2026-09-23
HomeIdazkaritzakLABek Munduko Federazio Sindikalak Sao Paulon egindako Kontseilu Presidentzialean parte hartu du

LABek Munduko Federazio Sindikalak Sao Paulon egindako Kontseilu Presidentzialean parte hartu du

Pasa den asteburuan Munduko Federazio Sindikalaren Kontseilu Presidentziala egin zen Sao Paulon, Brasilen. Munduko Federazio Sindikala 1945 urtean sortutako elkartea da. 133 herrialdetako 105 milioi langile inguru ordezkatzen ditu. Kontseilu Presidentziala bere zuzendaritza gune nagusia da, kontinente desberdinetako 50 kidek osatutakoa.

LAB Munduko Federazio Sindikaleko afiliatua da 2005. urtetik eta Igor Arroyo koordinatzaile orokorra Kontseilu Presidentzialeko kide da. Bere hitzartzean, hiru erronka nabarmendu ditu Arroyok. Batetik, klase borrokaren ikuspegi historikoa ekologismoa eta feminismoa bezalako mugimendu sozialek egiten duten borrokarekin uztartzeko beharra defendatu du. Bigarrenik, sindikatuak langile sektore guztietara eta, bereziki, prekarizatuenak dauden horiengana, gerturatzea proposatu du. Eta azkenik, herri bakoitzaren burujabetzaren defentsa eta nazio desberdinetako langileen arteko borroka bateratua txanpon beraren bi aurpegitzat jo ditu.

Bestalde, LABen 50. urteurrenaren harira, Munduko Federazio Sindikaleko Idazkari Nagusi Pambis Kyritsis Euskal Herrira etorri eta Maiatzaren Lehenean parte hartzera gonbidatu du Arroyok eta honek gonbidapena onartu du.

Hona hemen Kontseilu Presidentzialean adostutako ildo nagusiak:

  • Inperialismoaren aurkako jarrera eta herri bakoitzaren burujabetzarako eskubidearen defentsa. Palestinarekin elkartasuna eta Israel egiten ari den genozidioaren arbuioa. Ildo berean, Kubarekiko elkartasuna eta Estatu Batuek ezarritako blokeoaren salaketa.
  • Gutxi batzuen etekinak lehenetsi eta desberdintasunak areagotzen dituen esplotazio kapitalistaren salaketa. Lan eskubideen aurkako erasoei nahiz pribatizazio politikoei aurre egiteko apustua.
  • Klase sindikalismo autonomo eta borrokalariaren aldeko apustua. CSIk ordezkatzen duen sindikalismo sistemikoari kritika.
  • Kontinente desberdinetan gertatzen ari den eskuin muturraren hazkundeari aurre egiteko determinazioa.

Era berean, Kontseilu Presidentzialak kide berrien sarrera onartu du, horien artean Espainiako estatuko nazioetako zenbait sindikatu daude. Honela, LABek parte hartzen duen herrien koordinadoran jada, Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako (Printzipatua eta PaĂ­s ValenciĂ ), Kanariak, Galiza, Asturies eta Aragoiko 120.000 langile daude Munduko Federazio Sindikalean afiliatuta.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Elkarlan zintzorako deia egin dugu Nafarroan lan mundua euskalduntzeko urratsak eman daitezen

LAB bidelagun izango gaitu ELAk, lan mundua euskalduntzeko konpromiso zehatzak eta elkarlanerako borondatea erakusten baditu; bestela, euskalduntzearen kaltetan izango da. Langileok euskaraz lan egiteko eskubidea...

SEULA enpresak kudeatzen duen kale garbiketa zerbitzuan sei greba egun deitu ditugu Aguraingo jaien bete-betean

Langileak urtarriletik dabiltza itun berri bat negoziatzeko saiakeran. Hilabete hauetan, enpresak negoziatzeko borondate eskasa erakutsi du, erantzunak atzeratuz eta bileretara benetako erabakitzeko ahalmena zuten pertsonak bidali gabe. Egoera horren aurrean, maiatzean Lan Harremanen Kontseilura jo behar izan genuen negoziazioa desblokeatzen saiatzeko.

LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok mobilizazioak hasi ditugu Osakidetzan, lan eskubideak eta proposamen zehatzak eskatzeko

Gehiengo sindikalak ohartarazi du gaur egindako elkarretaratzeak mobilizazioen eta greben dinamikaren hasiera direla, eta Euskal Osasun Zerbitzuari eskatu dio negoziazioa atzeratzeari uzteko eta benetako konponbideak mahai gainean jartzeko.