2026-06-17
HomeNazioartea IdazkaritzaElkartasunaDemokraziaren joko arau oinarrizkoenak urratu ditu berriro Espainiako Estatuak

Demokraziaren joko arau oinarrizkoenak urratu ditu berriro Espainiako Estatuak

Unionismoak makineria guztia du martxan Kataluniako herriaren aurka, eta, egunerokoa erakusten ari den bezala, ez du gelditzeko asmorik. Hain zuzen ere, demokraziari atea ixten jarraitzen dio.

Urriaren 1eko erreferendumaren harira bultzatutako oldarraldiak segida izan du azken hilabeteetan, 155. artikulua ezarrita; hala ere, Kataluniako herriak erabakitakoari muzin egiten jarraitzen du Madrilek. Salbuespen egoeran gauzatu ziren hauteskundeak joan den abenduaren 21ean, Espainiako Gobernuak berak deituta; hala ere, burujabetzaren aldekoak gehiengo izanagatik, emaitzak ez ditu errespetatu. Gaurko eguna horren adibide izan da. Izan ere, Legebiltzarraren gehiengoak aukeratutako hautagaia Carles Puigdemont ezin izan dute presidente gisa izendatu, osoko bilkura bera ere ezin izan dutelako ospatu, mehatxuak mehatxu.

Kataluniako herriak hitz egin du, eta horren araberakoa izan behar du Legebiltzarraren eraketak, funtsesko ariketa demokratikoa eginez gero. Espainiako Gobernuak, ordea, demokraziaren joko arau oinarrizkoenak urratu ditu berriro, Legebiltzarraren zilegitasuna erasotzeaz gain, Kataluniako gehiengo sozial eta demokratikoaren erabakia ez baitu aitortu. Bide baketsu eta demokratikoetatik proiektu politiko guztiak defendagarriak direla entzun izan dugu behin eta berriz. Bada, Espainiak ez du erabakitzeko eskubidea ez onartzen, ez errespetatzen. Eta horretan bat egiten du PP, PSOE eta Ciudadanosek osatzen duten Erregimenaren hiruko berriak.

Etorkizuna kezkagarria da. Menpekotasun egoera iraunarazi edota areagotzea da Espainiako Estatuaren eskaintza. Alternatiba bakarra dago horren aurrean: herri bezala burujabetza eskuratzeko estrategia bat abian jartzea. Gehiengo sozial zabal bat dago prozesua bultzatzen eta sostengatzen, eta bide horretan jarraitzeko mobilizazioa tresna baliagarria da oso.

Euskal Herriko kasuan, erronka ezkerretik burujabetza prozesua sustatzean datza. Horretarako, erabaki berriak hartu eta aliantzak lantzeko unea da.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Lanuztea Bizkaiko Foru Aldundian: 600 pertsona baino gehiago mobilizatu gara akordio eta hitzarmen berri baten alde eta telelanaren alde

Gaur, ekainak 17, Bizkaiko Foru Aldundiko langileek bi orduko lanuztea egin dute Langileen Batzordeak eta Enpresa Batzordeak deituta, ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuen babesarekin.

Mobilizazioak egin ditugu elikagaien merkataritzako tokiko hitzarmenak defendatzeko

Patronalak eta banaketa kate handiek bultzatutako ekimenak Hego Euskal Herriko elikagaien merkataritzan adostutako lan baldintzak mehatxatzen dituela salatu dugu. Gaur mobilizazioak egin ditugu Hego Euskal...

Hezkuntza komunitateak Gimeno kontseilariaren kargugabetzeari emandako babes masiboa erregistratu dugu

Hezkuntza komunitatea osatzen duten ia 1.900 lagunen sinadurak aurkeztu ditugu LABetik, eta Chivitek fitxarik mugitzen ez badu, irailean mobilizazioei berriz ekingo diegula iragarri dugu.