LABek Sidenorri eskatu dio argitzeko ea Israelgo industria militarrarentzat lan egiten duen, eta, hala balitz, lehenbailehen hori egiteari utzi eta Israelgo industria militarrarekin harreman oro eteteko. Bi eskari horietakoren bati asteazkena baino lehen erantzun ezean, LABek ekintza sindikala abiaraziko du.
Pasa den astean, hainbat hedabidek jakinarazi zuten Sidenor enpresak Israelgo industria militarrarentzat lan egiten duela. Gertakari horren larritasuna kontuan hartuta, LAB sindikatuak Enpresa Batzordearen ezohiko bilera deitu zuen, bi eskaera egiteko asmoz: alde batetik, argitaratutako informazioa baieztatzea, eta bestetik, Israelgo industria militarrarekin harreman oro etetea.
Hala ere, UGT, CCOO, USO eta ordezkari independenteek uko egin zioten bilera horretan parte hartzeari, adieraziz gai politikoa zela eta ez zela sindikatuen ardura. Ondorioz, LAB, ELA eta ESK sindikatuok baino ez gintzaizkion enpresari zuzendu, eta aipatutako bi eskaerak helarazi genizkion, horiek betetzeko astebeteko epea ezarriz. Epe hori asteazken honetan amaitzen da, eta LABen ustez, enpresak ez badie eskaerei erantzuten, Sidenorren aurkako neurri sindikal sendoak hartzeko unea izango da.
Hedabideetan plazaratutako informazioa egiaztatuko balitz, Sidenor egoera oso larrian legoke, eta nazioarteko legediaren arabera, enpresa genozidio baten konplize izateagatik salatua izateko arriskuan egon liteke.
Sindikatuon ustez, egoera honek ardura etiko eta juridiko zuzena dakar. Batetik, gure konpromiso etikoak Palestinaren aurkako genozidioa salatzera eta genozidioarekin kolaboratzen duten eragileak publikoki salatzera behartzen gaitu. Bestetik, nazioarteko auzitegi batek Israelgo agintarien aurkako prozedura penala abiarazi duela kontuan hartuta, gerra makinaria hornitzen duten enpresek ondorio penalak jasan ditzakete. Horregatik, Sidenorrek ez baditu gure eskaerak betetzen asteazkenerako, ekintza sindikala aktibatuko ditugu. Era berean, gainerako sindikatuei dei egiten diegu elkarlanean aritzeko eta erantzun sendo eta bateratua emateko.
Bestalde, Sidenorrek Israelgo industria militarrarekin harremanak baditu eta horiei eusten badie, Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari eskatzen diegu neurriak har ditzatela. Enpresak instituzio publikoengandik jasotzen dituen laguntza ekonomiko guztiak baldintzatu behar dira Sidenorrek bere jarrera zuzendu arte. Genozidio baten kontura negozio egitea ez da zilegi, eta administrazioek ezin dute jarrera horren konplize izan.
Azkenik, LAB sindikatuak dei egiten die langileei eta herritarrei datozen egunetan Sidenorren aurkako mobilizazioetan parte hartzera, enpresari bere erantzukizunak exijitzeko eta genozidioarekin amaitzeko presioa egiteko.

