2026-07-29
HomeEkintza SindikalaLAB sindikatuak Serunion enpresak El Regato ikastetxeko jangelako langileak kriminalizatu izana salatzen...

LAB sindikatuak Serunion enpresak El Regato ikastetxeko jangelako langileak kriminalizatu izana salatzen du, bazkarian elementu arrotzak aurkitu ostean

LAB sindikatuak publikoki salatzen du Serunion enpresaren jarrera, El Regato ikastetxeko jangelako langileak kriminalizatzeko hautua egin baitu, 2025eko irailaren 16an, bazkarian elementu arrotzen (balizko gorgojoen) presentzia atzeman ondoren.

LABek onartezintzat jotzen du, El Regato Ikastetxean zerbitzua kudeatzen duen enpresa gisa duen erantzukizuna bere gain hartu beharrean, Serunionek jangelako begiraleei errua botatzea erabaki izana, fokua katearen une ezberdinetan jarri beharrean, eta ez bakarrik begiraleek janaria zerbitzatzen duten unean.

Hau ez da kasu isolatu bat. 2024an, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Serunionekin zituen kontratuak bertan behera utzi behar izan zituen sare publikoko hainbat jangeletan, hain zuzen ere, antzeko irregulartasunengatik. Arazo horiek behin baino gehiagotan gertatu izanak erakusten du enpresaren aldetik kontrol eta zorroztasun falta larria dagoela, eta oraindik ere onura ekonomikoa lehenesten duela, zerbitzuaren kalitatearen eta ikasleen segurtasunaren gainetik.

LAB sindikatutik gure babes eta elkartasun osoa adierazi nahi diegu Barakaldoko El Regato ikastetxeko jangelako langileei. Onartezina da elikagaien hornikuntza-katean hutsuneak daudela erakusten duen gertaera bat langile horien aurkako seinalatze- eta presio-kanpaina bihurtzea.

Era berean, eskumena duten erakundeei exijitzen diegu Serunionen jarduna zorrotz fiskaltzea eta bermatzea jangela zerbitzuaren kalitatea ez dela enpresaren onuraren aurretik jartzen.

LABek bere konpromisoa berresten du lan eskubideen defentsan, ikastetxeetako jangeletako lanaren duintasunean eta elikadura segurtasunean. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Alegazioak aurkeztu dizkiogu Barakaldoko Udalaren 2026ko aurrekontuari, zerbitzu publikoen eta udal langileen defentsan

Barakaldoko Udalaren gobernu taldeak (EAJ-PSE) aurkeztutako 2026rako Aurrekontu Orokorren proiektuaren aurka lerrokatu da sindikatua. Udal-antolamenduari, lan-osasunari eta zerbitzu publikoak emateari eragiten dieten funtsezko gaietarako aurrekontu-partidarik ez dagoelako edo nahikoa ez dagoelako aurkeztu ditu alegazioak.

Kaleko afari solidarioak babesteko gaur arratsaldean Donostian egingo den mobilizazioan parte hartzera dei egiten dugu

LABek irmoki salatzen du Donostiako Jon Insausti alkate jeltzaleak udalaren izenean Kaleko Afari Solidarioak (KAS) debekatzeko hartutako erabakia, bidegabea delako Donostian egoera zaurgarrian bizirauten duten lagun askok egunean bermatua duten otordu bakarra ukatzea.

LABek, SATSEk, ELAk, CCOOk eta UGTk greba eta mobilizazioei ekingo diegu, Osakidetzak kolektibo guztien lan-baldintzak hobetu ditzan eskatzeko

Gehiengo sindikaletik ohartarazi dugu medikuen kolektiborako sinatutako akordioak ez dituela jorratzen fakultatiboen eta euskal osasun publikoaren egiturazko arazoak, eta lan-baldintza onik gabe kalitatezko zerbitzu publikorik ez dagoela defendatu dugu. Mobilizazio horiek profesionalen taldearen aldeko apustua egiten dute, eta aldarrikatzen dute hobekuntzak kategoria guztietarako lortu behar direla, negoziazio kolektiboko organo legitimoak errespetatuz.