2026-03-16
HomeEkintza PolitikoaGarbiñe Aranburu, LABeko koordinatzaile orokorra: “Palestinaren alde egotea Trump, Netanyahu eta enparauen...

Garbiñe Aranburu, LABeko koordinatzaile orokorra: “Palestinaren alde egotea Trump, Netanyahu eta enparauen aurka egotea da; sionismoari, autoritarismoari eta faxismoari aurre egitea”

Bilboko manifestazioan parte hartu du Garbiñe Aranburuk eta honakoa adierazi du hedabideen aurrean egindako adierazpenetan: 

“Gaurkoa elkartasun internazionalista adierazteko ariketa erraldoia izaten ari da. Milaka langile kalean, lanuzte eta mobilizazio egun arrakastatsua. Euskal langileok berriro argi utzi dugu Palestinar Herriarekin gaudela. Palestinako egoerak mobilizatzen eta eremu guztietan presio egiten jarraitzea eskatzen du:

Batetik, su-etena gauzatzeko, eta, Israelek beste behin ere adosturikoa ez betetzeko tentaziorik izan ez dezan. Israelek eraso oro bertan behera uztea eskatzen dugu, horrek lagundu behar du muturreko egoeran bizi diren Gazako herritarren gosetea arintzen eta Gazako hondamendiari aurre egiten, azken batean, Gazako herritarren egunerokoa hobetzen.

Bestetik, Palestinako Herriak, Jordan ibaitik Mediterraneo itsasora, aske izateko eskubidea du. Konponbide integrala aldarrikatzen dugu: presoen etxeratzea, hala nahi duten errefuxiatuen itzulera; Palestinako Herriaren okupazioaren eta kolonizazioaren amaiera eta autodeterminazio eskubidea egikaritzea eskatzen dugu. 

Era berean, Palestinako langileen lan eta bizi baldintzei ere erreparatu nahi diegu, Gazan txikizioa da nagusi eta gutxieneko bizi-baldintza duinak ez dira ziurtatzen. Horrekin batera, ez dezagun ahaztu Cisjordaniak bizi duen kolonizazioak ondorio oso kaltegarriak dituela hango langile klasearentzat, eta palestinar langileak lan eta bizi prekario batera kondenatzen dituela.

Honengatik guztiagatik, genozidioaren erantzuleak epaitzea eskatzen dugu eta Israel isolatu egin behar dela diogu:

Ezin dugu ahaztu Palestinar herriaren aurkako genozidioa izan dela, Israelgo Estatu genozidak gizateriaren kontrako krimenak burutu ditu, eta erantzuleak ezin dira zigorgabe geratu.

Israeli eremu guztietan boikota egin behar zaio. Israelekin harreman sindikal, instituzional eta komertzial oro eten behar da. Genozidio eta kolonizazioaren kontura ezin da negoziorik egin eta gaurkoan patronalak duen arduran jarri nahi dugu arreta bereziki. CONFEBASK eta CENi eskatzen diegu posizio argi bat har dezatela eta enpresak interpelatu ditzatela, enpresei eskatu behar diete Israelekin dituzten konpromisoak errebisatzeko, Israelekin negoziorik ez egiteko.

Gaurko arrakasta baliagarri izan da etorkizunean ere Palestinar Herriaren aldeko elkartasuna eta konponbideak eskatzen jarraitzeko indar berriak biltzeko, jarraituko dugu presio egiten. 

Palestinaren alde egotea Trump, Netanyahu eta enparauen aurka egotea da, sionismoari, autoritarismoari, faxismoari aurre egitea. Faxismoa pairatu duen herria da gurea. Hainbatetan aldarrikatu izan dugu, ez dira pasako! Eta gaur Palestinari buruz gauza bera esaten dugu, Palestinatik ez dira pasako. Gora Palestina askatuta!”. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Etxeko eta zaintza langileak ere grebara!

Etxeko langileen hainbat elkartek, Denon Bizitzak Erdigunean plataformak eta martxoaren 17ko greba orokorraren deitzaileek (LAB, ELA, Steilas,Etxalde eta Hiru) agerraldia egingo dute Bilbon, greba...

Tubos Reunidosen, duintasunak, koherentziak eta klase-borrokak irabazi dute xantaiaren, mehatxuaren, beldurraren eta posibilismoaren aurrean

Gaur argi geratu da Tubos Reunidosen EREari buruz ez dela inolako akordiorik egon. Kontsulta-aldia astelehenean akordiorik gabe amaitu zela defendatzen genuenok zein luzapena proposatzen...

SIDENORen EZKUTUKO KALERATZERIK EZ! Lanpostuen defentsan borrokan jarraituko dugu

SIDENOR ACEROS ESPECIALES SLU-ko lan zentroetako LABeko ordezkariak bildu dira gaur agerraldi batean: Basauri, Azkoitia, Gasteiz eta Legutioko lantegietakoak, hain zuzen. Gure helburua bikoitza...