2026-07-29
HomeEkintza SindikalaELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde eta HIRU sindikatuek Gutxieneko Soldata propioaren afera...

ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde eta HIRU sindikatuek Gutxieneko Soldata propioaren afera dela eta Confebask demandatzeko lehen urratsa eman dugu

Kontziliaketa eskaera erregistratu dugu Confebaskek patronal gisa dituen ardurei uko egin izana agerian utzi eta negoziatzeko eser dadin behartzeko; Eusko Jaurlaritzari bitartekari lanak egiteko eskatzen diogu

ELA, LAB, Steilas, ESK, HIRU eta Etxalde sindikatuek Hego Euskal Herrian gutxieneko soldata propioa izatea aldarrikatzen dugu. Gutxieneko soldata tresna garrantzitsua da pobreziari aurre egiteko, prekaritatea mugatzeko, aberastasuna modu justuagoan banatzeko eta soldata arrakalei aurre egiteko.

Horretarako, bi bide jorratzen ari gara:

Lanbidearteko akordioa: Bertako eskumenen baitan proposatu da, baina Confebaskek eta CENek (eta Nafarroan CCOOk eta UGTk) uko egin diote.

Herri ekimen legegilea: Langileen Estatutua aldatzea eta autonomia erkidegoek gutxieneko soldata propioa ezarri ahal izatea proposatu dugu. 138.495 sinadura lortu ditugu helburu horrekin.

Sinadura horiek alderdi politikoak eta Legebiltzarra interpelatzen dituzte Herri Ekimen Legegileari (HEL) bide emateko. Aldi berean, patronalari ere zuzentzen zaizkio: herri baten borondatea adierazten dute, eta patronalak ezin du eskaera sozial masibo horren aurrean entzungor egin.

Confebaskek, ordea, uko egin dio elkarrizketari eta negoziazioari, gehiengo sindikal zabal batek eskatutakoa baztertuz. Horregatik, gaur, 138.495 sinadurek ematen diguten zilegitasuna baliatuz, Confebask negoziazio-mahaian eseri ez izana juridikoki salatzeko lehen urratsa eman dugu. Hain zuzen, bere negoziatzeko betebeharra galdatuko dugun gatazka kolektiboaren lehen pausua eman dugu, kontziliazio eskabidea erregistratu berri dugu. Langileen Estatutuaren azken aldaketen ondoren, EAEn sinatutako hitzarmen eta lanbidearteko akordioek lehentasuna dute eta horrek eragiten du patronalek negoziatzeko legezko betebeharra izatea. Confebaskek negoziaketa berriak irekitzeari sistematikoki uko egiten dio, Espainiako lan baldintza kaskarren araberako lan merkatua desiratzen duelako. 

Patronalak bere ardura hartu behar du, eta milaka langilek eskatzen duten bezala, gutxieneko soldata propioaren negoziazioei heldu behar die. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak pauso bat gehiago eman dezakeela uste dugu: gaur erregistratutako kontziliazio eskaeran bitartekari lanak egin ditzala eskatzen diogu, eta bere esku dagoen guztia egin dezala patronala eseri eta negoziazioei heltzeko.

ELA, LAB, Steilas, ESK, HIRU eta Etxalde sindikatuok lanean jarraituko dugu gutxieneko soldata propioaren alde: bidezkoa delako, beharrezkoa delako eta milaka sinaduren babesa eta mandatua dagoelako.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Alegazioak aurkeztu dizkiogu Barakaldoko Udalaren 2026ko aurrekontuari, zerbitzu publikoen eta udal langileen defentsan

Barakaldoko Udalaren gobernu taldeak (EAJ-PSE) aurkeztutako 2026rako Aurrekontu Orokorren proiektuaren aurka lerrokatu da sindikatua. Udal-antolamenduari, lan-osasunari eta zerbitzu publikoak emateari eragiten dieten funtsezko gaietarako aurrekontu-partidarik ez dagoelako edo nahikoa ez dagoelako aurkeztu ditu alegazioak.

Kaleko afari solidarioak babesteko gaur arratsaldean Donostian egingo den mobilizazioan parte hartzera dei egiten dugu

LABek irmoki salatzen du Donostiako Jon Insausti alkate jeltzaleak udalaren izenean Kaleko Afari Solidarioak (KAS) debekatzeko hartutako erabakia, bidegabea delako Donostian egoera zaurgarrian bizirauten duten lagun askok egunean bermatua duten otordu bakarra ukatzea.

LABek, SATSEk, ELAk, CCOOk eta UGTk greba eta mobilizazioei ekingo diegu, Osakidetzak kolektibo guztien lan-baldintzak hobetu ditzan eskatzeko

Gehiengo sindikaletik ohartarazi dugu medikuen kolektiborako sinatutako akordioak ez dituela jorratzen fakultatiboen eta euskal osasun publikoaren egiturazko arazoak, eta lan-baldintza onik gabe kalitatezko zerbitzu publikorik ez dagoela defendatu dugu. Mobilizazio horiek profesionalen taldearen aldeko apustua egiten dute, eta aldarrikatzen dute hobekuntzak kategoria guztietarako lortu behar direla, negoziazio kolektiboko organo legitimoak errespetatuz.