2026-09-14
HomeEkintza SindikalaLABek FITXATU aplikazioa aurkeztu du, Bizkaiko ostalaritzan egiten diren lanaldiaren inguruko gehiegikeriak...

LABek FITXATU aplikazioa aurkeztu du, Bizkaiko ostalaritzan egiten diren lanaldiaren inguruko gehiegikeriak saihesteko

Otsailean jakin izan dugu komunikabideen bitartez Lan Ikuskaritzak Euskadiko lanaldiaren kontrolen %64an gehiegikeriak antzeman dituela. LABentzat hori ez da ezer berria.

Lanaldi partzialean dauden langileen lanaldiaren erregistroa aspalditik nahitaezkoa zen, Langileen Estatutuak jasotzen duen moduan eta 2019tik, enpresak beraien langileen lanaldiaren erregistroa egitera behartuta daude, langile guztiena, edozein izanda ere beraien lanpostua, sektorea edota enpresaren tamaina. Gainera, erregistro hori langileen zein ordezkari sindikalen esku egon behar da.

Errealitatean lanaldiaren erregistro hori ez da egiten edo egiten denean, erregistroak ez du jasotzen benetan langileak egiten dituen orduak eta oso gutxitan dago erregistro hori eskuragarri.

2024 urte amaieran Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioak publikatutako lanaldiaren murrizketarako lege proiektuan, beste neurri batzuen artean lanaldiaren erregistroa modu digital batean egin behar izatea jasotzen da, batez ere Lan Ikuskaritzak erregistro horretarako zuzeneko sarbidea izateko. Baina egia da lege proiektu hori onartzeko prozesuan dagoela oraindik eta beraz, jasotako neurriak ez dakigula noiz izango diren aplikagarri. Gainera, erregistro telematikoa egiten den enpresa askotan ere manipulatu egiten da.

Beste gauza askotarako bezala, ostalaritza da lanaldiaren erregistroan iruzur handiena dauden sektoreetako bat, ez delako lanaldiaren erregistrorik egiten edo, egiten bada, faltsutu egiten delako. Gainera lanaldiaren inguruko milaka urraketa ikusten ditugu egunero sindikatuan: eguneko, asteko edota urteko gehienezko lanaldia ez errespetatzea, aparteko orduak ez ordaintzea, lanaldien arteko 12 orduko gutxieneko atsedena ez errespetatzea… eta erregistrorik ez dagoenez edo faltsua denez, oso zaila egiten zaigu urraketa guzti horiek frogatzea.

Beraz, lanaldia erregistratzeko tresna baten beharra ikusi genuen, langileen esku egon behar zena, norberak kontrola eramateko. Horrela sortu zen FITXATU aplikazioa, Bizkaiko ostalaritzako langileei zuzendua. Tresna honek hainbat aukera ematen ditu: egunero lanaldia erregistratzea, jai eguna dela adierazi daiteke (ezberdin kobratzen delako), GPSa konektatzeko aukera ematen du geolokalizazioaren bitartez langilea lanpostuan egon dela frogatzeko, eguneko/asteko/urteko gehienezko ordu kopurura heltzean abisu bat heltzen da, eta egindako erregistro guztien laburpen taula bat ere sortu daiteke.

Tresna honi esker, langileek beraien lanaldia erregistratu ahalko dute, egiten dituzten orduak eta aparteko orduak kontrolatuz. Horrela, enpresari erreklamatzerakoan froga bat izan ahalko dute.

Bizkaiko ostalaritzako langile guztiak animatu nahi ditugu aplikazio hau instalatu eta erabiltzera, uste dugu tresna oso erabilgarria dela, bakoitzak lan egiten dituen orduen kontrola eramateko eta gehiegikeriak ekiditeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Langileen aldeko politiketan suspentsoa atera duela ohartarazi diogu Pradales lehendakariari

Errondaren ekimenari sinesgarritasuna kendu, eta behingoz bizitzaren prekarizazioan sakontzen duten politikak alboratzeko eskatu diogu, politika neoliberalei eustea faxismoarentzat bazka baita.

2026-2027 ikasturtearen hasieran, EHUren azpifinantzaketa eta unibertsitate publikoaren defentsa berriz ere mahai gainean jarri ditugu

EHUko ikasturte hasiera ekitaldiaren harira, LAB, STEILAS, ELA eta CGT/LKN sindikatuok elkarretaratzea eta prentsaurrekoa egin ditugu Gasteizko Letren fakultatean. Aurten ere, 2026-27 ikasturtearen hasieran unibertsitate...

Bizkaiko metal merkataritzan greba egingo dugu urriaren 7an

LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok agerraldia egin dugu patronalaren egoitzaren aurrean, hitzarmenaren negoziazioaren blokeoa publikoki salatzeko eta, batez ere, greba iragartzeko.