2026-07-11
HomeEkintza PolitikoaZaintzaren iraultza martxan da

Zaintzaren iraultza martxan da

“Zorionak Euskal Herria!” hitz horiexekin hasi dute mugimendu feministako ordezkariek hainbat eta hainbat hiri eta herritan arratsaldean egin diren mobilizazioen osteko manifestua. Goizean goizetik jo eta sua aritu dira milaka grebalari lurralde osoan barrena, zaintza sistema publiko komunitarioa aldarri eta kaleak astintzen. Oraindik amaitu ez den prozesu baten mugarri historikoa izan da gaurkoa.

Beste behin ere herria egiteko, antolatzeko eta mobilizatzeko gaitasun izugarria erakutsi dugu, eta luzaro ezkutuan egon den arren, azalera ekarri dugu zaintzaren auzia, baita lehenengo lerrora ekarri ere: trafikoa geldiarazi dugu, produkzioan eragitea lortu dugu, ehunka ikasketa eta lanzentro hustu ditugu… hala ere, behar-beharrezkoak diren lanetan dihardutelako, emakume askok gaur ezin izan dute grebarekin bat egin. Aitortza berezia merezi dute, eta horrek erakusten du zaintza-jarduna zein puntutaraino den esentziala. Guztiok behar dugu zainduak izan, baina, horrez gain, zaintza guztion ardura da, eta ezin daiteke soilik emakumeen bizkar jarri; izan ere, gaur egun emakumeak eta, bereziki, langile migratu eta arrazializatuak dira lan mota hauen (izan ordainpeko enpleguak edo ordaindu gabeko lanak) zama daramatenak. Gainera, atzerritartasun legeak eta bestelako politika arrazistak egoera hori betikotu baino ez dute egiten.

Hala, gaurko ekimenen bidez enpresariak interpelatu ditugu, baita instituzioak ere. Izan ere, lehenengoek emakumeon doako lanen eta enplegu prekarizatuen bidez, besteak beste, negozioa egin eta poltsikoak betetzen dituzte; bigarrenek, berriz, horretarako alfonbra gorria ezartzen dutela argi dago. Esate baterako, nabarmentzekoa da Euskal Herriko nagusien egoitzen gehien-gehiengoa pribatizatuta dagoela. Horrez gain, baina, gizonei ere exijitu diegu behingoz beren gain har dezaten arlo honetan dagozkien erantzukizunak.

Etorkizunean Euskal Herrian izan nahi dugun Zaintza Sistema Komunitarioa eraikitzen hasteko bultzada ikaragarria izan da gaurko eguna. Eredu berri horrek, hain zuzen ere zaintzarako eskubide kolektiboa bermatu behar luke, gaur egun ez baita horrela gertatzen. Lehen mailako arazo politikoa da, eta hala heldu behar zaio. Horretarako deia luzatu diegu gaur euskal instituzioei.

Aipatu bezala, gaurko Greba Feminista Orokorretik indartsu aterako gara, eta bihartik aurrera ere antolatzen eta sareak ehuntzen jarraitzeko oinarri sendoa ezarri dugu. Euskal Zaintza Sistema Publiko Komunitarioa dugu irabazteko!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gasteizko Mercedesen Aldi Baterako Laneko Enpresen presentzia handiak prekarizazioa dakarrela salatu dugu

Mercedeseko LAB, ELA eta ESK-k, lehenik eta behin, argi utzi nahi dugu Mercedes-Benz Gasteizko lantegian egiten ari den inbertsioak eta apustua bere plantillaren eta inguruko industriaren profesionaltasunaren eta lan onaren emaitza direla.

Esku-hartze sozialeko langileek elkarretaratzea egin dute Zaramagako Bizan berriaren inaugurazioan

Gasteizko alkate Maider Etxebarriari eta Gizarte Politiketako zinegotzi Lucho Royerori eskatu diete benetako bitartekaritza bat abian jar dezatela sektorearen gatazka konpontzeko; izan ere, dagoeneko 7 greba-egun eta mobilizazio ugari pilatu dituzte, erakundeak jarrera pasiboa izan duten bitartean.

Bergarako eta Zarauzko Ibilgailuen Azterketa Teknikoko langileak greban

Bigarren greba eguna izan dute gaur ITASUAko beharginek, eta egoera desblokeatu eta benetako negoziazioa ahalbidetu ezean, greba mugagabeari ekingo diote.