2026-09-25
HomeEkintza SindikalaLehen lanuzte eguna Ramondin Capsulas-en, zuzendaritzak langile guztien soldatak izozteko eta hitzarmenean...

Lehen lanuzte eguna Ramondin Capsulas-en, zuzendaritzak langile guztien soldatak izozteko eta hitzarmenean jasotako igoerak ez aplikatzeko asmoen aurrean

Gaur, erabateko lanuzteen lehen eguna izan da Ramondin Capsulas enpresan, lan-gatazka esanguratsu bati hasiera emanez. Lanuzteak erabateko jarraipena izan du ekoizpen-lerroetan, langileen batasuna eta determinazioa agerian utziz, eta eragina bulegoetan ere nabaritu da. Ramondín Cápsulas Arabar Errioxako enpresarik handienetakoa da, 400 langile inguru ditu eta Metalgrafien Estatuko Hitzarmena aplikatzen da bertan.

Langileen haserrearen jatorria zuzendaritzak soldata guztiak izozteko eta hitzarmenean jasotako igoerak ez aplikatzeko egindako proposamenean datza. Enpresak “egoera ekonomikoa txarra” dela argudiatuta justifikatu du neurria, eta, bere esanetan, langileen erosteko ahalmenari eustea eragozten dio. Hala ere, langileen artean haserrearen txinparta piztu duena izan da zuzendaritzak uko egin diola kontuak aurkezteari. Gardentasun falta horrek mesfidantza handia sortu du, eta langileek zalantzan jarri dute zein den konpainiaren benetako finantza-egoera.

Enpresaren jarrera horren aurrean, eta erosteko ahalmena ez galtzeko determinazio sendoa dutenez, langileek ekintzak areagotzea erabaki dute. Horrela, datorren astean, greba mugagabeari ekingo diote. Presio-neurri hori astearte eta ostegun guztietan gauzatuko da, eta dinamika horri enpresako zuzendaritzak jarrera aldatu arte eutsiko diote langileek. Izan ere, beren helburua da soldata bidezkoak eta egungo bizitzaren kostuari erantzungo diotenak bermatzea.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Udalhitzeko negoziazioari atea itxi diote EAJk eta PSEk, EHBilduk negoziatzen jarraitzeko borondatea agertu duen bitartean

Urriaren 8ra bitarteko epea daukate edukiak ekarri eta langileen ordezkariekin adosteko. Bestela, udal sektore osoak grebara joko du.

Greba mugagabean dauden ITASUAko langileei babesa erakusteko manifestazio jendetsua Bergaran

Dagoeneko 77 egun daramatzate greban Zarauzko eta Bergarako Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren (IAT/ITV) zerbitzuko beharginek, eta enpresa mugiarazi eta negoziazioaren blokeoa eten arte borrokan segitzeko...

LABek eta ELAk bilera eskatu diogu Pradales lehendakariari, 1.500 euroko gutxieneko soldataren alde patronalari aurre egin diezaion eskatzeko

Gutxieneko soldata Hego Euskal Herrian erabakitzearen aldeko 145.000 sinadura jaso eta greba orokor arrakastatsu bat egin ondoren, LABen eta ELAren iritziz Eusko Jaurlaritzak ezinbestean gizartearen nahiari bide eman beharko lioke eta Imanol Pradales lehendakariak lidergo argia erakutsi beharko luke patronalaren zein PSE-EEren eta EAJren betoa gainditzeko.