak igoz, emakumeen biak jaitsi dira, gizon eta emakumeen arteko arrakala mantenduz emakumeen artean behin-behineko kontratuak gora egin duelako (%20,2 emakumeen artean, %15,1 gizonen artean). Izan ere, langile kopurua igo den arren, emakumeen artean kontratu gutxiago sinatu dira (14100 gutxiago), gizonezkoen artean baino (19800 kontratu gehiago).
Jardunaldiari dagokionean, azken urtean jardunaldi partzialean lan egiten dutenen proportzioa %14,8ra handitu da (azken hiruhilekoan jaitsi arren) eta 10800 langile gehiago daude lan-jardun mota honekin. Gizon eta emakumeen artean arrakala handia dago, emakumezkoen artean jardunaldi partziala %22,7koa den bitartean, gizonezkoen artean %7,5era jaitsi baita.
Lan munduan egiturazkoa den prekarietate zein ezegonkortasunaren aurrean, langile klase osoarentzat onuragarria eta langile guztien lan baldintzetan inpaktu positiboa izango lukeen Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren igoera ezinbestekoa bilakatu da. Izan ere, arrakalak handitzen ari dira eta enpleguak soilik ezin du bermatu diru-sarrera nahikorik bizitza duina bermatzeko. LGS-ren igoera ahalbideratzeko borroka fase luzea burutzen ari gara LAB sindikatua osatzen dugun kideok beste eragile zein sindikatuekin batera. Gaurko langabezia datuek marrazten duten errealitatea ikusita, beste behin ere, Confebask patronalaren eta instituzioen jarrera irmoki salatzeko aprobetxatu beharrean gaude, ez baita zilegia LGS-ren igoera negoziatzeari patronalak emandako ezezkoa edota Eusko Jaurlaritzak HEL-aren aurka aurkezturiko kontrako Informea. LAB sindikatuak prekarietate zein ezegonkortasun egoerei aurre egin eta mobilizazioak indartuko ditu posizioak mugiarazi eta ahalik eta babes handiena eskuratzeko.Â

