2026-11-02
HomeEkintza SindikalaLABek eskatzen du suhiltzaileen zerbitzuaren kanporatzea gelditzea Nafarroako Volkswagenen

LABek eskatzen du suhiltzaileen zerbitzuaren kanporatzea gelditzea Nafarroako Volkswagenen

LABek Nafarroako Volkswageni exijitzen dio suteen aurkako babes-zerbitzuaren antolaketarako akordioa guztiz betetzea, kanporatzea etetea, brigada bakoitzeko bost suhiltzaile bermatzeko adina langile kontratatzea eta detektatutako beharretara egokitutako baliabide teknikoak eta prestakuntza ematea.

Nafarroako VW-ek suhiltzaileen zerbitzua berehala kanporatzea erabaki du, eta Batzordeari proposatu dio indarrean dagoen akordioa aldatzea. Akordioak ezartzen du suhiltzaileak enpresako langileak direla, kanpoko enpresen parte-hartzerik gabe. Enpresaren arabera, akordioa behar bezala ez delako bete hartzen dute neurria. Bi auditoria gainditu ez izanaren arriskuak eta Lan Ikuskaritzaren ebazpen bat bete behar izatea jartzen dute aitzaki.

Suhiltzaileen kolektiboa Nafarroako VW plantillakoa da 2017tik epai judizial baten ondorioz, langileak legez kanpo lagatzeagatik epaitegira jo eta haien eskubideak aldarrikatzeko demanda irabazi ondoren. “Suhiltzaileen zerbitzuaren kanporatzea mendeku ekintza argia da Volkswageneko Zuzendaritzaren aldetik epaitegian koloreak atera zizkietelako langileek”, salatu du LABek.

Bost suhiltzaileko bost brigadek osatzen dute zerbitzua, 12 orduko txandetan. LABen arabera, egun batzuetan suhiltzaile bakarra egon da txanda bakoitzean, Nafarroako VW uko egin diolako bitarteko langileak kontratatzeari, nahiz eta enpresako beste sail batzuetan ohikoa den hori egitea. Gainera, sindikatuak kritikatu du Giza Baliabideetako Zuzendaritzak ausentismo maila altua argudiatu duela kolektiboan, gaur egun lantegiko gainerakoen antzekoa denean eta urtetan azpitik egon denean.

Volkswageneko Giza Baliabideen Sailaren arabera, suhiltzaileen zerbitzua eredugarria izatetik, Nafarroako Gobernuko 400 suhiltzailerekin batera ikastaroak eginda, enpresa eta bertako langileak arriskuan jartzera pasatu da hiru urtetan. LABek adierazi duenez, Giza Baliabideetako Zuzendaritzaren jokabidea “zekena eta zitala da; akordioa urratu dute eta honen ondorioak inolako erantzukizunik ez duen suhiltzaileen kolektiboari leporatu nahi dizkiote”. Langile, prestakuntza eta tresna falta enpresaren ardura dela defendatu du sindikatuak, kanporatzeak zerbitzuaren segurtasuna eta eraginkortasuna mehatxatzen dituela azpimarratuz.

Lan Ikuskaritzak Nafarroako Volkswageni soilik adierazi dio orain arteko akordioa eta bere autobabeserako plana bete ditzala, bestelako neurririk hartu gabe. LAB sindikatua, akordioaren sinatzaile eta akordioa ez betetzearen salatzailea, kezkatuta dago neurri honek suposatzen duen aurrekariarekin, zerbitzuen kanporatzeak beste kolektibo batzuetara zabaltzea eragin dezakeelako, hala nola, nominak, mantenua, prentsa tailerra, formazioa edo logistika.

LABek langileen eskubideen aldeko konpromisoa berresten du eta Nafarroako Volkswageni eskatzen dio bermatu dezala suhiltzaile zerbitzu segurua, profesionala eta bere lana betetzeko behar bezain beste baliabideak dituena.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Osakidetzako langileek irmoki erantzun diote greba deialdiari, eta kaleak bete dituzte lehenengo greba egunean

Eguerdiko manifestazioek milaka pertsona bildu dituzte, osasun zerbitzuko kategoria guztietako beharginak eta osasungintza publikoa babesteko herri plataformetako kideak eta herritarrak barne.

Osakidetzako grebaren baitan Osasun Sailean eserialdia egin dugu

Bilboko egoitzan ekimena egin dugu goizean, eta Alberto Martinez sailburuari eskutitza helarazi ahal izan diote haren idazkariaren bitartez. Greba eguna oso arrakastatsua izaten ari da....

Nafarroako administrazioko langile guztiek 60 urterekin erretiroa hartu ahal izatea eskatu dugu

Gaur goizean LAB sindikatuak elkarretaratzea egin du Nafarroako Jauregiaren aurrean, urtarriletik aurrera langileok enegarren eskubide-igalera pairatuko dugula salatzeko: erretiro adin arrunta 67 urtera atzeratzea....