2026-02-02
HomeLAB Sindikatua9. Biltzar NagusiaGarbiñe Aranburu: "Ezin da beste eredu sozio-ekonomiko bat eraiki burujabetzarik gabe"

Garbiñe Aranburu: “Ezin da beste eredu sozio-ekonomiko bat eraiki burujabetzarik gabe”

Datozen asteetarako antolatutako solasaldi zikloari ekin diogu gaur, Andoainen, Martin Ugalde kultur parkean. Lehen hitzorduak ‘Des-Herria: hausturak eta etenak Euskal Herrian’ azterlana aurkezteko balio izan du, baita LABek ikerketak jasotzen dituen arazo sozio-ekonomikoei zein erantzun emango dizkien azaltzeko ere. Ipar Hegoa Fundazioak eta Gaindegiak osatu dute txostena, eta LABeko ordezkari Garbiñe Aranburuk eta Gaindegiko Imanol Esnaolak hartu dute hitza.

“Zer egingo dugu hemen eta orain eskubideak eta ametsak gauzatzeko, gure oasis txiki hau artikulatzeko? Horren defentsa guri dagokigu”. Imanol Esnaolaren hitzak dira hauek, ‘Des-Herria: hausturak eta etenak Euskal Herrian’ azterlanak jasotako argazkia azaldu eta gero esandakoak. Alarma gorria piztuta dago, emandako datuen arabera; prekarietatea izugarri hazi da Hego Euskal Herrian, besteak beste. "Atzera egiten ari gara herri eta langile gisa”, ohartarazi du Garbiñe Aranburuk. 

Hain zuzen ere, komunitate batek bere pertsonak babestu behar dituela azaldu du LABeko ordezkariak, eta Euskal Herrian hori ez dela gertatzen esan du. Honen aurrean, burujabetza baino beste biderik ez dagoela nabarmendu du: “Ezin da beste eredu sozio-ekonomiko bat eraiki burujabetzarik gabe. Burujabetza osoa ekarriko digun prozesu bat gauzatu behar dugu”. Estatu propio bat eraikitzeko nahikoa aberastasun eta berezitasun propioak ditugula azpimarratu du, eta prozesua azkartu behar dela berretsi. Hain justu, hori da LABen lehentasun nagusietako bat datozen urteetarako, 9. Biltzar Nagusiko ponentzia politiko-sindikalean jasotakoaren arabera.

Hala ere, Aranburuk argi utzi du ez zaiola zertan burujabetzari itxaron behar hainbat neurri hartzeko: “Beste zerga politika batzuk egiteko, adibidez”. Arazoa da ez dagoela eztabaida modu lasaiean egiteko aukerarik: “Talka egiten dugu Estatuarekin eta kapitalarekin, baita honen menpe dauden erargile politikoekin ere”. Langileen hitzak erabakigarria izan behar duela adierazi du, eta horri bide emateko marko eraginkorrik ez dagoela salatu du: “Gehiago dira gobernuak legitimatzeko markoak. Eztabaida ezin da lau pareten artean geratu, kalera atera behar da, eragileak dauden lekura”.

Aranburuk esan du alternatibak egunez egun elikatu behar direla, egon badaudelako, eta sindikatuaren praktika sozialistak norabide hori duela. Instituzioei exijitzen jarraitzea ezinbestekoa dela adierazi du, erakundeek prekarietatearekin amaitu nahi ez badute, egungo ereduarekin talka egin nahi ez dutelako delako. Izan ere, egungo ereduaren menpe daude.

LABek helburu bikoitza duela jakinarazi du: herritarren eta langileen baldintzak hobetzea eta Euskal Herriaren biziraupena bermatzea. “Ez dugu denbora galtzeko, azkartu egin behar dugu burujabetza prozesua”, erantsi du.

Iruñean eta Donostian, otsailaren 21 eta 23an

LABen solasaldi zikloak jarraipena izango du datozen asteetan, beti ere datozen urteetako sindikatuaren lerroan zentralitatea izango duten gaiak mahai gainean jartzeko helburuarekin. Euskal Herriaren egoera sozioekonomikoa, sindikalgintzaren erronkak, sindikalgintzaren ekarpena borroka sozialei, feminismoa sindikalgintzan, ekintza sindikal berria, Euskal Herrian mugaren alde bateko eta besteko harremanak eta sindikalgintza nazioartean izango dira, besteak beste, jorratuko ditugun gaiak.

Iruñean eta Donostian izango dira hurrengo hitzorduak, otsailaren 21 eta 23an, eta burujabetza izango dute hizpide.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Tubos Reunidoseko enplegu suntsiketa oro gaitzesten du eta enpresari zein erakundeei erantzukizunak eskatzen dizkie

LABek erabat gaitzesten du Tubos Reunidoseko zuzendaritzak Amurrioko eta Trapagarango lantegietan iragarritako EEEa. Ez dugu onartzen egoera koiuntural baten eta erabaki estrategiko okerren kostua langileei...

Euskaraz lan egiteko eta bizitzeko eskubidea bermatzeko exijitu du LABek administrazio publikoen aurrean

Hego Euskal Herriko administrazio publikoetan euskarak gaztelaniak dituen eskubide berberak izan ditzan aldarrikatu du LABek Bilboko, Donostiako eta Gasteizko administrazio publiko nagusien aurrean. Iruñean...

Estaños Matiena enpresak langile baten heriotza eragin du, hainbat salaketa jasota bazituen ere

Ostiral arratsalde honetan laneko heriotz berri baten berri izan du LABek. Zumaiako Estaños Matiena enpresan. H.O.L. 32 urteko langileak pieza handi baten kolpea jaso...