2026-10-06
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaAuzitegi medikuak martxoaz geroztik daude greban

Auzitegi medikuak martxoaz geroztik daude greban


Aurtengo martxoz geroztik, auzitegi medikuak, astero irten dira kalera pairatzen duten egoera salatu eta bestelako lan baldintzak aldarrikatzera. Hilabeteak pasa diren arren Eusko Jaurlaritzak gure errebindikazioei jaramonik egin gabe jarraitzen du eta langileek borrokan jarraitzen dute.

Auzitegi medikuen oharra:

Aurtengo martxoz geroztik astero egin izan ditugu hainbat eta hainbat protesta ekintza. Batzuetan oihartzun handiagoarekin beste batzuetan baino, baina agertu izan gara hedabideetan.
Aspaldi honetan ez prentsa idatzian ezta telebistan ere ez agertzeak ez du esan nahi Eusko Jaurlaritzak gure errebindikazioei jaramon egin dienik edo guk borrokari uko egin diogunik. Aldiz, oso bestelakoa da errealitatea.

Gure errebindikazio taulak honako hiru elementu ditu:

1. Guardia osteko deskantsua. Europar araudia betetzeaz gain, Auzitegi Medikuntzako Euskal Erakundeko langile guztientzat eredu bera.

2. Benetako beharrizanak aintzat harturik prestakuntza plana osatzea, medikuntzako azken aurrerapenei egokiturik eta kalitatezko zerbitzua helburutzat harturik;

3. Osakidetzako medikuek duten gutxieneko mailari dagokion lansaria.

Lehenengo bi puntuetan Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak argibide agiri bana atera du kontu horiek konpondu nahi dituelako eta horrela auzitegi medikuei leporatu ahal izateko greba egiten dutela diruagatik.

Benetan gertatzen dena baina, oso ezberdina da:

• Gertaeraren batengatik gauez lanera joan behar baldin badute, hurrengo egunean atsedena hartzen dute beti autopsia laguntzaileek; horrelakoetan, auzitegi medikuak, batzuetan, lan egitera behartzen dituzte.

• Prestakuntza dela eta, gutxi gorabehera 80.000 €ko plana aurkeztu digute baina ez dauka benetako edukirik. Izan ere, ikastaro jakin bat eskatu izan dugunean erantzun digute ez dagoela planaren barruan, planak aurrekontua eduki eta onartuta egon arren edukiez bete behar dela. Eusko Jaurlaritzari esan diogu harro agertzen duen gardentasuna froga dezala eta azal diezagula zertan gastatu behar duen diru hori. Oraindik ez dugu erantzunik jaso.

Osakidetzarekiko parekotasuna dela eta, EAJk tematuta segitzen du gure ordainsariak beheratzen. Osakidetzan gutxien kobratzen duen medikuarekin ez parekatzeaz gain, izendapen askez hautatutako karguei igoera itzela egin nahi die, inork horrelakorik eskatu gabe ere. Eusko Jaurlaritzak gatazka honetan duen jokabidearen beste lagin bat.

Gurea ez da errebindikazio ekonomikoa, duintasun eskaera baizik. Hainbat esparrutako espezialista zereginak egiten ditugu, esaterako, ginekologia, psikiatria edo beharrezkoa den beste espezializazio batzuk ere. Dena den, parekidetasunari uko egin eta beste kolektibo batzuekiko gure lana mesprezatzen segitzen du: espetxeetako osagileek Osakidetzako maila bajuenean kokatu zituen Jaurlaritzak eskumenak jaso bezain laster.

Gure aldarrikapenak bloke zatiezina dira eta ez dugu ametituko guretzat zein herritarrentzat engainua lekarkeen proposamenik. Adibidez, hatzamarrez aukeratutako karguak diruz saritzea edo zergapekoen dirua xahutzea prestakuntza plan ilunetan.

Eusko Legebiltzarraren agindua betetzeko eskatu diogu Justizia Sailari: EH-Bildu, PSE-EE eta PPk eskatu zioten Jaurlaritzari auzitegi medikuak behingoz parekatzeko. Hala ere, EAJk uko egiten dio Parlamentuaren gehiengoa aurka badu ere. Zer espero daiteke gobernuan egon arren Eusko Legebiltzarraren agindua bete nahi ez duen alderdi batetik?

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Pedrosa sailburuari eskatzen diogu euskara indartzeko neurriak hartzeko, baliabide berriak ezartzeko, akordioak garatzeko eta digitalizazioaz hausnartzeko

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburua Hezkuntza Batzordean izan da gaur, azken hilabetean eztabaida publikoa eragin duten PISA azterketako emaitzen inguruko azalpenak emateko eta egoerari aurre egiteko proposatzen dituen neurriak aurkezteko. Era berean, azken ebaluazio diagnostikoaren emaitzak, hizkuntza-gaitasunen egoera eta Hezkuntza Sailak hartuko dituen neurriak izan ditu hizpide.

Gernika-Palestinak hilaren 8rako deitutako mobilizazioetan parte hartzera dei egiten dugu

Elkarretaratzeak egingo dira ostegun honetan Euskal Herriko udaletxeetan, 19:00etan. LABek bat egingo du mobilizazio horiekin eta dei egiten du, munduko herrien eta langileen aurka ari den inperialismoaren aurrean, elkartasun internazionalista areagotzera.

Estatu mailan argitaratu berri den grafikagintzako hitzarmenak Arabako eta Nafarroako sektoreko langileen prekaritatea betikotzen du

LABen beti defendatu izan ditugu Euskal Herrian lan egiteko eta erabakitzeko esparruak, hemen negoziatu eta erabakitzeak lan-baldintza hobeak lortzeko aukera emango ligukeelako.