2025-12-05
HomeEkintza SindikalaLABek ez du sinatu Gipuzkoako ostatuetako hitzarmena langileen beharrei erantzun eraginkorra ematen...

LABek ez du sinatu Gipuzkoako ostatuetako hitzarmena langileen beharrei erantzun eraginkorra ematen ez dielako

Gaur sinatu dute ELA, CCOO eta UGTk eta ADEGI patronalak. Maiatzaren 15ean iragarri zuten aurrekordioa ELAk eta ADEGIk.

Nabaria da bere garai onena bizitzen ari den sektorea dela Gipuzkoako ostatuena, eta herrialdeko ekonomiari modu esanguratsuan eragiten dioten zifra historikoak lortzen ari da. Aldiz, enpresak etengabeko hazkundean dauden eta inoiz baino irabazi handiagoak jasotzen ari diren testuinguru honetan, gaur sinatutako hitzarmenak babesgabe uzten ditu langileak. Ikuspegi orokor batetik, bestelako onuraren bat tarteko, aurreakordioa KPI + %2,5-eko soldata igoerak bermatzera mugatzen bada ere, bertan jasotako bestelako edukiak ez dira nahikoak LAB sindikatuarentzat.

Dena ez da soldatara mugatzen. Egunez egun, sektoreko langileek jasaten dituzten lan-karga eta erritmoak ez dira gutxituko igoera ekonomiko esanguratsuekin. LABen ustez, honakoa da sektoreko langileek behar dutena:

> Lanaldi jaitsiera nabarmena, eta ez adostako 14 orduko jaitsiera datozen lau urteetan zehar.

> Arrisku psikosozialen ebaluazioak egiteko enpresen betebeharraz gain, eguneroko jardunak langileen eragiten dien desgastea identifikatu eta honi aurre egiteko neurriak adostu ahal izatea.

> Pisu garbitzaileen ratio planak badaudela eta hauek eraginkorrak direla bermatzea.

> Mota guztietako absentziak estaltzeko konpromisoa eta aldi baterako ezintasunak %100ean osagarritzea.

> Gutxienez hilean behin, asteko atsedena asteburuan gozatzeko aukera.

> Aldi Baterako Lan Enpresen eta azpikontraten mugapena.

> Onura sozialak, hala nola, errelebo kontratuen eskaerak onartzea, langileen eguneroko beharrak asetzeko baimen ordainduak, enpresak lan-eremu seguruak izatera bideratutako neurriak, doako mantenua, garraio-plusaren erregulazio aproposa, etab.

Guzti horiek LAB sindikatuak proposatutako edukiak dira, baina hitzarmenaren sinatzaileek alde batera utzi dituzte. Lan-ordutegiak hiru hilabeteko epearekin bermatzen saiatzeko ahalegin urria egin badu ere, enpresa guztiek ez dituzte gaur gaurkoz urteko egutegiak bermatzen eta, horren jakitun, ez dira beharrezko mekanismoak aurreikusten lan-ordutegiekin berdina gertatu ez dadin. Hortaz, LABek zalantzak ditu egutegiek eraginkortasunez beteko duten bizitza laboral eta pertsonala uztartzeko aukera.

LAB sindikatuak saiakera erreala egin du eduki guzti hauek negoziazio mahaian jorratu daitezen: aldarrikapen eta neurrien multzo propioa aurkeztu du, kolektiboaren eguneroko lan-baldintzak hobetu eta duintzera bideratuta dagoena. Aldiz, ADEGI eta ELA, UGT eta CCOOek sinatutakoarekin, LABen proposamenak albo batera uztea erabaki dute.

Gainera, hitzarmen hau lortzeko sektorean egindako dinamika zalantzagarria iruditzen zaio LABi, batez ere ELA sindikatuaren aldetik. Historikoki, greba deialdi errealekin sinatu izan dira hitzarmen kolektiboak Gipuzkoako ostatuetan eta horretarako, ekintza sindikala da giltza, langileek sortutako aberastasunaren banaketa bidezkoagoa borrokatu eta modu duinean lan egitera bideratutako neurriak eskura ditzaten. LAB sindikatuak benetan sinesten du sektoreko langileen batasuna eta ekintza sindikala zirela gakoa marko arautzaile on bat lortu ahal izateko. Benetan jakitun gara sektoreko langileen aldarrikapenak kalean babestuko lituzkeen sektore konprometitu gisa jardun izan bagenu lortu genezakeenaz? Borroka beti da bidea.

Gehiengoa duen ELA sindikatuaren konformismoak ordea, hurrengo urteetarako sektoreko enpresen lasaitasuna bermatu du, negoziazio prozesuan patronalak egindako bigarren proposamena onetsiz. ADEGI pozarren dagoen bitartean, langileak apurrekin gelditu daitezen onartu du ELAk.

Hitzarmena sinatu ez arren, sektorea eta kolektiboarekiko berezkoa duen konpromisoari eutsiko dio LABek eta enpresa eta lan-zentroetan langileak lagundu eta babestuko ditugu. Bide luzea dute aurretik sektoreko langileek, eta LAB sindikatua beraien bidelagun izango da.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Zipreko PEO zentral sindikalaren kongresuan parte hartu du LABek

Zipreren batasunaren eta autodeterminazioaren aldarrikapenarekin bat egin du Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak, Munduko Federazio Sindikaleko kide den zentral sindikalaren kongresuan. Horrez gain, sindikatuak...

Enplegu Publikoaren Legea Espainiako Auzitegi Konstituzionalera eramateko asmoak euskararen aurkako oldarraldi judiziala larriagotuko du

Euskal jendartearen eta langile publiko gehienen iritziaren aurka, euskara gazteleraren maila berean kokatzea debekatu lezake ebazpenak, eta euskara bigarren mailako egoera subsidiariotik atera ahal...

LABek irmo salatzen du Donostiako Martutene auzoan 111 lagun kale gorrian utzi izana

Herritar orok bizitza bizigarria izateko duen eskubidea gogoratu du LABek, hori bermatzeko eskatu die instituzioei, eta horren alde antolatzeko deia ere egin du. Donostian...