2026-10-06
HomeEkintza SindikalaLABek Nafarroako Gobernua kritikatu du Esku-hartze Sozialeko bigarren hitzarmenaren sinatzea ez ahalbidetzeagatik

LABek Nafarroako Gobernua kritikatu du Esku-hartze Sozialeko bigarren hitzarmenaren sinatzea ez ahalbidetzeagatik

LAB sindikatuak aurreakordioa lortu zuen otsailean Esku-hartze eta Ekintza Sozialaren patronalarekin, Nafarroako bigarren hitzarmen sektoriala izan beharko lukeena sinatzeko. LABek ordezkaritza sindikalaren %70 du sektorean, eta oso positibotzat jo zuen orduan aurreakordio hura. Hala ere, une honetan LABek gogor kritikatu behar du Nafarroako Gobernuaren jokabidea, bere jarrera zikoitza dela eta sinadura gauzatzea eragozten ari baita.

Urtebete baino gehiagoko negoziazioen ondoren, LABek eta Nafarroako Esku-hartze eta Ekintza Sozialeko patronalak aurreakordioa lortu zuten sektoreko bigarren hitzarmena sinatzeko, eta horrela jakinarazi zitzaion Nafarroako Gobernuari, Gobernuaren inplikazioa komenigarria baita hura inplementatzeko. Zoritxarrez, akordioa ekonomikoki babestu beharrean, Nafarroako Gobernuak jakinarazi du ez dituela kontzertuetako moduluak eguneratuko. Horren ondorioz, patronala ez da ausartzen akordioa sinatzera, argudiatuz dirua denbora mugagabez aurreratzeak sektoreko erakundeak berak desagertzeko arriskuan jar ditzakeela.

LABen ustez, Gobernuaren jokabidea langileen aurkako eraso zuzena da, euren lan baldintzak hobetu beharrean, LAB eta UGT sindikatuek eta ANEIS patronalak sinatutako aurreakordioaren aplikazioa blokeatzea eragiten baitu.

Nafarroako Gobernuak fronte asko ditu irekita Esku-hartze Sozialaren sektorean. Batetik, dagoeneko aipaturiko hitzarmen sektorialaren sinaduraren gelditzea. Bertzetik, Gizainen (zerbitzu sozialak kudeatzeko fundazio publikoa) negoziazioa ere blokeatuta dauka. Ata ahultasun egoeran dauden pertsonak babesteko sistema bat ere kudeatzen ari da, zerbitzu sozial horien erabiltzaileen esku-hartze beharrei erantzuten ez diena. Horren erakusgarri da langileek beren lanpostuetan duten babesgabetasun handia. Izan ere, Badajozen (Espainia) gertatu zen hilketa edozein egunetan gerta daiteke hemen.

Hori guztia irauli nahi du LABek. Nafarroako Gobernuak utzi behar dio ahoa gizarte zerbitzuen gaineko harropuzkeriaz betetzeari eta zerbitzu horien gauzatzean zuzenean inplikatu behar du. Baliabide gehiago behar dira, eta hobeki erabiliak.

LABek bere eskua luzatzen die inplikatutako alde guztiei, instituzioen ardura den Esku-hartze Sozialaren eredua birpentsatua izan dadin, hau da, arlo publikotik erabiltzaileen benetako beharrei erantzun dakien. Horretarako, LABek uste du arreta zuzen horretan egunero dauden langileen ikuspuntua kontuan hartu behar dela. Horren harira, LABek elkarretaratzea eginen du bihar, apirilak 1, Nafarroako Parlamentuaren aitzinean, 11:45ean, hitzarmenaren sinadura desblokeatzeko eskatzeko. Ondoren, 12:15ean, LABeko ordezkariek lan saio batean parte hartuko dute, Nafarroako babes sozialeko sistemaren egoeraren berri emateko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Pedrosa sailburuari eskatzen diogu euskara indartzeko neurriak hartzeko, baliabide berriak ezartzeko, akordioak garatzeko eta digitalizazioaz hausnartzeko

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburua Hezkuntza Batzordean izan da gaur, azken hilabetean eztabaida publikoa eragin duten PISA azterketako emaitzen inguruko azalpenak emateko eta egoerari aurre egiteko proposatzen dituen neurriak aurkezteko. Era berean, azken ebaluazio diagnostikoaren emaitzak, hizkuntza-gaitasunen egoera eta Hezkuntza Sailak hartuko dituen neurriak izan ditu hizpide.

Gernika-Palestinak hilaren 8rako deitutako mobilizazioetan parte hartzera dei egiten dugu

Elkarretaratzeak egingo dira ostegun honetan Euskal Herriko udaletxeetan, 19:00etan. LABek bat egingo du mobilizazio horiekin eta dei egiten du, munduko herrien eta langileen aurka ari den inperialismoaren aurrean, elkartasun internazionalista areagotzera.

Estatu mailan argitaratu berri den grafikagintzako hitzarmenak Arabako eta Nafarroako sektoreko langileen prekaritatea betikotzen du

LABen beti defendatu izan ditugu Euskal Herrian lan egiteko eta erabakitzeko esparruak, hemen negoziatu eta erabakitzeak lan-baldintza hobeak lortzeko aukera emango ligukeelako.