2024-05-05
HomeEkintza SindikalaEz zaituztegu bakarrik utziko. Geuk ere, berriro egingo genuke

Ez zaituztegu bakarrik utziko. Geuk ere, berriro egingo genuke

Borroka sozialetan errepresaliatutako kideek agerraldia egin dute gaur, Bilboko EAEko Auzitegi Nagusian. Bertan, datozen egunotan epaituko dituzten Iñaki Montes, Alexis Rodríguez eta David González langileei euren babesa helarazi diete. Kartzela zigorrei egin behar diete aurre hirurek.

Borroka sozialetan errepresaliatutako kideen adierazpena

"Gaur, hemen, batu gara gure elkartasuna eta besarkadarik beroena eskaintzeko azaroaren 24an eta 29an epaituak izango diren herrritarrei. Batzuk (Iñaki Montes) Troikako ordezkariek Bilbora etorri zirenean egindako protestengatik epaituak; besteak (Alexis Rodriguez eta David Gonzalez), beraien lanpostuen defentsan egindako borrokaren ondoren, enpresariaren mendeku gogoagatik auziperatuak.

Berton gaudenok, gure bizitzako momenturen batean borroka sozialen batean parte hartzeagatik errepresioa pairatu dugu: kartzela, epaiketak, isunak… Errepresioaren aurpegi ezberdinak ezagutu ditugu, grebako piketeetan egoteagatik; eredu jasangarri baten alde borroka egiteatik; gure lanpostuen defentsan aritzeagatik; langile, gazte eta ikasleon eskubideen alde altxatzeagatik. Eta gaur bertora hurbildu gara mezu argi batekin: geuk ere, berriro egingo genuke!

Hori da batzen gaituena, eta ondorengo hau da egin nahi dugun ADIERAZPENA:

Neoliberalismoak agintzen du. Krisi ekonomikoaren aitzakiarekin inoiz ezagutu dugun eraldaketa sozial atzerakoienaren erdian gaude. Elite ekonomiko eta politikoen batasunak erreforma ziklo oso bat martxan jarri du, langileok, gazteok eta emakumeok berriro ere jarriz beraien aberasteko anbizioaren jopuntuan.

Erreformek prekarietate eredu berri bati ireki nahi diote atea. Eredu horretan hazkunde ekonomikoaren ardatza ez da eredu ekonomiko jasangarri bat, aberastasuna banatzen duen eredu bat; alderantziz, ekonomiaren ardatza langileon prekarietatean kokatzen dute. Langileok, pertsonak izatetik aldagai ekonomiko bihurtu nahi gaituzte. Eredu honetan lan erreproduktiboak ez dauka lekurik, ezta ingurumenak ere, eredu honetan ez dago gerorik, ez dago hurrengo belaunaldientzako lekurik.

Badakite eraldaketa hori ezin daitekeela egin jendartearen babesarekin, badakite jendarteak ez duela babestuko beraien seme-alabak prekarietatera kondenatzen dituen eredua. Horregatik, errepresioa da elite ekonomiko eta politiko horrek duen bitartekoa erresistentzia guneen aurrean. Horren adibide, horren tresna nagusi Mozal legea, bertoko instituzioak ere gogo onez ezartzen ari direna.

Hemen kokatu behar ditugu 24ko eta 29rako auziperatuen kontrako kartzela zigor eskaerak. Gaur egun, eta ez soilik Euskal Herrian, langileen eta aktibista sozialen kontrako kartzela zigorrak biderkatu egin dira, eta jada zoritxarrez lehenengo presoak ere ezagunak dira. Norabide errepresibo horretan elite ekonomiko eta politikoek berriro ere elkarrekin lanean daude: patronalak eskatu, politikariek onartu eta fiskalek gauzatu.
Euskal Herriak ez du agintzen erreforma ziklo horretan. Dena, kanpotik eratorria eta inposatua izan da, hemengo langile eta jendarteak ez dugu eredu ekonomikoaren inguruan erabakitzeko eskubiderik.

Erreforma ziklo hau ez da krisi bat gainditzeko ezarri, inposatu dituzten aldaketak estrukturalak dira eta luzerako geratzeko jarri dituzte martxan. Krisia aitzakia izan da, elite ekonomiko horren araberako eredu antisoziala erabat eraikitzeko.

Euskal Herrian denontzako aberastasun nahikoa sortzen da. Jatorri industrialak eta kokapen geografiakoak aukerak ematen dizkigu eredu ekonomiko jasangarri bat eraikitzeko, non aberastasuna sortzen eta banatzen den, gazteei lekua egiten diena eta aukera berdintasuna bermatu dezakeena. Ez dago diru faltarik, arazoa da eredu ekonomikoa erabakitzeko eskubiderik ez edukitzea. Hemen bizi eta lan egiten dugunok erabaki behar dugu zein den gure lan harreman eredua. Eta gainera, Euskal Herrian badago gure eredua erabaki nahi duen gehiengo argia.

Euskal Herriak berriro ere borrokatu behar du bere geroagatik, gure geroa erabakitzeko. Ezin dugu onartu inposatzen digutena, ezin dugu onartu lanpostuak eta eskubideak lapurtzea inpunitate osoz. Soilik antolatzen den herriak lortuko ditu bere helburuak.

Guzti horregatik behin eta berriro esango dugu: geuk ere, berriro egingo genuke borrokan!

Gure babes osoa erakusten diegu auziperatu hauei zein etorkizunean antzerako gaiengatik egon daitezkeenei. Eta dei egiten diegu herritarrei errepresioaren aurrean deitutako mobilizazio ezberdinetan parte hartzeari. "

PARTE-HARTZAILEAK

-JEZeko langilea eta Troika Bilbon egon zeneko auziperatua, Iñaki Montes, azaroaren 24an epaituko dutena.

-TMAko auziperatuak diren Alexis Rodríguez eta David González, azaroaren 29an epaituko dituztenak

-Troika Bilbora etorri zenenko inputatuak oraintsu arte

-Deustoko grebalarien ordezkaritza

-Greba orokor batean Gernikako piketean parte hartu zuten kideen ordezkaritza

-Sar Quavitae enpresako langileak

-Iberdrolako Dorrera sartu zirenen ordezkaritza

-AHTko proiektua salatzeagatik errepresaliatua

-INCOESA enpresako langileen ordezkaritza

-Tubos Reunidos enpresako langileak

-IKEAn egindako ekimen batengatik errepresaliatuen ordezkaritza

-Confebasken egindako ekimen bategatik auziperatuak

 

 

 


AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Endanea Gardenen greban gaude, ez baitugu mehatxurik onartuko

Hondarribiako Endanea Garden enpresako langileak greban daude gaurtik (maiatzak 3) igandera arte. Hilabete daramate mobilizazioak aurrera eramaten eta enpresak, horiei kasu egin eta dagokion erantzukizuna bere gain hartu ordez, jazarpena darabil langile hauen kontra.

60 erakunde sozial eta sindikal baino gehiagok bat egin dute maiatzaren 11ko mobilizazioekin

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik Iruñearen kasuan eta 17:00etan Jesusen Bihotza plazatik Bilbon. Gainera, mobilizazioen aurretik, borrokak partekatzeko topaguneak antolatu ditugu, gizarte-kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaioekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin. Iruñean 10:00etan izango da Gaztelu plazan eta Bilbon 12:00etatik aurrera Areatzan.

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.