2024-05-06
HomeIrakaskuntzaHezkuntzaHezkuntza lege berria behar dugu, EAErako Hezkuntza Sistema Publiko, burujabe eta komunitarioa...

Hezkuntza lege berria behar dugu, EAErako Hezkuntza Sistema Publiko, burujabe eta komunitarioa bermatuko duena

EAEk Hezkuntza lege berria behar du LABen ustez, horretan ados gaude Cristina Uriarterekin. Baina, Hezkuntza Lege Berria hezkuntza komunitatearen babesarekin egin behar da eta momentu honetan gurasoak, ikasleak eta irakasleak kontra ditu.

Cristina Uriarteren adierazpenen aurrean, LABek argi eta garbi adierazi nahi du, mahai gainean dagoen lege proposamenak sindikatu guztiak, guraso elkarte nagusiak eta ikasleen ordezkariak kontra dituela ikusita, ezin dela martxan jarri.

Gure kontrakotasunaren arrazoi nagusia hau da: EAErako egindako proposamena da eta Espainiako Legedian txertatzeko egina dago, ondorioz, ez du EAEn Hezkuntzak dituen erronka nagusiak konpontzeko balio. Hezkuntza Lege berria, Jaurlaritza eta Hezkuntza komunitatearen adostasunez, Espainiaren esku hartzerik gabe egin behar da, lege burujabe bat behar dugu. Autogobernu Lan Taldean onartutakoa praktikara eramatea eskatzen dugu, hau da, hezkuntza eskumen guztiak gureganatuz lege propioa egitea.

Zer konpondu behar du legeak? Hauek dira lehentasunez konpontzeko ditugun korapilo nagusiak:

1) Murgiltze eredua. Ikasle Euskaldun Eleanitzak sortzeko egungo hizkuntza ereduak gainditu eta murgiltze eredu bakarra ezarri, D eredua abiapuntu gisa hartuta.
2) Aukera berdintasuna bermatu. Segregazioak hezkuntzatik desagertu behar du eta ikasle guztiei kalitatezko hezkuntza bermatu behar zaie. Ezin dira ikasleak jatorria, egoera ekonomikoa, arraza, sexua, hizkuntza edo erlijio arrazoiengatik bereizi.
3) Autonomia. Ikastetxeek autonomia aski izan behar duten beraien hezkuntza proiektua antolatu eta kudeatzeko. Autonomiak esan nahi du hezkuntza behetik gora antolatu behar dela,hezkuntzakomunitatearenpartehartzeabermatuz, Jaurlaritzarenarduradabaliabide aski eskaintzea eta hauek ongi erabiltzen direla zaintzea.
4) Berrikuntza pedagogikoa. LOMCEn oinarritutako hezkuntza kontserbadorea eta atzerakoia da, baita ikuspegi pedagogikotik ere. Pedagogia aktiboetan oinarritutako hezkuntza askatzailea bermatu behar da legez.
5) Hezkuntza parekidea. Gizon eta emakumeen arteko aukera berdintasuna bermatzeko pedagogia feminista ezarri behar da.
6) Euskal Curriculuma. Euskal Herritik, gure kultura eta jakintza kolektibotik abiatutako hezkuntza unibertsalerako bidea egin behar da, Espainiako Estatuak inposatzen digun curriculum neoliberal eta espainola atzean utziz.
7) Inbertsioa. Hau guztia posible izan dadin, legez hezkuntzak behar duen gutxieneko inbertsioa bermatu behar da, BPGren %6 Unescoren arabera.
8) Publikotasuna. Hezkuntza eskubide guztiak bermatuko dituen publikotasun berria behar dugu, behetik gora eraikia, hezkuntza komunitatea ahaldunduko duena, burujabea eta komunitarioa.

Beraz, hezkuntza lege berria behar dugu, EAErako Hezkuntza Sistema Publiko, burujabe eta komunitarioa bermatuko duena.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gernikako anbulantzia medikalizatua medikurik gabe

Atzo, Maiatzak 5, Bermeotik, Lekeitio, Durango eta Zeanurirarteko emergentziazko osasun asistentzia bermatzen duen Gernikako anbulantzia medikalizatua medikurik gabe egon zen, Osakidetzako Larrialdietako Zuzendaritzak duen kudeaketa txarra tarteko.

Dei egiten dugu aurtengo lehenengo hilketa matxistaren aurrean Emakumeen Mundu Martxak deitutako mobilizazioetan parte hartzera

Maiatzaren 3an, 34 urteko emakumea* indarkeria zantzuekin hilda agertu zen Donibane Lohitzuneko hotel batean. 2024an Euskal Herrian izandako lehen hilketa matxista izan da eta LABetik, bat egiten dugu Emakumeen Mundu Martxak deitutako mobilizazioekin eta euretan parte hartzeko deia egiten dugu.

Osakidetzako zuzendaritzak ikuztegi lanak publifikatu behar ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian LABi arrazoia eman dion epaiaren ondoren

LABek antzeman zuen Santa Marina Ospitaleko ikuzketa-lanak pribatizatuta jarraitzea nahi zuela Osakidetzak. Zuzendaritzak pribatizazioaren alde egindako apustu berri horren aurrean, sindikatuak errekurtso berezi bat jarri zuen 2023ko otsailean, eta Kontratu Errekurtsoen Administrazio Organoak onartu egin zuen. Horren aurrean, Osakidetzak EAEko Auzitegi Nagusira jo zuen, eta azken horrek ontzat jo du LABek aurkeztutako errekurtsoa. Hala, zeregin horiek egiteko kanpoko enpresa bat kontratatzen jarraitzea galarazi du.