2026-09-26
HomeEkintza SindikalaGipuzkoako esku hartze sozialeko langileek Aldundiaren egoitzaraino eraman dituzte euren aldarrikapenak

Gipuzkoako esku hartze sozialeko langileek Aldundiaren egoitzaraino eraman dituzte euren aldarrikapenak

Donostian manifestazioa egin ondoren, eserialdia egin dute Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean. Adierazi dute hilabete igaro direla Gipuzkoako Esku-hartze sozialeko IV. Hitzarmen kolektiboa negoziatzeari ekin ziotenetik. Hedatzen patronalak sindikatuekin izandako bigarren bileran eragin ekonomikoa zuten gai guztiak irailean negoziatuko zituela adierazi zien arren, orain argi utzi die Aldundiaren eta Udalen onespenik gabe ezingo duela inolako akordio ekonomikorik sinatu; gainera, salatu dute Aldundiak gaur gaurkoz ez duela KPIa bermatzeko inolako konpromisorik adierazi.

Egoera honen aurrean, euren aldarrikapenen berri eman dute gaurko protestan:

Alde batetik, Aldundia eta Udal Gobernu ezberdinak izanik eskaintzen dituzten zerbitzuen kalitatearen, bai eta langileon baldintzen arduradun nagusiak, datozen legealdian zehar langileon ordezkari diren sindikatu eta zerbitzuen kudeaketaz arduratzen diren enpresetako zuzendaritzekin elkarlan bat abiatu dezatela sektoreak dituen erronkei eutsi eta lan baldintzak hobetzeaz gain, zerbitzuen kalitatea ere hobetzeko: eros ahalmena bermatuz, lan-kargak gutxitzeko neurriak hartuz (ratioak aldatuz eta hobetuz), lana eta bizitzaren kontziliaketa hobe baterako neurriak ezarriz eta langile helduenen jubilazioa erraztuz edota klasifikazio profesionala eguneratuz. Horretarako, LAB, ELA eta CCOO sindikatuekin hitzartutako bileran, langileen lan-baldintzak hobetzera zuzenduriko konpromezuak hartzeko exijitzen diote Gipuzkoako Foru Aldundiko Zainketa eta Gizarte Politiken Departamentuari.

Bestetik, Hedatzen patronalari bere hitza bete eta benetan negoziatzeko eskatzen diote. “Ez dugu ahaztu behar Hedatzen patronala dela mahaian alderdi sindikalarekin batera esertzen dena, eta ondorioz, edukiak negoziatzeko ardura duena. Horregatik, KPIa bermatu eta sektoreko langileen lan baldintzak hobetzen dituen akordioa sinatu dezan eskatzen diogu”, gaineratu dute.

Azkenik, Gipuzkoako herritarrei adierazi nahi diete, gaur-gaurkoz aurrera pausurik egon ez denez, Ekintza Sindikala martxan jarri dutela, blokeo egoera honi irtenbide eman eta lan baldintzak hobetuko dituen Hitzarmen Kolektiboa erdiesteko. “Azken finean, jokoan dagoena ez baita gure eros ahalmena edo gure lan baldintzen hobekuntza bakarrik, kalitatezko zaintza eta gizarte zerbitzuak jasotzeko gipuzkoar guztiok dugun eskubidea baizik”, azpimarratu dute.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Udalhitzeko negoziazioari atea itxi diote EAJk eta PSEk, EHBilduk negoziatzen jarraitzeko borondatea agertu duen bitartean

Urriaren 8ra bitarteko epea daukate edukiak ekarri eta langileen ordezkariekin adosteko. Bestela, udal sektore osoak grebara joko du.

Greba mugagabean dauden ITASUAko langileei babesa erakusteko manifestazio jendetsua Bergaran

Dagoeneko 77 egun daramatzate greban Zarauzko eta Bergarako Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren (IAT/ITV) zerbitzuko beharginek, eta enpresa mugiarazi eta negoziazioaren blokeoa eten arte borrokan segitzeko...

LABek eta ELAk bilera eskatu diogu Pradales lehendakariari, 1.500 euroko gutxieneko soldataren alde patronalari aurre egin diezaion eskatzeko

Gutxieneko soldata Hego Euskal Herrian erabakitzearen aldeko 145.000 sinadura jaso eta greba orokor arrakastatsu bat egin ondoren, LABen eta ELAren iritziz Eusko Jaurlaritzak ezinbestean gizartearen nahiari bide eman beharko lioke eta Imanol Pradales lehendakariak lidergo argia erakutsi beharko luke patronalaren zein PSE-EEren eta EAJren betoa gainditzeko.