2026-10-02
HomeUncategorizedOsakidetzako larrialdietako langileek beren egoera jasanezina salatu dute Legebiltzarrean

Osakidetzako larrialdietako langileek beren egoera jasanezina salatu dute Legebiltzarrean

Urteak daramatzagu langileen lan-baldintzen hobekuntzak negoziatzen, kontratazio hobeago batekin, zerbitzuaren birdimentsionamendua, prestakuntza gehiago, lan-hitzarmena betearazten… baina ezer gutxi edo ezer ezin izan da negoziatu zerbitzutik pasatu diren zuzendaritza ezberdinekin.

Azken urte honetan, egoerak okerrera egin du. Langraitzen, laster, bizi-euskarri aurreratuko anbulantzia barri bat hasiko da martxan. Guztiok eskatzen genuen anbulantzia hori, baina ez egungo lan-eskubide asko galtzen duten langileen kudeaketarekin. Hilabeteak daramatzagu errespetatu beharreko lan-eskubide horien alde borrokan, eta Emergentziak Osakidetzako zuzendaritzaren aldetik ez dago borondaterik benetako negoziazio batekin konpontzeko.

Joan den hilean, Emergentziak Osakidetzako zuzendari gerenteak agerraldi bat egin zuen Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean. Bere adierazpenak, osatu gabeak eta partzialak izan ziren eta haserre handia sortu zuen Emergentziak Osakidetzako langile guztiengan.

Gainera, duela hilabete batzuetatik hona, Emergentziak zerbitzuan, urteko 365 egunetan 24 orduz gauden zerbitzua izanik, ez dira betetzen herritarrei arreta ezin hobea emateko ezarritako gutxienekoak ere. Hori langileen kudeaketa txarretik dator, aspaldidanik daramagunetik, eta ez da hobetu borroka sindikala eta banakakoak borrokatu duten arren.

Haserre eta jasanezintasun egoera honen aurrean, Legebiltzarrera itzuliko gara. Osakidetzako Emergentziak Zuzendaritzak benetako negoziaziorako borondaterik ez duela adierazteko eta langileentzako eta zerbitzuarentzako baldintza duinak eskatzeko, eta horrela, euskal herritarrei erantzun duina eman ahal izateko.

ELA, CCOO, LAB, SATSE, ESK, SME, UGT sindikatuek elkarretaratzea egin dute Eusko Legebiltzarraren aurrean. Horrez gain, Emergentziak Osakidetzan ordezkari garen sindikatuok Rebeka Ubera EHBilduko bozeramailearekin bildu gara, zerbitzuan bizi dugun egoeraren berri emateko eta horren aurrean neurriak hartzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Salatzen dugu Bilboko Portuko amarratzaileen aurka kaleratzeak, zigorrak eta presioa darabiltzala enpresak

Enpresak berriz ere marra gorri bat zeharkatu du: beste ordezkari sindikal bat kaleratu du bere eginkizun sindikala betetzeagatik eta langileen eskubideak eta lan-baldintzak defendatzeagatik. Enpresak mobilizatzen direnei eta lantaldearen alde aurpegia ematen dutenei ezarritako zigorren beste adibide bat da azken kaleratze hau.

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.