2026-09-14
HomeEkintza PolitikoaLangileen lan eta bizi baldintzak hobetzeko neurriak eskatu dizkiogu EAEko Ekonomia, Lan...

Langileen lan eta bizi baldintzak hobetzeko neurriak eskatu dizkiogu EAEko Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailburuari

Lan baldintzei, enpleguari eta lan osasunari zuzenduta egon dira gure eskakizunak. LAB eta Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren arteko bilera egin da gaur Lakuan, Gasteizen, Sailburuak abiatutako errondaren baitan. LABen izenean Garbiñe Aranburu Koordinatzaile Orokorra eta Oihana Lopetegi, Ekintza Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiboko arduraduna izan dira bertan. Gobernuaren aldetik Mikel Torres sailburuaren batera izan dira Elena Perez, Alfonso Gurpegui, eta Iñaki Ruiz sailburuordeak.

LABek bi gai nagusitan jarri du arreta: enplegua eta lan osasuna. Goizean bertan eta bileraren aurretik prentsaurrean aurkeztu ditu gaiok Aranburuk.

LABen lehentasuna euskal langileentzat lan eta bizi baldintza duinak lortzea izanik, enpleguaren kalitatea hobetzea eskatu du sindikatuak; ez hori bakarrik, soldatak duindu, 1.600 euroko gutxieneko soldata ezarri eta lanaldia murrizteko ere eskatu diete Aranburuk eta Lopetegik.

Egoera prekarioenetan dauden langile kolektiboez aritu dira, haien artean etxeko langileak, lan baldintzak arautzeko hitzarmenik ere ez dutenak. Langile horientzat negoziazio kolektiborako eskubidea bermatzeko urratsak eskatu ditu sindikatuak. Eta, baldintzarik zaurgarrienetan diren langileekin jarraituz, arrazismo laborala eta horri lotuta gertatzen diren abusuak, eta langile migranteen bizi dituzte egoera babesgabeak hizketagai izan dituzte bileran.

LABek bilerarako agendan jarri duen bigarren atal nagusia lan osasunarena izan da. Lan istripu kopurua eta lan heriotzen zenbatekoa onartezina dela salatu, eta istripuei zein laneko gaixotasunei aurre egiteko politikak exijitu ditu. Aranburuk sailburuari galdegin dio patronalak, absentismoa aitzakia hartuta, ezarri nahi dituen murrizketa berrien aurka egin dezan, eta interpelazioa egin diezaion, prebentzio legea betearazteko.

Bizitza duina bermatzeko langileen aldeko neurriak eta adostasunak aldarrikatu ditu LABek eta bat etorri dira bi aldeak elkarrizketarako prestutasuna adierazterakoan. Elkarrizketarako jarrera irekiarekin, baina borroka sindikalari uko egin gabe, baizik eta kontrakoa: politika publikoetan ere langileen aldeko neurriak lortzeko presio sindikala zein soziala elikatzen jarraituko du sindikatuak.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Hezkuntza sistema eraldatzeari Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak jarritako oztopoak azaleratu ditu PISA txostenak

LABen kezkaz hartu ditugu Jaurlaritzak PISAren emaitza kaxkarren arrazoien artean hizkuntza ereduak aipatu izana. Aitzitik, euskara gaitasunak indartzeak gainerako konpetentziak hobetzea ekarriko du.

LABetik salatzen dugu bi hilabeteko geldialdiaren ondoren Eudelek ez duela proposamen berririk ekarri eta Udalhitzeko mahaia blokeatzen ari dela

Alderdi politikoen borondate politiko ezaren aurrean eragin eta mahaira edukiak ekarri ditzaten ezinbestekoa da urriaren 8an langileak grebara batzea. Bi hilabeteko udako geldialdiaren ondoren bildu...

Hauteskunde sindikaletan patronalei eta gobernuei erantzun irmoa emateko deia egin die LABek euskal langileei

Gutxieneko soldata, enpleguaren defentsa eta zerbitzu publikoak indartzea, ikasturte honetarako hiru lehentasun nagusiak. Kapitalari mugak jartzea eta birbanaketa politiken alde egitea da faxismoari eta olatu erreakzionarioari ateak ixteko biderik onena, LABen arabera.