2026-11-02
HomeEkintza SozialaHelduak eta PentsiodunakPentsio sistema publikoaren defentsan dinamika abiatzera goaz

Pentsio sistema publikoaren defentsan dinamika abiatzera goaz


Madrilgo Gobernuak pentsioen arloan daraman politika antzua salatu du gaur LABek, politika horrek sistema publikoa suntsitu eta likidatzea dakarrela ikusita. Hala salatu dute prentsaurrean LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek eta politika sozialetako idazkari den Bea Martxuetak. Ondoan izan dituzte Joxean Urkiola, batzorde sozioekonomikoko kidea, eta Carlos Ruiz, LABeko pentsiodunen arloaren izenean. “Sistema txikitzen ari dira, errekurtso horiek beste helburu batzuetarako baliatuz”, salatu dute.

Eta horrela da. Kotizazioak erasotuz —diru-sarrera iturri nagusiak— pentsioen finantziazioa galarazten ari dira. LABek irmoki gezurtatzen du sistemaren bideraezintasuna bere izaera publiko eta unibertsalaren lotzen dutenen argudioa. “Hori ez da horrela. Politika neoliberalak dira sistema bideraezin egiten dutenak, publikoa dena suntsitzen dutelako. Publikotasunak aberastasunaren birbanaketa dakar, eta hor murritzagoa da espazio eta negozio pribatua. Sistema publikoa likidatzen ari dira jendeari gezurra esanez eta engainatuz, jendarteari bizkar emanda”, diote LABeko bozemaleek.

Horri, gainera, patronalen estrategiak gehitu behar zaizkio, “soldatak erasotzeko egindako lan erreforman oinarrituak”. Alegia, egungo soldatak dira sistemaren jasangarritasuna ezinezko egiten dutenak, ez adinekoen kopurua eta haien bizi itxaropena.

“Urteetan entzun dugu Espainiatik banatzeak euskal herritarron pentsioak arriskuan jarriko lituzkeela; orain, Espainiako Erreinua da likidazioaren bidea egiten ari dena”, salatu du Etxaidek. Ez du, gainera, benetako ekimen politikorik ikusten euskal instituzioen eremutik.

Madrilek bai ala bai bide hori egingo badu ere, LABek posible ikusten du Euskal Herrian bestelako bide bat urratzea. Hala ere, sindikatuaren kezka agerikoa da EAJk egingo duenaren aurrean, hari entzundakoak entzunda, “sistema pribatu osagarriak hemen garatzeko interes handiagoa dutelako, sistema publiko unibertsalaren alde (hemen eta Madrilen) borrokatzeko baino”.

LABetik diogu garaia dela pentsio sistemaren etorkizunari buruzko eztabaidari ekiteko euskal eragile politiko, sindikal eta sozialen artean. Ez dugu Espainiako sistemaren etorkizunaz hitz egin nahi, benetako eztabaida bat egin nahi dugu, Euskal Herrian guztiontzako pentsio duinak bermatzeko eztabaida, alegia.

Horregatik guztiagatik, LABetik “ekimen politiko eta instituzional erreal bat” aldarrikatzen dugu, gizarte segurantzako euskal sistemaren eraikuntzarako, enpleguaren sorrera helburu duen politika erreal eta eraginkor batekin. Eta ekimen berriak iragarri nahi ditugu: Gobernuak interpelatuko ditugu eta beren programetan sistema publikoa defendatu duten aldardiei aurkeztuko diegu gure proposamena, “ordua delako agenda neoliberalari aurre egingo dion eremu politiko eta sozial bat eratzeko”.

Pertsonen bizi kalitaterako hain erabakigarria den kontu bat ezin du “gaiari heltzeko asmorik adierazi ez duten” instituzioen esku geratu. Ordua da “eztabaida sozial erreal bat” egiteko etorkizuneko euskal pentsio sistemaren ereduaz eta bideragarritasunaz. Halaber, mobilizazio soziala berreskuratzeko deia egiten dugu, pentsio sistema publikoaren defentsan.
Horretarako ekimen berriak abiatzera goaz, “eztabaida soziala sustatu eta pentsio sistema publikoaren defentsa lantokietako agenda sindikalean berriro kokatzeko”.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Osakidetzako langileek irmoki erantzun diote greba deialdiari, eta kaleak bete dituzte lehenengo greba egunean

Eguerdiko manifestazioek milaka pertsona bildu dituzte, osasun zerbitzuko kategoria guztietako beharginak eta osasungintza publikoa babesteko herri plataformetako kideak eta herritarrak barne.

Osakidetzako grebaren baitan Osasun Sailean eserialdia egin dugu

Bilboko egoitzan ekimena egin dugu goizean, eta Alberto Martinez sailburuari eskutitza helarazi ahal izan diote haren idazkariaren bitartez. Greba eguna oso arrakastatsua izaten ari da....

Nafarroako administrazioko langile guztiek 60 urterekin erretiroa hartu ahal izatea eskatu dugu

Gaur goizean LAB sindikatuak elkarretaratzea egin du Nafarroako Jauregiaren aurrean, urtarriletik aurrera langileok enegarren eskubide-igalera pairatuko dugula salatzeko: erretiro adin arrunta 67 urtera atzeratzea....