2026-04-10
HomeEkintza SindikalaLAB eta ELA Ostalaritzako Akordio Markoaren inpugnazioaren aurka mobilizatuko gara urriaren 24an

LAB eta ELA Ostalaritzako Akordio Markoaren inpugnazioaren aurka mobilizatuko gara urriaren 24an

Giza kate bat egingo dugu Eusko Jaurlaritzatik EAEko Justizia Auzitegi Nagusiraino, CCOO eta UGT sindikatuek aurkeztutako demandaren epaiketaren hasiera dela-eta. Agerraldi bat egin dugu gaur Bilbon, eta Ostalaritzako Akordio Markoa indargabetzeak izango lituzkeen ondorioen berri eman dugu, hots, sukaldaritza kolektiboko hitzarmen estatala aplikatzeak. Hain zuzen ere, zenbait kasutan soldata %50 baxuago izango litzatekeela salatu dugu, besteak beste.

Garbiñe Aranburuk eta Saul Arangibelek, LABeko idazkari nagusiak eta Zerbitzu Pribatuetako Federazioko idazkariak, hurrenez hurren, hartu dute hitza gaurko agerraldian, ELAko ordezkariekin batera. Arangibelek ohartarazi du, inpugnazioak aurrera eginez gero, ondorioak larriak izango liratekeela langileentzat: “Soldata okerragoa jasotzeaz gainera, langileok, asko aldizkako kontratuak dituztenak, kaltea jasango lukete langabezia-prestazioetan eta etorkizuneko erretiroan. Estatu mailako zenbait enpresa, esaterako Eurest, Sodexho eta Serunion, beren langileei dagoeneko aplikatzen ari dira estatu mailako lan-hitzarmeneko baldintzak”.

Hortaz, LABek eta ELAk honakoa salatu dugu:

-EAEn %17ko ordezkaritza duten CCOO eta UGT sindikatuen jarrera antidemokratiko eta antisindikala.

-Patronalak CCOO eta UGTrekin elkar hartu izana milaka langileren enplegua prekarizatzeko; langile hauetako gehienak emakumeak dira, eta hauek, lanaldi partzialaren arazoak ez ezik, lan-baldintza miserableak ere pairatu behar dituzte.

-CCOOk eta UGTk estatuko hitzarmena sinatzeagatik lortu dituzten onurak; esaterako, enpresek ordaindutako lanaldi osoko hainbat liberatu sindikal.

EAEko Ostalaritzako Akordio Markoaren helburuak gogoratu dituzte, jokoan zer dagoen erakusteko:

-EAEko Lanbidearteko Akordioaren moduan, ostalaritzan lehentasuna ematea Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako lan-hitzarmen sektorialei, estatu mailako hitzarmenaren baldintza txarragoak saiheste aldera.

-Kolektibitateetan (hezkuntza-sare pribatuko jantokiak, sukalde zentralak, erietxeetako jantokiak, zahar-etxe eta enpresetako jantokiak, besteak beste: aipatutako hitzarmenak aplika daitezela, eta ez estatu mailako sukaldaritza kolektiboko hitzarmena.

Marko propioaren defentsa
Garbiñe Aranburuk inpugnazioa erretiratu dezatela eskatu die CCOO eta UGT sindikatuei. Eusko jaurlaritzari ere zuzendu zaio: “Eusko Jaurlaritzari negoziazio kolektiborako marko propioa erasotzen duen inpugnazio honen aurrean jarrera argia har dezala eskatzen diogu. Ezin da autogobernuaz hitz egin negoziazio kolektiborako eskubidea ezin badugu defendatu, injerentziarik gabe. Eztabaida Sozialerako mahaia bertan behera uztea ere eskatzen diogu, bertan negoziazio kolektiborako marko propioa erasotzen duen gutxiengo sindikala bakarrik dagoelako eta Jaurlaritzak ezin duelako bi sindikatu hauei babesa eta zilegitasuna ematen jarraitu”.

Patronalarentzat ere izan ditu hitzak: “Ostalaritzako Akordio Markoa defendatu eta aplikatzen jarraitzeko eskatzen diogu Patronalari. Ez daude derrigortuak estatuko soldata eta lan baldintzak aplikatzera”.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek eta ELAk greba dinamika abiatuko dute EAEko udal langileen sektorean

EUDELi eta EAJ, EH Bildu eta PSE-EE alderdi politikoei exijituko diete Udalhitzeko eta udaletako mahaietan lan baldintzak hobetzea hemen eta orain negoziatuz. Apirilaren 23an...

Zumaiako Estaños Matienako langileek greba egingo dute euren osasuna eta segurtasuna berma daitezen exijitzeko

Hainbat lan istripu izan dira enpresa horretan, eta iragan urtarrilaren 31n langile bat hil zen lanean. Hala ere, enpresak ez du berehalako neurririk hartu...

LABek politika publiko propioak exijitzen ditu, Nafarroako erregularizazioa enplegu arloko eskubideak gauzatzeko eta beste askotan aurrera egiteko abiapuntua izan dadin

Nafarroako Gobernuko presidenteak deituta, gaur bilera egin dute enpleguari eta migratzaileen erregularizazioari buruz hitz egiteko. LAB sindikatuak enpleguaren erregularizazioan eta kontrolean hobekuntza bat exijitzen...