2026-10-05
HomeIndustriaArte GrafikoakBizkaiko grafikagintzako negoziazio mahaiko sindikatuok benetako negoziazioa exijitu diogu patronalari

Bizkaiko grafikagintzako negoziazio mahaiko sindikatuok benetako negoziazioa exijitu diogu patronalari

LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok  martxoaren 26an 10 puntuko plataforma bateratua aurkeztu genion sektoreko patronalari, sektoreko hitzarmenaren negoziazioan akordio batera iristeko. Patronalaren apirilaren 2ko erantzuna immobilista eta etsigarria izan da.

Bizkaiko arte grafikoen azken hitzarmena 2011koa da. 2013an, sektoreko Bizkaiko langileen lan baldintzak Estatuko sektoreko hitzarmenaren bidez arautzen saiatu zen sektoreko patronala. CEBEK patronalak porrot egin zuen bere saiakeran, epai batek aitortu baitzuen Bizkaiko azken hitzarmena ultraaktiboa zela.

Azken 10 urteotan, patronalak, besterik gabe, ez du ezer jakin nahi izan sektoreko hitzarmen berri bat negoziatzeko orduan. 2023ko ekainean, Negoziazio Mahaia eratu zen berriro. Hala ere, Negoziazio Mahaiak egin dituen 10 bileretan, CEBEKek ez du negoziatzeko borondaterik erakutsi. Planteamendu atzerakoiak egin ditu hainbat gaitan; eta ez du ezer jakin nahi azken urteetan galdutako erosteko ahalmena berreskuratzeaz. Beste aldarrikapen sindikal batzuk ere baztertu egin dira.

Blokeo egoera horren aurrean, mahai negoziatzailean ordezkaritza dugun sindikatuok edukiak adostea eta plataforma bateratu bat egitea erabaki genuen, negoziazioa desblokeatzeko helburuarekin. KPIari lotutako igoerak eta erosteko ahalmena berreskuratzea, lanaldia gehiago murriztea, elementu atzerakorik ez egotea, prekaritatearen aurkako klausulak, lan osasuneko eta berdintasuneko elementuak…

Apirilaren 2an egin da azken bilera CEBEKekin, eta bere erantzuna murrizketaz beteta duen plataforma mantentzea izan da. Bileran, patronalak adierazi du ez duela atzerapenik aurreikusten, ezta KPIren gainetik igoerarik ere; eta elementu atzerakoiei eusten dietela (malgutasunaren gaian, adibidez). Hurrengo bilera apirilaren 8an izango da, arratsaldez. CEBEKek erantzun zehatzagoa emango du, sektoreko enpresekin kontsulta egin ondoren.

Azkenik, LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok, modu bateratuan, aktibazio eta borroka kanpaina bat hasi dugu sektorean. Mozioak sozializatuko dira enpresa batzordeetan eta langileen ordezkarien artean, eta mobilizazioak egingo dira apirilean.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gernika-Palestinak hilaren 8rako deitutako mobilizazioetan parte hartzera dei egiten dugu

Elkarretaratzeak egingo dira ostegun honetan Euskal Herriko udaletxeetan, 19:00etan. LABek bat egingo du mobilizazio horiekin eta dei egiten du, munduko herrien eta langileen aurka ari den inperialismoaren aurrean, elkartasun internazionalista areagotzera.

Estatu mailan argitaratu berri den grafikagintzako hitzarmenak Arabako eta Nafarroako sektoreko langileen prekaritatea betikotzen du

LABen beti defendatu izan ditugu Euskal Herrian lan egiteko eta erabakitzeko esparruak, hemen negoziatu eta erabakitzeak lan-baldintza hobeak lortzeko aukera emango ligukeelako.

Gipuzkoako suhiltzaile zerbitzuaren egoera salatu dugu Batzar Nagusien aurrean

2026ko irailaren 4an, Gipuzkoako Foru Aldundiko Suhiltzaile Zerbitzuko ofizial guardia-burua bere Donostiako Suhiltzaile Zerbitzuko etxean kokatutako komunikazio zentraleko lanpostu operatibotik bota zuen Donostiako Suhiltzaile Zerbitzuko Zuzendariak. 2018tik indarrean zegoen bi administrazioen arteko hitzarmena pasa den abuztuaren 31n iraungi zela eta zerbitzuaren berrantolaketagatik Donostiako Suhiltzaile Zerbitzuak bulego hori beharrezkoa zuela izan zen horretarako eman zuen argudioa. Guardia-buruaren bulegoa bakarrik ez, hitzarmenean araututa zeuden bestelako lanetarako espazioak erabiltzeko debekua ere ezarri zuen.