2026-09-11
HomeEkintza SozialaIndustria sektorearen egoera ezegonkorraren ondorioak langileok pairatzen ari gara

Industria sektorearen egoera ezegonkorraren ondorioak langileok pairatzen ari gara

Hego Euskal Herriko langabezia tasa %7,7koa izan da urteko lehen hiruhilekoan, eta 108.100 herritar dago langabezian. 2024ko azken hiruhilekoarekiko antzerako balioetan egon arren, Nafarroan kontrako joera jazo da, eta igo egin da langabezia tasa.

Langabezia lehen sektorean eta industrian igo egin da gehien, aurreko hiruhilekoarekiko zein urtearekiko, langabezia tasa %10,27 eta %3,33koa izanik hurrenez hurren. Industria sektorean aurreko hiruhilekoan baino 2.300 langabe gehiago daudela nabarmendu behar dugu, sektoreak bizi duen egoera ezegonkorraren adierazle.

Industria sektorean lan egiten duten langileen gehiengoa gizonezkoa izanik, egoera ezegonkorrak eragin handiagoa izan du azkenaldian gizonezkoen artean.

• Gizonezkoen artean, 1.100 langabetu gutxiago egon arren, lanean 8.200 gutxiago daude, langabezia tasa pasa den hiruhilekotik egonkor mantendu arren, %8an. Inaktiboen kopurua da modu nabarmenean igo dena, hauen artean 6.600 jubilatu gehiago egonik. Industria sektorean langile kopuru gero eta handiago bati eragiten dioten Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedienteek eta aurrejubilazioak ere adostu dira enpresa itxieren aurrean. Hori dela eta, gizonezkoen langabezia tasa ez da proportzio berean igo, inaktibo izatera igaro baitira.

• Esanguratsua den beste datu bat epe luzeko langabetu kopuruak izaniko beherakada izan da, pasa den urtean baino 10.600 pertsona baitago urte bete edo gehiago lan egin gabe, langabeen arteko tasa %43,20ra jaitsiz. Hala ere, azken urtean lana aurkitu dutenen kopuruak beherakada handia izan du, azken hiruhilekoan 6.300 pertsonek aurkitu baitute lana, duela urte bete 12.400ek aurkitu zuten bitartean. Egoera honen atzean, inaktibora pasa den gizonezko kopuru handia ere egon daiteke.

Egungo enpleguaren lan baldintzak aztertzerako orduan, emakumeek* lan baldintza kaskarragoak dituztela ondorioztatzen dugu. Kontratu motari dagokionean, mugagabe eta behin behinekoen proportzioa bere horretan mantentzen da (%80,6 eta %19,4). Pasa den urtearekiko, emakumeen* artean 22.700 kontratu gehiago eta gizonen artean 8.200 gutxiago sinatu arren, kontratu motaren arteko arrakalak handia izaten jarraitzen du, emakumeen* %23,6ak behin behineko kontratua duen bitartean, egoera honetan dauden gizonezkoak %15,2 baitira. Jardunaldi partzialei dagokienean, emakumeen* %26,3ak jardunaldi partziala duen bitartean, gizonezkoen artean %9,5 dira, bi kasuetan proportzioa pasa den urtearekiko igo egin delarik .

Era berean, Espainiako estatutik kanpo jaiotako langileen artean, langabezia %23,9koa da, pasa den hiruhilekotik 2,26 puntu igo delarik.

Langabezia egonkor mantendu arren, industria sektoreak bizi duen egoerak kezkatzen gaitu. Milaka langile egoera ezegonkorrean dago, mehatxupean. Industriak izan dezakeen bilakaerak sektorean eragiteaz gain, inpaktu zuzena izango du hainbat eskualde zein Euskal Herriko egoera sozioekonomiko orokorrean. LAB sindikatuak langile guztien lan eta bizi baldintza duinak lortzeko, Lanbidearteko Gutxieneko Soldata propioa eta industriaren trantsizio ekosozial justua aldarrikatzen ditu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Hezkuntza sistema eraldatzeari Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak jarritako oztopoak azaleratu ditu PISA txostenak

LABen kezkaz hartu ditugu Jaurlaritzak PISAren emaitza kaxkarren arrazoien artean hizkuntza ereduak aipatu izana. Aitzitik, euskara gaitasunak indartzeak gainerako konpetentziak hobetzea ekarriko du.

LABetik salatzen dugu bi hilabeteko geldialdiaren ondoren Eudelek ez duela proposamen berririk ekarri eta Udalhitzeko mahaia blokeatzen ari dela

Alderdi politikoen borondate politiko ezaren aurrean eragin eta mahaira edukiak ekarri ditzaten ezinbestekoa da urriaren 8an langileak grebara batzea. Bi hilabeteko udako geldialdiaren ondoren bildu...

Hauteskunde sindikaletan patronalei eta gobernuei erantzun irmoa emateko deia egin die LABek euskal langileei

Gutxieneko soldata, enpleguaren defentsa eta zerbitzu publikoak indartzea, ikasturte honetarako hiru lehentasun nagusiak. Kapitalari mugak jartzea eta birbanaketa politiken alde egitea da faxismoari eta olatu erreakzionarioari ateak ixteko biderik onena, LABen arabera.