2026-05-04
HomeEkintza SindikalaNafarroako Garbiketa sektoreko hitzarmenaren aurreakordioa sinatu dugu, bizitzaren kostuaren gaineko soldata igoerak...

Nafarroako Garbiketa sektoreko hitzarmenaren aurreakordioa sinatu dugu, bizitzaren kostuaren gaineko soldata igoerak jasotzen dituena

LAB eta CCOO sindikatuok –ordezkaritzaren %60 baino gehiago osatzen baitugu– Nafarroako Garbiketako hitzarmena berritzeko aurreakordioa sinatu dugu sektoreko patronalekin. LABen hitzarmen hori sinatuko dugu, azken 11 urteetako dinamika atzerakoiari buelta ematea lortu delako: hitzarmen berriak soldaten igoeretarako KPIaren erreferentzia berreskuratzen du (gehi puntu bateko diferentziala), urteko lanaldian orduen jaitsiera barne hartzen du, eta lanaldiak luzatzeko irizpide argi eta objektibo bat ezartzen du.

2024-2027 urteetan Nafarroako Garbiketako langileen lan baldintzak arautuko dituen hitzarmena aurretik sinaturikoen ezberdina da. Gogoratu behar da, krisi eta murrizketa testuinguru batean, CCOOk eta UGTk 2012-2014 hitzarmen negargarria sinatu zutela, KPIaren erreferentzia galtzen zuena, lanaldia murrizteari uzten ziona, desplazamendu plusa kentzen zuena, antzinatasun sistema aldatzen zuena (hirurtekoetatik bortzurtekoetara eta antzinatasun finkatua izozten zuena) eta bajen osagarria okertzen zuena. Hurrengo hitzarmenek (2015-2018 eta 2018-2023) ildo berari jarraitu zioten: soldatak bizitza-kostuaren azpitik igotzea, lanaldia mantentzea eta eskubideetan aurrerapen gutxi izatea.

Horregatik guztiagatik, LAB sindikatuan tematu gara hitzarmen berria aurrekoen kontrako noranzkoan joan zedin, eta gure determinazioari esker hala izatea lortu dugu, lorpen nagusietan islatzen den bezala:

  • – Patronalak erretiratu egin du antzinatasuna kentzeko proposamena.
  • – Soldata igoerak aurreko urteko KPIa gehi puntu bateko diferentziala izanen dira; lehen bi urteetan oinarrizko soldatan eta hitzarmenaren plusean aplikatuko dira, eta bertze bi urteetan kontzeptu guztietan].
  • – Urteko lanaldia 4 ordu murriztuko da 2027rako.
  • – Irizpide argi eta objektibo bat ezarriko da lanaldiak luzatzeko, hala nola lanaldi partziala duten eta lantokian lanaldi txikien duten langileek lehentasuna izanen dutela lanpostu hutsak betetzeko.
  • – Baja onkologikoetan %100 kobratuko da 91. egunetik, eta ez 181.etik, orain arte bezala.

LABen begi onez ikusten dugu Garbiketako hitzarmen berriak eskubideen berreskurapenean dakarren aurrerapausoa, eta horregatik sinatuko dugu. Baina, jakina, lanean hasiko gara jada, hurrengoa harago joan dadin, soldata igoera handiagoarekin, lanaldi murrizketa handiagoarekin… Horretarako, mobilizatu eta borrokatu beharra dago. Eta, ahal bada, ekintza batasunetik, zeinari mesede eskasa egiten baitiote zenbait jarrerak, zilegi den kritika sindikalaren mugak aise gainditzen dituztenak. Lau urte daude aurretik indar korrelazioa hobetzeko, indibidualismoa apurtzeko, sektoreari buruz sakon hausnartzeko, eta kolektiboan antolatzeko, langile guztien lan baldintzak hobetzea aldera.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

LABek manifestaziora deitu du maiatzaren 16an Gimeno kontseilariaren kargu-uztea exijitzeko

Hezkuntza arloko langileen artean, aste gutxiren buruan, ia 2.000 atxikimendu bildu ditu “Nafarroako hezkuntzak okerrera egitearen erantzule nagusia” Gimeno dela eta horregatik “kargugabetu egin...

Denon Bizitzak Erdigunean dinamikak zaintzaren inguruan antolatutako jardunaldietan parte hartzeko deia egiten du LABek

Aspalditik martxan duen zaintza sistema publiko eta komunitarioaren aldeko borroka ildoaren barruan, Denon Bizitzak Erdigunean dinamikak jardunaldi nazionalak egingo ditu datorren larunbatean, maiatzaren 10ean,...

LABek exijitu dio Toquerori, Tuterako alkateari, zentzua berreskuratzeko eta legez kontrako zentsuragatik dimititzeko

Sindikatuaren historia laburbiltzen duen 1974tik etorkizunera LAB zabaltzen erakusketak Tuterako La Rua gizarte etxean egon behar zuen ikusgai 2025eko urriaren 1etik 10era, baina Alejandro...