2026-05-02
HomeEkintza SindikalaBizkaiko nagusien egoitzetako ratioa 4 egoiliarreko langile 1ekoa izatea exijitzen dugu

Bizkaiko nagusien egoitzetako ratioa 4 egoiliarreko langile 1ekoa izatea exijitzen dugu

Konfrontazio eta mobilizazio dinamika bati ekingo diogu Bizkaiko nagusien egoitzetan ezartzen den ratioen dekretuaren aurka. Horrela, zuzenean interpelatzen ditugu Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza, eta Bizkaiko egoitzetan egunero bizi den tratu txar egoeraren arduradun egiten ditugu.

Bizkaiko nagusien egoitzetan milaka langile dira egunero beren lanpostuetara joaten direnak egungo ratioen dekretuak ezartzen dien xantaia emozionala pairatuz. Ratio horiek, zaintza-lana eta egoiliarrei eman beharreko arreta duina eskaintzeko denbora nahikorik gabe uzten dituzte sektoreko langileak. Dekretu horrek, langile bakar batek pertsona bat 10 minutuan garbitu, jantzi eta dutxatzea dakar; gauean 35 edo 40 egoiliarren ardurapean egotea edota oinarrizko jardueretan gutxienez 15 pertsona zaindu behar izatea.

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak gaur egun ezartzen dituzten ratioek oso larriki kaltetzen dute egoiliarren eta langileen bizitzaren duintasuna. Ratio hori ez da duina, sistema ankerra da, eta egoiliarrei ez die aukerarik ematen entzunak izateko eta pertsona guztiok behar dugun gutxieneko arreta emozionala jasotzeko. Bizkaiko egoitzen eguneroko egoera oso gogorra da, eta LABek ez du onartzen tratu txar hori normalizatzerik.

Hori dela eta, LAB sindikatutik nahikoa dela esaten dugu ratioen dekretu honen aurrean, langileei zein erabiltzaileei eragiten dien tratu txarrarengatik.

Honakoa da, zenbakietara ekarrita, Bizkaiko egoitza garrantzitsuenetako batzuen errealitatea:

  • Aspaldiko, Portugaleten: langile 1 gauez 34 egoiliar zaintzeko.
  • Abeletxe, Ermuan, eta Aita Menni, Durangon: langile 1 gauez 38 egoiliar zaintzeko.
  • Bizkotxalde, Basaurin: langile 1 gauez 40 egoiliar zaintzeko.
  • Santa Mariñe, Urdulizen: egunez langile 1 aldi berean 20 egoiliar zaintzeko.
  • Nuestra Señora de los Desamparados, Karrantzan: langile 1 aldi berean 17 egoiliar zaintzeko.

Datuok Bizkaiko egoitzetan orokortua dagoen egoera islatzen dute.

Egungo ratioak ikusita, LABek berriro mahai-gaineratzen du bere gutxieneko ratioen proposamena, egoitzetara egoera gizatiarrago bat ekarriko lukeena. Besteak beste, honako neurri hauek proposatzen ditu:

1. Eguneko ratioa langile 1ekoa izatea 4 egoiliarreko.

2. Gaueko ratioa 2 langilekoa izatea 15 egoiliarreko.

3. Erizaintza zerbitzua 24 orduz izatea, eta, beti ere, gutxienez erizain 1 egotea 16 egoiliarreko.

Egoera horren atzean Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak ezartzen dituzten pribatizazio-politikak daude. Zaintza-lanak merkantilizatzen dituen sistema da hau, IMQ, Lares, Aita Menni, Vitalitas, Babesten edo GSR bezalako enpresek negozioa egin eta milioika euro irabazteko erabiltzen dutena.

Bizkaiko nagusien egoitzetako langileek zerbitzu publiko bat ematen dute, egoiliarrak eta langileak gaizki tratatzen dituen negozio bat bihurtu dena. Langile publikoak dira eta nagusien egoitzak publifikatu daitezen exijitzen dute.

LABentzat beharrezkoa da ratioen eztabaidari premiaz ekitea eta egungo ratioen dekretua aldatzea. Horregatik, Bizkaiko egoitzetako egoera larria agenda sozialean kokatzeko asmoa duen dinamikari ekingo dio.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

00:02:45

[ARGAZKI GALERIA]: Birbanaketa politikak eta langileen aldeko neurriak aldarrikatu ditugu Euskal Herri osoan egindako 26 manifestaziotan

Eskualdez eskualde mobilizatu da sindikatua Maiatzaren Lehenean, etxebizitza eskubidearen, kalitatezko zerbitzu publikoen eta soldata nahiz pentsio duinen aldarrikapenak ardatz hartuta.
00:13:27

Garbiñe Aranburu: “Inor atzean ez uztea da faxismoaren eta oldarraldi atzerakoiaren aurrean eman dezakegun erantzunik hoberena”

Langileok eragin da aurtengo leloa. Eragiten ari gara. Gaur berriro Euskal Herri osoan kalean gara, eskualdez eskualde. Aipamen berezia Ipar Euskal Herriko gure kideei. Urteetako lan nekaezinak emaitzak eman ditu, eta intersindikaleko sindikatuekin batera Baionan eta Maulen ere mobilizatu gara.

LABek sinatu du Nafarroako zahar egoitzetako lehen aurreakordioa, sei urteko borroka sindikalaren ostean

LAB sindikatuak Nafarroako zahar egoitzetako hitzarmen kolektiboaren lehen aurreakordioa sinatu du, sei urteko mobilizazio eta antolakuntza sindikala eta gero. Hitzarmenak hobekuntza nabarmenak izango ditu...