2024-04-30
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaNafarrak ospitaletako sukaldeen pribatizazioaren ondorioak jasaten ari gara oraindik ere

Nafarrak ospitaletako sukaldeen pribatizazioaren ondorioak jasaten ari gara oraindik ere

Nafarroako Gobernuari subrogazioa eskatzen zioten langilei arrazoia eman die epaitegiaren sentzentziak.

2012. urtean UPNren gobernuak ospitaletako sukaldeak pribatizatu izanak eragin zuen 100 pertsona baino gehiago lanik gabe geratu zirela, enpresa pribatu baten esku geratu zelako sukalde publikoetako kudeaketa. Enpresa berri horrek egun batetik bestera bikoiztu zituen langileen lan-zamak, haien lan baldintzak okertu zituen (soldatak nahiz lanaldiak) eta guztiz polemikoa izan zen eskaintzen zuen zerbitzuaren kalitatea.

LAB sindikatuak sutsuki egin zion aurre UPNk sukaldeak pribatizatzeko erabakiari, eta beti aldarrikatu izan du sukaldeak berriz ere publikoak izan beharko liratekeela. Erabaki hura lehengoraturik, leheneratuko lirateke ere ondorio guztiak: kalitatea, lan baldintzak eta zerbitzua.

Ospitaletako sukaldeena, UPNren erabakiari “esker”, adibiderik hoberena izan da zerbitzu publikoa azpikontratatzeak ekar ditzakeen ondorioak ezagutzeko. Agerian geratu da, eta jendartean frogatu da ezinezkoa dela edozer eginez irabaziak lortzen dituen enpresa pribatu batek kalitateko zerbitzu publikoak bermatzea.

Are gehiago, Gobernuak erabaki zuenean sukaldetako alderdi bat bakarrik publifikatuko zuela, gure ustez okertu egin zen, enpresa jabetu baitzen zerbitzuaren kalitatea kaskartuz (maiz, oso egoera txarrean zeuden elikagaiak eskaintzen zituen) lortzen zituen mozkinak urrituko zitzaizkiola; orduan erabaki zuen zerbitzuaren kudeaketa bertan behera utziko zuela.

Horren eraginez, Gobernuak, korrika eta presaka, zerbitzu osoa publifikatzea erabaki zuen; hala ere, ez zuen aldez aurretik inolako gogoetarik egin ordura arte kontratatuak zeuden langileei ekarriko lizkiekeen ondorioez. Eta berriro, erabaki oker batek, sindikatuekin aldez aurretik hitzartu gabe, ekarri zuen 100 langile baino gehiago lanik gabe geratu zirela.

LABek, gainerako sindikatuek eta abokatu partikularrek paratu zituzten demandei erantzunez, epaitegiek erabaki dute Nafarroako Gobernuak langile horiek subrogatu beharko lituzkeela, lanpostuak betetzeko lehiaketa egin arte, merezimendu eta gaitasun sistema baten bidez.

Horrek guztiak erakutsi digu zerbitzu publikoen azpikontratazioa amaitu behar dela; publiko bilakatu behar dute berriro, kalitatekoak izan daitezen aukera bakarra delako. Eta erabaki horiek traumatikoak gertatuko ez diren lehengoratzeen bidez egin behar dira, 200 pertsonak ez dezaten lana gal bide horretan.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bizkaiko Esku-hartze Sozialeko langileok Gizardatzi eta Geroani eskatzen diegu alde batera utz dezatela 2022az geroztik sektorea hitzarmenik gabe egotera daraman jarrera boikotatzailea

Bizkaiko Esku-hartze Sozialeko langileok 2022. urteaz geroztik hitzarmenik gabe gaude, eta zortzi greba-egun baino gehiago egin ditugu, baita mobilizazio ezberdinak zein barau egunak ere, egiten dugun lana aintzat hartuko duen hitzarmen bat lortzeko helburuarekin.

CAFeko amiantoaren auzian lan osasuna bermatzeko urratsak eskatu ditugu

Lan Osasunaren Eguna pasa berri den honetan, CAF lantegiko beharginek agerraldia egin dute, gaiarekin zerikusi zuzena duen kontu bati buruzko argibideak emateko: amiantoa.

Enpresak Imegarreko grebalarien aurka erakutsitako jarrera onartezina salatu eta borrokaren zilegitasuna aldarrikatu dugu

Egun hauetan mobilizatzen aritu dira Imegarreko langileek, eta enpresari beren lankideak berriz onartzeko eta gatazka konpontzeko eskatu diote. Aldiz, enpresak, jarrera desafiatzailea eta mehatxagarria izan du. Behin baino gehiagotan, kontseiluko kideek aurre egin diete langileei, mehatxatu eta iraindu egin dituzte. Baina ez hori bakarrik; izan ere, salatu nahi dugu pikete batean parte hartzen zegoen LAB-eko kide bati salaketa jarri diotela, akusazio faltsupean. Horregatik, gaur, enpresak bere langileekiko eta langileei laguntzera joan diren pertsonekiko izan duen arduragabekeria publikoki salatu dugu.