2024-05-06
HomeEkintza SindikalaLAB, SATSE, ELA, SME, CCOO eta UGT sindikatuok mobilizazio-dinamika hasi dugu Osakidetzan,...

LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO eta UGT sindikatuok mobilizazio-dinamika hasi dugu Osakidetzan, negoziazioa eskatzeko eta gure osasun publikoa babesteko

Osakidetza demokratizatzeko, Mahai Sektorialaren blokeoa gainditu behar da, eta plantillako ordezkariekin edukiak izango dituen benetako negoziazioa bultzatu behar da.

Asko hitz egin da egunotan elkarrizketarik ezaz eta Osakidetzako Zuzendaritzaren jarrera inposatzaileaz. Zoritxarrez, Osasunaren Mahai Sektorialeko kide diren LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO eta UGT sindikatuontzat egoera hori ez da berria. Denbora asko daramagu salatzen Mahaia foro huts bihurtu dela, informatiboa, bertan ez dela benetako negoziaziorik egiten, eta Osakidetzak nahi duenari eta nahi duenean bakarrik heltzen diola. Egoera horrek, hobera egin beharrean, okerrera egin du, eta horrek erabateko blokeora eraman gaitu. Eta hori, bai profesionalentzat, bai herritarrentzat, gure osasun publikoaren narriadura oso nabaria den une honetan. Eusko Jaurlaritzaren propagandak ezin du herritarrek zuzenean pairatzen duten errealitatea ezkutatu.

Gogoratu behar da urte hasieran sindikatuok Mahai Sektorialetik altxatu ginela. Uda ostean, gauza bera egin dugu berriro. Aldi berean, eta egoera desblokeatzeko asmoz, bi aldiz deitu diogu Osakidetzako Zuzendaritzari Lan Harremanen Kontseiluan bilera bat egitera, eta Osakidetza ez da bilera bakarrera ere joan. Azken kapitulua abenduaren 7an izan zen. Egun horretan, Osasun Saileko buruzagitzarekin bildu ginen, sailburua buru zela, eta, beste behin ere, Sailaren elkarrizketarako borondate eza eta inposaketaren aldeko apustu sendoa egiaztatu ahal izan genuen.

Errealitate bakarra da Osakidetzak bere ibilbide-orriarekin jarraitzen duela, langileen aldarrikapen bakar bati ere erantzun gabe, eta, gainera, existitzen ez den negoziazioaren itxura egiteko erabili nahi duela mahai sektoriala. Uda aurretik bultzatutako mobilizazioei ere ez die jaramonik egin: manifestazio jendetsuak, langileek zein herritarrek era masiboan bultzatutakoak, eta lau greba egun. Mobilizazio horiek Osakidetzaren egiturazko arazo larrien, langileen eta herritarren gogaitasunaren eta premiazko konponbideen beharraren isla argia izan dira.

Argi dago Osakidetzaren gobernantza-ereduari eta barne-demokrazia sustatzeko premia larriari buruzko hausnarketa egin behar dela. Bertikaltasuna eta inposaketa Osakidetzako Zuzendaritzatik hasten dira, baina Euskal Osasun Zerbitzuaren barne-egitura osora hedatzen dira. Mahai Sektorialeko sindikatuok azpimarratu dugunez, Osakidetzaren demokratizazioak Mahai Sektorialaren blokeoa gainditzea eta plantillako legezko ordezkariekin edukiak izango dituen benetako negoziazioa bultzatzea eskatzen du, eta hori guztia, denbora luzez sindikatuok salatzen ari garen gure osasun publikoa hondoratzearen aurrean benetako eta berehalako konponbideak abian jartzeko helburuarekin.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak zioen 100 profesional baino gehiagori irekitako prozesu parte-hartzailea bultzatuko dela Osakidetzan. Gogorarazi behar dugu Osakidetzak 37.000 langile baino gehiago dituela; beraz, benetako parte-hartzea sustatu nahi duen edozein prozesuk, kategoria guztiak, lurralde guztiak eta estamentu guztiak ordezkatuko dituen askoz ere kopuru handiagoa behar du.

Bitartean, lan-prekarietateak gure osasun publikoaren arazo handienetakoa izaten jarraitzen du: %50etik gorako behin-behinekotasun-tasa, hamarkada batean erosteko halmenaren %20tik gorako galera, lan-gainkarga sistematikoa, langileen eskasia, etab. Aldi berean, Deustuko, Zumarragako eta San Martingo PACetan, Santiago Ospitaleko larrialdietan eta Basurtuko bihotzeko kirurgia ixteko proiektuan aplikatutako murrizketek indarrean jarraitzen dute. Eta murrizketa berriak planteatzen ari dira Lehen Mailako Arretan Gabonetan, baita lan-baldintzetan ere, Garapen Profesionalean aplikatu nahi den murrizketa erradikal eta justifikaziorik gabea, besteak beste. Osakidetzako kategoria guztietan eta hiru lurraldeetan ematen diren arazoen aurrean gaude.

Errealitate gordin hori ikusita, LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO eta UGT sindikatuok ezinbestekotzat jotzen dugu langileak eta herritarrak elkartuko dituen mobilizazio-dinamikari ekitea. Lehenbiziko urrats gisa, elkarretaratzeak deitu dituzgu Osakidetzako lantoki guztietan abenduaren 22rako, ostegunerako, 11:00etan ospitale guztietan eta 13:00etan Lehen Mailako Arretako zentro guztietan. Gabonak igarota, mobilizazioekin jarraituko dugu, langileek eta herritarrek kaleak osasun publikoaren alde bete ditzaten.

Gotzone Sagardui sailburuak uztailean “kultura berria” aipatuz esandako hitzek, ematen ari diren neurriak eta murrizketak aurreratu zituzten. Bere sailak bazekien erabakien aurkako jarrera egongo zela, baina edozelan ere hartu hartuko zirela ziurtatu zuen. Premiazkoa da Osasun Sailak Osakidetza desegiten eta langileen lan-baldintzak prekarizatzen jarraitzea eragoztea.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gernikako anbulantzia medikalizatua medikurik gabe

Atzo, Maiatzak 5, Bermeotik, Lekeitio, Durango eta Zeanurirarteko emergentziazko osasun asistentzia bermatzen duen Gernikako anbulantzia medikalizatua medikurik gabe egon zen, Osakidetzako Larrialdietako Zuzendaritzak duen kudeaketa txarra tarteko.

Dei egiten dugu aurtengo lehenengo hilketa matxistaren aurrean Emakumeen Mundu Martxak deitutako mobilizazioetan parte hartzera

Maiatzaren 3an, 34 urteko emakumea* indarkeria zantzuekin hilda agertu zen Donibane Lohitzuneko hotel batean. 2024an Euskal Herrian izandako lehen hilketa matxista izan da eta LABetik, bat egiten dugu Emakumeen Mundu Martxak deitutako mobilizazioekin eta euretan parte hartzeko deia egiten dugu.

Osakidetzako zuzendaritzak ikuztegi lanak publifikatu behar ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian LABi arrazoia eman dion epaiaren ondoren

LABek antzeman zuen Santa Marina Ospitaleko ikuzketa-lanak pribatizatuta jarraitzea nahi zuela Osakidetzak. Zuzendaritzak pribatizazioaren alde egindako apustu berri horren aurrean, sindikatuak errekurtso berezi bat jarri zuen 2023ko otsailean, eta Kontratu Errekurtsoen Administrazio Organoak onartu egin zuen. Horren aurrean, Osakidetzak EAEko Auzitegi Nagusira jo zuen, eta azken horrek ontzat jo du LABek aurkeztutako errekurtsoa. Hala, zeregin horiek egiteko kanpoko enpresa bat kontratatzen jarraitzea galarazi du.