2024-05-02
HomeFederazioakZerbitzu PribatuakGipuzkoako Eraikin eta Lokalen Garbiketako hitzarmena berriz ere negoziatzen hasteko baldintzak sortzearen...

Gipuzkoako Eraikin eta Lokalen Garbiketako hitzarmena berriz ere negoziatzen hasteko baldintzak sortzearen aldeko apustua egiten dugu

Post pandemia kurtsoa bukatuta, berria hasi genuen irailean eta kezkaz bizi dugu oinarrizkoak izan garenon lana aitortu gabe jarraitzen duela ikusteak. Garbitzaileak gara, Gipuzkoako eraikin publiko zein pribatuak garbitzen ditugunak, ikastetxeak, enpresak, supermerkatuak, bankuak edota eskatzak. Gu gabe ezin dira gainontzeko lanak aurrera eraman. Baina baieztapen hori ikusezin izaten jarraitzen du.


Gipuzkoako garbitzaileon azken lan hitzarmena 2018koa da. Pandemiaren aitzakiarekin, gure eskubideen defentsa bigarren mailan jarri genuen, jendarte osoaren mesedetan. Baina bada garaia gu entzuteko. Azken bilera 2020ko ekainean izan zen. Ez patronalak ez gehiengo duen sindikatuak ez zuen mugimendurik egin negoziaketak bide onetik jartzeko.

Hitzarmena negoziatzen 2017an hasi zen arren, azken urtebete pasatxoan ez da mahai negoziatzailearen bilerarik egon. Gure aldarrikapen nagusia Gipuzkoako Garbiketa sektorean ere dagoen soldata arrakala ezabatzea da. Izan ere, eraikin eta lokaletako garbitzaileek 7.971,04€ gutxiago jasotzen dute urtean Kale Garbiketako kideekin alderatuta, gehienak gainera gizonak. Hau da, bien arteko aldea % 31,25ekoa da. Hori da soldata arrakala: gizonek eta emakumeek jasotzen dituzten lan sarien artean dagoen aldea. Baina arrakala soldata ezberdintasuna baino gehiago da. Eta hau, emakumeak garelako gertatzen da. Lan esparru feminizatuetan prekarietate handiagoa dago; emakumeen lana gizonezkoena baino gutxiago baloratzen da.


Langile guzti hauen errekonozimendua beharrezkoa da, eta horretarako LABek soldata duin baten aldeko borrokan jarraituko du. Bestalde, kontuan izanik sektore honetan pairatzen dituzten lanaldi partzialak, LABek lanaldi minimoen aldeko eskaera berretsiko du batetik eta baita ere, lanaldi partzialean lana egiten duten langileen konpentsazioa.


Nazkatu gara gehiengo horien adostasuna noiz iritsi zain egoteaz. Bagoaz gure behar eta eskaerak lehen lerrora ekartzea. Badugu nondik ikasi. Bizkaiko garbitzaileek, borrokaldi eredugarria egin dute LAB eta ESK sindikatuen babesarekin sortutako “Gora Garbitzaileak” plataformaren bidez. Borroka horrek bere fruituak eman ditu, eta Bizkaiko Hitzarmena berritzea lortu dute. Orain, gure txanda da!


Guzti honengatik, sinetsita gaude orain dela abagunea. Emakumeen borroka zein garbitzaileen lanaren balioa aho guztietan dabil bolo-bolo. Horregatik, lan honen atzean dauden langileen aurpegia eta lan zein bizi baldintzak agerian utzi nahi ditugu, eta hitzak hitzarmen duin batean bilakatu.

Gure lanaren bidez aberatsen den patronalari mezu argia bidaltzen diogu: soldata arrakala garbituko dugu! 1300X15 lortzera goaz!
LABek negoziazioari berrekiteko konpromisoa hartzen du, sektoreko langileak antolatu eta Gipuzkoako Eraikin eta Lokalen Garbiketako hitzarmena berriz ere negoziatzen hasteko baldintzak sortzearen aldeko apustua egiten dugu, bai urte hauetan galdutako eros ahalmena berreskuratzeko baita datozenetako lan baldintzak hobetzeko. Horregatik zaigu ezinbestekoa zure babesa.


Hemendik gutxira, zure enpresan hauteskunde sindikalak burutuko dira eta antolatzeak berebiziko garrantzia du; Horretarako ezinbestekoa da gehiengoak aldatzea. LABen hautagai izatera eta gure aldeko bozka ematera animatzen zaitugu. Gehiengoak aldatzeko garaia da.


Zurekin bagara!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Sindikalismotik askapen nazionala eta soziala sustatzera goaz

Krisi ekosozialak alternatiba baduela berretsi eta enpleguaren, lanaren eta ondasunaren banaketaren alde egiteko garaia da, eta hala azpimarratu dugu gaur Anaitasunan, aldarrikapenerako ez ezik ospakizunerako ere tartea utzi duen Maiatzaren Lehen honetan.

Basogintza intentsiboak 22 urteko langilea hil du Artzentalesen

Joan zen astean Artzentalesen basogintza lanetan larriki zaurituriko M.A.A, 22 urteko langilea, azkenean hil egin da zauri larrien ondorioz.

Akordio historikoa #LortuDugu Ranzari Enplegu Zentro Berezirako, langile gehienek berretsita

Joan den martxoaren 22an, LAB sindikatuak aurreakordioa lortu zuen Santurtziko lantokiko gerentziarekin, eta apirilaren 19an langileen batzarrean berretsi zen. Bada, orain hitzarmena sinatu dute.