2026-09-20
HomeEkintza PolitikoaGreba Feminista Orokorra erregistratu dugu Hego Euskal Herrian

Greba Feminista Orokorra erregistratu dugu Hego Euskal Herrian

Atzo Nafarroarako Iruñean egin bezala, gaurko egunean, LAB, ELA, STEILAS, ESK, EHNE, ETXALDE eta CGT sindikatuok azaroaren 30erako EHko mugimendu feministak iragarritako Greba feminista Orokorraren EAEko deialdia erregistratu dugu Bilbon, Jaurlaritzaren egoitzan. Zaintza lanak kolektibizatu eta berrantolatzeko premia jarri du mahai gainean Garbiñe Aranburu LAB sindikatuko koordinatzaile orokorrak.

“Pertsona guztiok ditugu zaintza beharrak eta zaintza guztion ardura da; zaintza lanak aitortu eta banatu behar dira eta gizonek dagokien ardura hartu behar dute”, adierazi du Aranburuk. Halaber, nabarmendu du bizi dugun zaintza krisiaren arrazoi nagusia ez dela bilakaera dmografikoa, baizik eta emakumeok* sistema bidegabea eta bideraezinaren aurrean errebelatzen ari garela.

“Lanaren banaketa sexual eta arrazistaren eraginez, zaintza lanak emakumeon* bizkar erortzen dira, eremu pribatuan edo lan merkatu arautuan prekarioan egiten diren lanak dira, kasu askotan emakume migratu eta arrazializatuen esplotazioan oinarritzen dira. Egoera hau eraldatzeko, urgentziazkoa da greba hau”, adierazi du koordinatzaile orokorrak. Hala, zaintzaleen baldintzak duintzea premiazkotzat jo du, eta instituzioak interpelatu nahi izan ditu, Zaintza Sistema publikoa eratzeko ardurari hel diezaioten.

Deitzaileak garen sindikatuok bat egiten dugu Euskal Herriko Mugimendu Feministak plazaratutako diagnostiko eta aldarrikapenekin.

Greba Feminista orokorraren aldarrikapen nagusia zaintza eskubide kolektiboa eraikitzea da, zaintzen egungo antolakuntza soziala eraldatuz eta Euskal Zaintza Sistema publiko-komunitario duina eraikiz. Gizarte osoa dago deituta, emakume zein gizon.

Azkenengo 3 urteetan zehar Euskal Herriko Mugimendu Feministak prozesu parte hartzaile emankorra eraman du aurrera, beste hainbat eragile sozial eta sindikalekin batera. Lanketa honen emaitza diagnostiko bateratu bat eta aldarrikapen amankomun batzuk izan dira. Eta aldarrikapen hauek egikaritzeko, greba feminista orokorra deitu dugu gaurkoan.

Greba feminista orokorrak lantokietan inzidentzia izateko helburua du, baita zaintzaren erdiguneko ardura izango duen zerbitzu publiko indartsu batzuen alde borrokatzeko ere, eta aldi berean horietatik haratago doa. Pertsona guztiak gara interdependenteak, hau da, guztiok dugu bizitzan zehar zainduak izateko premia eta baita zaintzeko ardura, guztiok interpelatzen gaitu.

Horretarako hurrengo aldarrikapenak ditugu:

Zaintza sistema duin baten alde:
– Zaintza duinen unibertsaltasuna eskubide gisa aitortzea eta bermatzea. Zaintza zerbitzuetan pribatizazioarekin eta azpikontratazioarekin amaitu. Sistema publikoa garatu eta indartu behar da.
– Etxez etxeko zerbitzua indartu eta garatu behar da.
– Zaintza lanak transbertsalki landu beharra dago: hezkuntzan, osasungintzan eta lan eremuan.
– Zaintzeko baimenak zabaldu behar dira: loturagramak aldarrikatzen ditugu familia eredu tradizionala gainditzeko eta nahi ditugunak zaintzeko.

Bizitza duinen alde:
– Lan jarduna murriztu soldata murriztu gabe, hau da, zaintzeko denborak bermatu.
– Zaintza-lanen birbanaketa gizonek haien ardura har ditzaten.

Zaintza langileen baldintza duinen alde:

-Etxe barruko erregimena desagerrarazi
– Lanaren Nazioarteko erakundearen 189. hitzarmena bere osotasunean berretsi Etxeko lana lan-erregimen orokorrean sartu eta gutxieneko soldataren gainetik jarri
– Zaintza sektoreetako langileen lan-baldintzak hobetzea

Azkenengo urteetan anitzak izan dira sektore feminizatuetan eta zaintza esparruetan emandako borrokak eta lorpenak ere. Emakumeak borrokaren lehen lerroan gaude. 2023an, alegia, Hego Euskal Herrian grebak egin dituztenen 2/3 emakumeak izan dira. Ezin da , beraz, borroka feministaren izaera eraldatzailea.

Greba Feminista Orokorrak jendarte osoa interpelatzen du. Zaintza guztion ardura da, eta horien antolaketa sozial eta ekonomiko justuago baten aldeko borroka ere bai. Denon bizitzak erdigunera ekartzeko, azaroaren 30ean denok kalera!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Sidenorren akordio markoaren negoziazioaren eratzea eten dadila eskatzen dugu, langileoi hitza emateko

Basauriko lan zentroan erreferenduma egitea eskatu dugu, marko horretan jarraitu beharko litzatekeen edo ez erabakitzeko.

Voestalpine Railway Systems JEZ-en langile baten diziplinazko kaleratzea salatzen dugu eta beldurra kudeaketa-tresna gisa erabiltzeaz ohartarazten dugu

Sindikatuaren ustez, erabakia justifikaziorik gabea eta neurriz kanpokoa da, eta ohartarazi du horrelako erabakiek presio giroa eta segurtasunik eza sortzen dutela langileen artean.

Ekialdebuseko lankide batek jasandako erasoa salatzen dugu

Ez da halako zerbait gertatzen den aldia, eta segurtasun arazoa salatu du Oarsoaldeko eta Bidasoaldeko autobus zerbitzuko LABek. Oraingoan E05 linean gertatu da, Errenteriako Beraungo anbulatorioaren parean.