2024-05-06
HomeEkintza SindikalaEAEko Hezkuntza Saileko Heziketa Bereziko kontsolidazio deialdiak negoziatzeko eskatu dugu Bilboko Lurralde...

EAEko Hezkuntza Saileko Heziketa Bereziko kontsolidazio deialdiak negoziatzeko eskatu dugu Bilboko Lurralde Ordezkaritzaren aurrean

EAEko Hezkuntza Sailari Heziketa Bereziko langileak egonkortzeko kontsolidazio-deialdiak negoziatzeko eskatu diogu Bilboko Lurralde ordezkaritzaren aurrean. Izan ere, deialdiak abenduaren 31 baino lehen argitaratu behar dituen arren, administrazioak oraindik ez du negoziazio-mahairik deitu.

2022/23 ikasturtea hasi denetik bi hilabete oso pasatu dira eta penagarria izan da orain arte Hezkuntza Sailak egindako kudeaketa eta langileokin izandako jokabidea. LABek behin eta berriz eskatu dio langileon eskariak entzun eta egoera bideratzeko bilerak egitea, baina ez du inolako erantzunik jaso.

Orain, salbuespeneko kontsolidazio lan eskaintza publikoen deialdiak abenduaren 31 baino lehen argitaratu behar direnean, ez dugu deialdien zirriborrorik ezta berau negoziatzeko bileraren hitzordurik ere. Heziketa Bereziari dagokionez, Hezkuntza laguntza espezialisten, Fisioterapeuten, Okupazio terapeuten, Zeinu-hizkuntza interpreteen, Transkriptoreen eta Gizarte langileen deialdiak negoziatu behar dira.

Hezkuntza Saila, LEParen eskaintza negoziatzerakoan erakutsi zuen negoziatzeko borondate eskasa erakusten ari da oraingoan ere. Bere aldetik, LAB, kolektibo hauetan lan esperientzia erabakitzailea izateko eta kolektibo bakoitzaren ezaugarriei egokitutako deialdia edukitzeko borrokatuko da. Hezkuntza Sailari argi adierazi nahi diogu langileok gai honetan ere zer esana badugula.

Heziketa Berezian egindako azkenengo Lan Eskaintza Publikoak aspaldi izan dira: Hezkuntza laguntza espezialistena 2008an egin zen, Fisioterapeuta eta Okupazio terapeutena, 2002an, eta Transkriptoreena, 1989an. Zeinu hizkuntza interprete eta Gizarte langileenak, aldiz, ez dira inoiz egin.

Administrazioak urte luze hauetan kontratazioan egin duen iruzurra epaitegietara eraman du LABek. Alde batetik, obra eta zerbitzuengatik egiten zituzten kontratazioak behin eta berriz errepikatzen zirela salatu dugu, eta epaitegiek langile horiei mugagabe ez-finko izaera aitortu diete. Bestalde, azkenengo LEPa gainditu eta oraindik behin-behinekotasunean dauden langileen egoera salatu dugu, eta epaileek finko izendatu dituzte azken hauek.

Gauzak horrela, Bilboko Hezkuntza lurralde ordezkaritzan atzo egin genuen elkarretaratzean, berandu baino lehen deialdiak negoziatzea aldarrikatu dugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Endanea Gardenen greban gaude, ez baitugu mehatxurik onartuko

Hondarribiako Endanea Garden enpresako langileak greban daude gaurtik (maiatzak 3) igandera arte. Hilabete daramate mobilizazioak aurrera eramaten eta enpresak, horiei kasu egin eta dagokion erantzukizuna bere gain hartu ordez, jazarpena darabil langile hauen kontra.

60 erakunde sozial eta sindikal baino gehiagok bat egin dute maiatzaren 11ko mobilizazioekin

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik Iruñearen kasuan eta 17:00etan Jesusen Bihotza plazatik Bilbon. Gainera, mobilizazioen aurretik, borrokak partekatzeko topaguneak antolatu ditugu, gizarte-kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaioekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin. Iruñean 10:00etan izango da Gaztelu plazan eta Bilbon 12:00etatik aurrera Areatzan.

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.