2025-12-05
HomeEkintza SindikalaEuskal gehiengo sindikalak bat egin du Pentsiodunen Mugimenduak irailaren 20 eta 25erako...

Euskal gehiengo sindikalak bat egin du Pentsiodunen Mugimenduak irailaren 20 eta 25erako deitutako mobilizazioekin, LGS pareko gutxieneko pentsioaren alde

LAB, ELA, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiruk galdegin diete EAJri eta PSEri ez dezatela eragotzi 144.000 herritarrek baino gehiagok sostengatu duten eskaria, eta salatu dute bi alderdi horiek txosten juridiko bat hartu dutela aitzakiatzat 90.000 pentsiodun pobrezian iraunarazteko. Garbiñe Aranburu Koordinatzaile Orokorrak hartu du parte gaur goizean egindako agerraldian.

Bost hilabetez Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak lanean jardun du babesa biltzeko Herri-Ekimen Legegilearen (HEL) baten alde. HELaren xedea, gutxieneko pentsioa EAEko gutxieneko soldatarekin parekatzea. Ekinbide honek sostengu zabala izan du; hala adierazten dute jasotako 144.000 sinadura baino gehiagok. Euskal gehiengo sindikalak prozesu honekin bat egin du, baita bere ekarpena egin ere.

Milaka sinadura horiek Legebiltzarrera iritsitakoan Eusko Jaurlaritzak HEL hari buruzko txosten tekniko ez-lotesle bat egin behar zuen, eta hau ekinbidearen kontrakoa izan da. Sindikatuok uste dugu txostena ez dela ez teknikoa, ez juridikoa; aldiz, kutsu politikoa duen dokumentu bat da, eta honek islatzen du Eusko Jaurlaritza osaten duten alderdiek ez daukatela inolako asmorik pentsiorik apalenak jasotzen dituen jendeari erantzun bat emateko.

Horrenbestez, EAJk eta PSEk Legebiltzarrean izan beharreko eztabaida galarazi nahi dute, ez baitute borondaterik ekinbidea tramitera onartzeko ere. Berez irailaren 25ean bozkatuko da Gasteizko parlamentuan izapideak hasi ala ez; horregatik, alderdi politikoei eskatzen diegu herritarren halako babes handia izan duen egitasmoaren alde bozka dezaten. Hau kontu demokratiko bat da. Legebiltzarrean ez onartzeak esan nahiko luke euskal jendarteari ukatu egiten zaiola behar duen babes sozialeko ereduaren inguruko eztabaida eta erabakia.

HEL hau tramitera onartu ezean langileria guztiaren kalterako izango da, baina batik bat emakume pentsiodunen kalterako, hauek jasotzen baitituzte zahar-saririk txikienak: Euretako askok, hilean ezta 700 euro ere. Pentsioetan emakume eta gizonen arteko arrakala % 40 ingurukoa da. EAJk eta PSEk txosten honekin agerian utzi dute zaintza-lana ez dutela aintzat hartu nahi: milaka emakumeren pentsioak oso kaskarrak dira ingurukoak zaintzen egin dituzten lanen ondorioz lan-merkatuan ezin izan dutelako aurrera egin.

HEL hau aurrera ateraz gero emakume eta gizon pentsiodunen arteko desberdintasuna leunduko litzateke, pentsiorik apalenak LGSarekin parekatuko bailirateke. Egun 90.000 pentsiodunen sarrerak -gehienak emakumeak- LGStik beherakoak dira. Haatik, kolektibo horretan Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta 15.000 lagunek besterik ez dute jasotzen. Beraz, argi dago DSBE ez dela tresna baliagarria pentsiodunek sarrera nahikoak izan ditzaten.

Hori dela eta, euskal gehiengo sindikalak bat egingo du Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak deitu dituen mobilizazioekin, hilaren 20an Bilbon, Donostian eta Gasteizen, eta 25ean Arabako hiriburuan, euskal alderdiei galdegiteko gutxieneko pentsioen osagarriaren alde bozka dezatela.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek irmo salatzen du Donostiako Martutene auzoan 111 lagun kale gorrian utzi izana

Herritar orok bizitza bizigarria izateko duen eskubidea gogoratu du LABek, hori bermatzeko eskatu die instituzioei, eta horren alde antolatzeko deia ere egin du. Donostian...

Eusko Jaurlaritza: bermatu beharrezko finantzaketa unibertsitate publikoari! Legebiltzarreko alderdi politikoak: irmo defendatu EHU!

Gaurko lanuzte eta elkarretaratzea aste honetan EHUko campusetan garatutako mobilizazioetako laugarrena da, eta jarraipena ematen dio beharrezko finantzaketa lortzeko aldarrikapenari. Izan ere, Eusko Legebiltzarrean 2026ko...

Nafarroako langileriaren lan eta bizi baldintzak: bi nafarretik batek prekarietate egoeran bizitzen jarraitzen du

Nafarroan batez besteko soldata igo da azken urtean, baina desberdintasun sozial zein pobrezia egoerak handitzen ari dira. Hortaz, sortzen den aberastasuna gero eta modu...