Hego Euskal Herrian 135.349 herritar daude langabezian, aurreko urte zein hilabetearekiko behera egin duen kopurua. Hauetatik erdia baino gehiago emakumea da, %59,19 hain zuzen ere.
Azken urtean, langabeziak behera egin du sektore guztietan, industrian izan ezik; izan ere, sektore honetan 173 langile gehiago daude lan bila. Aurreko enplegurik gabekoen artean ere langabezia jaitsi arren, langabetuen %12,68 dira. Aurreko hilabetearekiko alderaketa eginez, sektore guztietan jaitsi da langabetuen kopurua. Nabarmentzekoa da zerbitzuen sektorean 2.278 langabe gutxiago zenbatu direla. Irailean aldizkako kontratu finkoak %3 izatera pasa dira, uztailean %2 ziren bitartean. Datu hauen atzean kontratu mota honen erabilera maltzurra ezkutatzen da. Izan ere, udan baja hartu ondoren, kontratu mota hau duten langileek alta hartu dute irailean (ostalaritza, ikastetxeetako garbitzaileak edota jantokietako hezitzaileak, kasu). Beraz, sektore feminizatuetako lan baldintza prekario zein ezegonkorrak iraunarazteko baliatzen ari dira aldizkako kontratu finkoak, prekarietate egoera lan merkatuan sendotuz.
Era berean, uda bukatuta, behin-behineko kontratu prekarioak behera egin dute eta migratzaileen artean langabeziak gora egin du, bereziki zerbitzuen sektorean. Bestalde, gazteen artean afiliazioak behera egin du oso nabarmen (25 urtetik beherakoen artean 5.237 afiliatu gutxiago daude), uda bukatuta ikasketetara bueltatzeagatik.
Industria sektoreak bizi duen egoera ezegonkorra datuetan atzematen hasi gara. Izan ere, alde batetik, iazko urtean baino langabetu gehiago daude, eta bestalde, afiliazio kopuruak gora egiten duen arren, joera lausotu egin da. Azkenaldian salatzen ari garen bezala, ERTE kopuruak gora egiten ari dira industrian. Egoera honek langabezian eraginik ez duen arren (langileak kontratupean jarraitzen dutelako), gero eta enpresa gehiagok ERTE egoeratik ERE-ra salto egiten ari dira. LAB sindikatuak alarma gorriak piztu nahi ditu, egoera kezkagarria baita eta hainbat eskualderen etorkizuna baldintzatu baitezake, gure herrian inpaktu zuzena izateaz gain. Hori dela eta, politika industrial eraginkorra martxan jartzea lehentasunezkoa dela aldarrikatzen dugu.
Langabeziaren joera beheranzkoa izan arren, prekarietatearena goranzkoa izaten jarraitzen du. Enplegua eduki arren, Hego Euskal Herriko ia bi langiletik bat prekarietate egoeran bizi da, bizi baldintza duina bermatzeko diru-sarrera nahikorik gabe. Datuen azterketa honetatik baieztapen hau konfirmatzen duten ondorioak ere ateratzen ditugu:
- Zerbitzuen sektoreak gero eta pisu handiagoa du lan merkatuan: afiliazioaren %73,69 zerbitzuen sektorekoa baita, industria sektoreko afiliazioa %21,39 den bitartean. Azken urtean sorturiko afiliazioaren %86,39 zerbitzuen sektorekoa izan da.
- Emakumeen lan baldintzak prekarioenak egiturazkoak dira. Lau emakumetik batek lanaldi partziala izaten jarraitzen du (%24,9), gizonen artean hamarretik batek duen bitartean (%11,3). Lanaldi osoaren kasuan, proportzioak alderantziz dira: gizonen %78,7k jardunaldi osoko kontratua dute, emakumeen artean %57,5 besterik ez, nabarmen baxuagoa.
- Udako epealdia lan baldintza prekarioetan sakontzeko baliatzen da, eta horretarako Espainiako estatuan egindako lan erreformek ahalbideturiko tresnak erabiltzen dira: uda amaituta, batetik, aldizkako kontratu finkoak nabarmen gora egiten dute, eta bestetik, behin-behineko kontratu kopurua behera doa.
Egoera honen aurrean, langile klase guztiarentzat onuragarria izango den Lanbidearteko Gutxieneko 1.600 €-ko Soldata aldarrikatzen dugu. 138.495 sinadura bildu ditugu denbora gutxian, euskal langile herriaren babes argia islatzen duena. HEL martxan dugu eta duela egun gutxi Confebask-en kontziliazio eskaera erregistratu dugu, gaiarekiko duen ardurari muzin ez egiteko. Beraz, borrokan jarraitzen dugu langile klase osoaren lan eta bizi baldintzak hobetuko dituen eredu berri baten norabidean.

