2026-05-01
HomeZerbitzu PublikoakGarraioaBizkaiko garraio publikoko tarifen igoera bertan behera utz dezatela eskatu dugu

Bizkaiko garraio publikoko tarifen igoera bertan behera utz dezatela eskatu dugu

Garraio publikoan ordezkatuta dauden sindikatu guztiok agerraldi bat egin dugu gaur Bilbon, sistema bateratu justuago bat eskatzeko. Bizkaiko Garraio Partzuergoa eta Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu diegu Bidai txartel berrietan 10 eurotik gora izandako igoera baliogabetzeko, eta garraio-sistema bateratu justuagoa, kalitatezkoa eta Bizkaia osoaren beharretara egokitutakoa exijitu dugu. Era berean, ostiralean egingo dugun elkarretaratzean parte hartzeko dei egin dugu. Protesta 11:30ean izango da, 3 linearen Zazpikaleetako geltoki berriaren aurrean (San Nikolas plaza), "Txartel bakarra bai, garraio publiko bateratu eta kalitatezkoa gehiago ordaindu barik" lelopean.

Duela hiru urte ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK eta USO sindikatuok bat egin genuen Bizkaian txartel bakarra izateko adierazpenean, Bizkairako tarifa-sistemak behar zituen 6 oinarriak bilduz.

Kolektibo sozial eta alderdi politikoei aurkeztu genien adierazpena, eta babes handia jaso genuen, oro har, eta txartel bakarraren eta tarifa-sistema bateratuaren alde etengabe lan egiteko konpromisoa ere bai.

Hiru urteren ondoren, Bizkaiko Garraio Partzuergoak eta Bizkaiko Foru Aldundiak ezusteko desatsegina eman digute garraio-txartel sorta eta tarifa-sistema berriak sortu dituztenean garraio- alorrean ordezkatuta gauden 6 sindikatuok 2014an eskatu genizkien baldintzak eta irizpideak inola ere bete gabe.
Jarraian bi ereduen arteko aldeak azalduko ditugu, labur eta xehe, baita Vicente Reyes Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Saileko Foru Diputatuak “Bizkaia zuretzat konektatzen dugu” kanpainarekin saldu gura dizkigun gezur eta zentzugabekeriak ere ”:

-PREZIO BERA, TARIFA BERA, EDOZEIN GARRAIOBIDE ERABILTZEKO BGPk eta BFAk asmatutako sisteman metroko bidaiak saritu eta beste operatzaileetan egiten direnak zigortzen dira.

-ZENBAT ETA GEHIAGO ERABILI, HAINBAT ETA MERKEAGO. Hileko txartelen erabiltzaileak dira bidaia gehien egiten dituztenak, eta fideltasunik handiena diotenak garraio publikoari. BIDAI txartel berriekin, ordea, metroan % 30 eta Euskotrenen % 50 garestitze neurrigabea jasango dute.

-TXARTELAREN PREZIOA PERTSONEN ERRENTAREN ARABERAKOA IZATEA. Diru sarrera txikienak dituztenek garraio publikoa erabiltzea errazteko urratsak eskatzen ditugu, adinarengatik eta egoera bereziengatik soilik merkatzearen sistema gaindituz.

-ZERBITZU PUBLIKOA ETA KALITATEZKOA BERMATZEA. Herritarrei ahalik eta garraiobiderik onena bermatzeko eskatzen dugu ea, ondorioz, dauden lanpostuak ere ziurtatzea. “Metro” sistema lehenetsi eta gainerako operatzaileak baztertzen dituen eredua alboratu behar da.

-ERAKUNDE BAKARRA GARRAIO PUBLIKOAREN OPERATZAILE GUZTIAK KOORDINATZEKO. Bizkaiko Mugikortasunaren Agintaritza sortzean operatzaileak elkarren osagarri izatea sustatu behar du, bikoizteak eta elkarren arteko lehiak saihestu eta, hartara, zerbitzuaren kalitatea hobetzeko. Eragile sozialen eta erabiltzaileen iritziak eta parte-hartzeak ere lekua izan behar du erakunde horretan.

-BIZKAIA OSOA ERABILGARRIA. Bizkaiko Garraio Partzuergoak proposatzen duen gune-sistemak hiriburutik urrunen dauden udalerriak zigortzen ditu, metroaren sistema bateratutik kanpo ere utziz. Guk Bizkaia osoarentzat justuagoa izango den sistema proposatzen dugu.

Horregatik guztiarengatik, ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK eta USO sindikatuok Bizkaiko Garraio Partzuergoari eta Bizkaiko Foru Aldundiari eskatzen diegu, batetik, bertan behera uzteko berehala BIDAI 50, 70 eta ORO txartelen tarifa-igoera neurrigabea eta, bestetik, Bizkaiko tarifa- bateratzearen sistema berriro pentsatu eta eredu berriak gure idatzi honetan eta 2014ko adierazpenean esandako irizpideak kontuan hartzeko.

Horrela baino ez dugu lortuko garraio publikoaren zerbitzua benetan hobetzea, orokorrean, erakundeen, operatzaileen, langileen eta gizartearen ikuspegietatik.

Era berean, jakinarazi nahi dizuegu hainbat eragile sozialekin hitz egiten hasiko garela Txartel Bakarraren aldeko lan egonkor eta iraunkorra egingo duen Foroa antolatzeko, aldarrikapen hori gizarteratu eta esparru ezberdinetatik eskatuko bada, gizarteak mugikortasunarekin eta garraioekin loturik dauden erabakietan parte hartzea bermatuko bada.

Azkenik, dei egin dugu hau salaketarako eta aldarrikapenerako elkarretaratzera “TXARTEL BAKARRA BAI, GARRAIO PUBLIKO BATERATU ETA KALITATEZKOA GEHIAGO ORDAINDU BARIK” lelopean ostiralean, apirilak 7, 11:30ean 3 linearen Zazpikaleetako geltoki berriaren aurrean (San Nikolas plaza).
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

00:13:27

Garbiñe Aranburu: “Inor atzean ez uztea da faxismoaren eta oldarraldi atzerakoiaren aurrean eman dezakegun erantzunik hoberena”

Langileok eragin da aurtengo leloa. Eragiten ari gara. Gaur berriro Euskal Herri osoan kalean gara, eskualdez eskualde. Aipamen berezia Ipar Euskal Herriko gure kideei. Urteetako lan nekaezinak emaitzak eman ditu, eta intersindikaleko sindikatuekin batera Baionan eta Maulen ere mobilizatu gara.

LABek sinatu du Nafarroako zahar egoitzetako lehen aurreakordioa, sei urteko borroka sindikalaren ostean

LAB sindikatuak Nafarroako zahar egoitzetako hitzarmen kolektiboaren lehen aurreakordioa sinatu du, sei urteko mobilizazio eta antolakuntza sindikala eta gero. Hitzarmenak hobekuntza nabarmenak izango ditu...

Erandioko Udaleko langileak mobilizatu egin dira gaur, Erandioko udalak hasi asmo duen etxez- etxeko laguntzaren pribatizazioaren aurka

Urteak daramatzate etxez- etxeko laguntza zerbitzua indartzea exijitzen. Alde batetik, zerbitzurako sarbidea izan beharko luketen erandioztar guztiei eskubidea bermatzeko eta bestetik, ematen den zerbitzuaren...