2026-07-31
HomeEkintza SindikalaTolosaldeko osasungintza %100ean publikoa, zerbitzu guztiekin eta Asuncioneko langileekin izatea eskatu dugu

Tolosaldeko osasungintza %100ean publikoa, zerbitzu guztiekin eta Asuncioneko langileekin izatea eskatu dugu

Asuncioneko langileek eta Tolosaldeko herritarrek urteak daramatzate ospitale publiko baten aldarrikapena aurrera ateratzeko mobilizatzen. Langileek hamaika aldiz salatu dituzte Asuncion klinikako lan baldintzak, baita bertan ematen den zerbitzuak dituen gabezia eta arazoak ere. Gaur agerraldia egin dute bertan.

Eusko Jaurlaritzak Tolosan ospitale publikoa eraikiko dela erabaki zuen 2019an, langile eta herritarren mobilizazioei esker. Baina ondoren eman diren pausoek eta ospitalearen etorkizunak hartu duen norabideak, kezkaz betetzen dituzte bertako langileak:

Alde batetik, Eusko Jaurlaritzak ospitale publikoa nolakoa izango den definitzen duen Plan Funtzionalari erreparatuta, argi ikusten da ez dituela inguruko eskualdeetako osptitaleek dituzten zerbitzuak izango. Populazioz oso antzekoa den Debagoienako ospitaleak dituenak adibidez. Orain gutxi Sagarduik osasun batzordean ospitale berriaren plan funtzionalari buruz egindako adierazpenek esandakoa berresten dute.

Tolosaldeko alkateek, Asuncion ospitalak orain ematen dituen zerbitzu batzuk ematen jarraitzeko aukera ere mahai gainean jarri dute. Alkateek Asuncion publifikatzeko eskariari Sagarduik muzin egin ondoren, Tolosaldeko osasungintza guztiz publikoa ez izatea du Eusko Jaurlaritzak helburu. Eraiki nahi den ospitale berriko langile denak publikoak izango diren bermerik ere ez du ematen plan funtzional horrek eta garbitzaile lanak egiten dituzten langileen inguruan adibidez ez da ezer aipatzen.

Asuncioneko langileekin zer gertatuko den ez du argitzen plan funtzionalak eta ez dute argitu osasun batzordean ere. Berriki Tolosako udalean langileen ordezkariok izan dugun bilera batean ere, ospitale berrira subrogatuak izateko eskaera ez dute ontzat ematen. Azken hamarkadetan Asuncioneko langileak izan dira herritarrak hartatu dituztenak, zailtasun ugariren aurrean, profesionaltasunez eta arduraz lana eginez. Eskualdeko ospital funtzioa bete dute, nahiz eta funtzio hori betetzeko, beste eskualdeetako ospital publikoak baino baldintza okerragoetan lan egin behar izan. “Asuncion klinikako langileak ez dituen ospital publikorik ez dugu onartuko”, adierazi dute.

Hau horrela, langile batzordea osatzen dugun LAB eta ELAtik beste behin Tolosaldeko osasungintzaren eredua aldarrikatu eta ardura instituzionala duten EAJ eta EH Bilduri bere defentsa egin dezaten eskatu diegu:

– Zerbitzu guztiak izango dituen osasungintza Tolosaldean

– % 100ean Publikoa

– Asuncion klinikan lan egiten duten langileak subrogatuak izatea

LAB eta ELAk langileak mobilizatzen eta bidea egiten jarraituko dugu Tolosaldean aldarrikatzen dugun osasungintza publikoa izan dadin lortu arte.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Helegiteak aurkeztu dizkiegu 1.200 milioitik gorako kostu estimatua duten anbulantzien makro-esleipenei, eta pribatizazioaren aldeko apustua salatzen dugu

Sindikatuak errekurtso berezi bat jarri du Osasun Sailaren pleguen aurka, Oinarrizko Bizi Euskarriko eta Garraio Programatu eta Hitzartuko zerbitzuei dagokienez. Bestalde, salatu du Alberto MartĂ­nez sailburuak Osasun Planaren ildoak alde batera uzten dituela, gizartearen eskaerari entzungor egiten diola eta beste autonomia-erkidego batzuetan osasun-zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko izandako esperientzia arrakastatsuak ere baztertzen dituela, lan-arloko ez-betetzeengatik ezagunak diren enpresa piratak saritzen jarraitzeko.

Patronalak Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen hitzarmenerako proposamen bat aurkeztu du, eta LABek langileen erabakipean jarriko du

Proposamenean jasotzen diren aurrerapenak urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioaren emaitza dira, eta, batez ere, langileen egindako borrokaren eta greben ondorio dira.

Hezkuntza Sailak udal haur eskolei finantzaketa kentzeko aldebakarrez hartutako erabakiaren aurrean, bertako langileak babesten dituen akordioa lortu du LABek

Andoaingo, Usurbilgo, Oiartzungo, Ordiziako, Aretxabaletako eta Gaubeako langileek bertako haur hezitzaile izaten jarraitzeko akordioa sinatu du LABek; ez da kaleratzerik egingo, eta karrerako funtzionarioek tokiko administrazioan haien izaerari eutsiko diote jubilatu bitarte.