2026-09-29
HomeZerbitzu PribatuakAnbulantziakLABek ez du sinatu EAEko anbulantzietako aurreakordioa, hilabete luzetako borrokan planteatutako gutxieneko...

LABek ez du sinatu EAEko anbulantzietako aurreakordioa, hilabete luzetako borrokan planteatutako gutxieneko hobekuntzak ez baititu jasotzen

Anbulantzietako langileentzat Osakidetzako lankideekiko homologazioa eta soldataz haragoko bestelako hobekuntzak alde batera utzi dituzte azken asteetan LABi bizkar emanda aritu diren ELA, CCOO eta UGTk. LABek ez du sinatu aurreakordioa.

ELAk, CCOOk eta UGTk sinatutako akordioak ez du erosahalmena bermatzen, ezta hainbat hilabetez langileek kalean aldarrikatu duten homologazioa ere, eta dakartzan hobekuntza apurrek soilik arlo ekonomikoari eragiten diote.

Gaur Lan Harremanen Kontseiluan izandako bileraren hasieran patronalak egin duen proposamenak soldata igoera batzuk jasotzen ditu (erosahalmena bermatzeko nahikoa ez direnak), eta patronalak aspaldi mahai gainean jarritako ordu-murrizketa bat, baina ez dago bestelako aurrerapenik. LABek ez du sinatu, besteak beste, greba eta mobilizazioetarako aldarrikapen nagusietako bat, hau da, Osakidetzako lankideekiko homologazioa, ez delako aipatu ere egiten.

Azken asteotan LAB bazter utzi eta ibilbide osoa haien artean egin dutenek, ELA, UGT eta CCOO aliantza berriak, sinatu dute aurreakordioa. Hala, kalean borrokan dihardutenei traizio egin diete. Erabakia asanbladara eraman beharko litzateke, langileek beren iritzia eman dezaten.

Osakidetzako kideekiko ekiparazioa ekarriko lukeen homologazio prozesu bat abiatzeko aukera itzela galdu da gaur, lan berdina, soldata berdina lelopean hainbeste borroka egun eta bi hilabeteko greba mugagabea egin ondoren. Eta, dirua egon badago. Hobekuntza horiek ez jasotzeko arrazoia ez da diru falta.

LABek egin zuen proposamenean soldataz haragoko hobekuntzak jasotzen ziren, hala nola ordaindutako eta ordaindu gabeko baldintzei buruzkoak (norberaren aukerako egun libreak, adibidez), lan-poltsak… Bada, dirudienez horiei ez diete inolako garrantzirik eman ez patronalak, ezta sindikatu sinatzaileek ere.

Hurrengo negoziaziorako (2029an hasiko da), enpresetatik helarazitako baldintzen mende egongo dira berriro langileak, eta Eusko Jaurlaritzak ezartzen dituen ekarpen ekonomikoen baldintzapean, kontuan hartuta, gainera, konkurtso berriaren pleguak aterata egongo direla, eta horrek negoziazioan beharrezkoak ez diren beste blokeo batzuk ekarriko dituela.

Sindikatu sinatzaileek orain positibotzat jotzen dute EAEko lehenengo hitzarmen hartan oinarritutako proposamen bat; izan ere, sindikatu batek baino gehiagok ez zuen sinatu bere garaian, nahikoa ez omen zelako; LABek ordea, bai. Horrenbestez, LABi deigarria egiten zaio artikulu guztiak hartzea, soldata-igoera gehitzea, lanaldia murriztea eta lehen baliogabea zen hitzarmen hori orain akordio ona izatea.

Era berean, harrigarritzat jotzen du aurreakordio honetarako aukeratu den unea, EAEko hauteskundeetarako bi egun falta direnean, eta enpresak eta sindikatu batzuek prozesu hori azkartzeko izandako interesak.

LABek ez du ulertzen aurreakordio hau sinatzea, orain baitzen bat eginda eragiteko eta homologazioa lortzeko unea.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Salatzen dugu Babacar Welleren heriotza arrazakeria instituzionalaren ondorio lazgarriena izan dela

Urgentziazko eta ezinbesteko eztabaidari heldu behar zaio: segurtasun eredua eta polizien esku-hartzearena errotik aldatu behar dira.

LABetik etxebizitzaren negozioaren aurkako mobilizazioak antolatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Hainbat gatazka sindikal piztuta ditugu LABen, eta gatazka horietako maizterrekin batera antolatu ditugu mobilizazioak. Etxebizitzaren negozioak edonor mehatxatzen du, eta langileak pobretzeko eta prekarizatzeko arrazoi nagusietako bat bilakatu da. Hori horrela, eredua goitik behera eraldatu behar dela aldarrikatuko dugu, eta, horretarako, premiazkoa dela etxebizitzaren merkatuan eskua hartzea eta errentismoarekin amaitzea.

LABek, Izarkomek eta Goienerrek orain arteko elkarlana ospatu eta aurrera begira aukera berriak arakatzeko asmoa adierazi dugu

LABen, Izarkomen eta Goienerren iritziz energia eta komunikaziorako teknologiak oinarrizko eskubideak dira, eta zerbitzuok ezin dira boteredun gutxi batzuen menpe egon. Premiazkoa da guztionak...