2026-08-01
HomeIrakaskuntzaHezkuntzaEAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko bosgarren grebak %75etik gorako jarraipena izan du...

EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko bosgarren grebak %75etik gorako jarraipena izan du kolektibo guztietan

Pasa den ikasturtean hasi eta ikasturte honetan irailetik abendura bitarte deitutako mobilizazioei jarraiki, EAEko irakaskuntza publikoko sektore ezberdinetako milaka langilek babestu dute gaurko greba eguna eta mobilizazioa, murrizketa politikak alde batera utzi, lan-baldintzak hobetu eta pertsonen eta jendartearen garapen integrala lehentasun izango duen hezkuntza publikoa aldarrikatu asmoz.

Unibertsitatez kanpoko Hezkuntza Publikoan ia 28.000 langile (irakasle, heziketa bereziko langile, sukaldari eta garbitzaile) eta Haurreskolak Partzuergoan 1.200dik gora langile zeuden deiturik gaurkoan grebara.

Aurreko ikasturtean burututako 3 greba egunek oso jarraipen zabala izan zuten lurralde, eskualde eta kolektibo guztietan; Orain, ikasturte honetan Iraila eta Azaroa bitartean kolektiboka deitutako greba eta mobilizazioek izan duten babes zabalari (%65-90 bitartekoa kolektibo ezberdinen arabera), gaurko honetan burututako greba eta mobilizazioen jarraipen aparta gehitzen zaio, %75etik gorakoa kolektibo guztietan ( %90ekoa Haurreskoletan, %85 Heziketa Berezian, % 80 Sukalde eta Garbiketan, eta %75etik gora Irakasleetan).

Horrela, milaka izan dira gaurko deitutako mobilizazioetan parte hartu duten langileak. Hezkuntza inbertsioa, plantilak eta baliabideak handitzea, onartezinak diren behin-behinekotasun mailak eta gelako ikasle kopurua murriztea, eta soldatetan, ordezkapenetan, bajetan, erretiroan eta gainerako lan baldintzetan ezarritako murrizketak alde batera uztea exijitu dute beste behin ere. Ikasle euskaldun eleaniztunak sortuko dituen euskarazko murgiltze eredua garatzea eta, LOMCE eta Heziberri zein hezkuntzaren merkantilizazioa alde batera utziz, hezkuntza berdintasuna, justizia soziala, integrazioa eta gizarte kohesioa bermatzeko oinarrizko tresna izatea ere aldarrikatu dute gaurkoan.

Hezkuntza Sailburuak adierazitakoaren kontra, milaka langile, ikasle eta familiek bere egiten dituzten aldarrikapenek, hezkuntza sistemaren diagnostiko larri bati erantzuten die eta premia larrienei irtenbideak eskaintzen dizkiete.

Orain arte ordea, Eusko Jaurlaritzak ez du proposamen hauen inguruan benetako negoziazio asmorik agertu, eta are gehiago, propagandaz bildurik plazaratu duen aurrekontu egitasmoak ez du egungo egoerari irtenbidea emateko inolako neurririk jasotzen.

Hau horrela, Hezkuntza sailak aldarrikapen hauei erantzungo dioten neurri zehatzak mahai gainean jartzen ez dituen bitartean greba eta mobilizazio dinamika indartu beste biderik ez zaigu geratuko.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Helegiteak aurkeztu dizkiegu 1.200 milioitik gorako kostu estimatua duten anbulantzien makro-esleipenei, eta pribatizazioaren aldeko apustua salatzen dugu

Sindikatuak errekurtso berezi bat jarri du Osasun Sailaren pleguen aurka, Oinarrizko Bizi Euskarriko eta Garraio Programatu eta Hitzartuko zerbitzuei dagokienez. Bestalde, salatu du Alberto MartĂ­nez sailburuak Osasun Planaren ildoak alde batera uzten dituela, gizartearen eskaerari entzungor egiten diola eta beste autonomia-erkidego batzuetan osasun-zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko izandako esperientzia arrakastatsuak ere baztertzen dituela, lan-arloko ez-betetzeengatik ezagunak diren enpresa piratak saritzen jarraitzeko.

Patronalak Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen hitzarmenerako proposamen bat aurkeztu du, eta LABek langileen erabakipean jarriko du

Proposamenean jasotzen diren aurrerapenak urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioaren emaitza dira, eta, batez ere, langileen egindako borrokaren eta greben ondorio dira.

Hezkuntza Sailak udal haur eskolei finantzaketa kentzeko aldebakarrez hartutako erabakiaren aurrean, bertako langileak babesten dituen akordioa lortu du LABek

Andoaingo, Usurbilgo, Oiartzungo, Ordiziako, Aretxabaletako eta Gaubeako langileek bertako haur hezitzaile izaten jarraitzeko akordioa sinatu du LABek; ez da kaleratzerik egingo, eta karrerako funtzionarioek tokiko administrazioan haien izaerari eutsiko diote jubilatu bitarte.