2026-05-03
HomeEkintza SindikalaGrebara deitu ditugu Bizkaiko merkataritzan, azaroaren 4 eta 25erako

Grebara deitu ditugu Bizkaiko merkataritzan, azaroaren 4 eta 25erako

Sindikatuon oharra, gaurko agerraldiaren harira:

Larrua eta oinetakoen merkataritzako, ehun-merkataritzako eta merkataritza orokorreko langileok ez ditugu gure hitzarmenak berritu 2007, 2014 eta 2018tik, hurrenez hurren. Denbora horretan, gure soldatak izoztuta mantendu dira, Lanbide arteko Gutxieneko Soldatatik gertu, bizitza etengabe garestitzen den bitartean. Ez da neurririk hartzen behin-behinekotasuna eta partzialtasuna geldiarazteko, eta ez dira eguneratzen sektorea eraldatzen ari den online salmentaren baldintzak. Sektoreko gehiengoa zaintza-kargak dituzten emakumeak gara, baina merkataritza-ordutegiek eta ustezko uztartze-neurriek ez dituzte gure benetako beharrak asetzen.

2019az geroztik ari gara negoziatzen, baina patronalak erosteko ahalmena galtzea dakarten igoerak zein guretzako garrantzitsuak diren eskubideei uko egitea planteatzen dituzte.

LABek eta ELAk hurbileko merkataritza txikia defendatzen dugu kontsumo arduratsuaren eredu gisa. Horregatik, bai astero mobilizatu garen 4 hilabeteetan zehar, bai egin ditugun zazpi greba-egunetan ere, kate handietan eta merkataritza-guneetan jarri dugu arreta.

Baina CECOBI eta Bizkaidendak patronaletako enpresa eta elkarte bazkideak, batez ere, saltoki txiki eta ertainak dira, eta horrek mugitu gabe eroso egotea eragiten du, grebek beste enpresa batzuei eragiten dieten bitartean.

Badakigu merkataritza txikiak zailtasunak dituela, baina ez gaude prest bere irabazi-marjina gure kontura handitzeko. Merkataritza txikiko langileek kate handien eskubide berberak izan behar dituzte, eta sektoreko hitzarmena da hori bermatzeko tresna.

Horregatik, hemendik aurrera, CECOBI eta Bizkaidendak elkarteetako bazkideen ateetan ere mobilizatuko gara, hitzarmenen negoziazioa blokeatzen eta sektoreko langileak pobretzen ari direlako.

Ehun, larru eta oinetakoen merkataritzako eta merkataritza orokorreko hitzarmen duinen alde, azaroak 4 eta 25ean, GREBA!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

00:02:45

[ARGAZKI GALERIA]: Birbanaketa politikak eta langileen aldeko neurriak aldarrikatu ditugu Euskal Herri osoan egindako 26 manifestaziotan

Eskualdez eskualde mobilizatu da sindikatua Maiatzaren Lehenean, etxebizitza eskubidearen, kalitatezko zerbitzu publikoen eta soldata nahiz pentsio duinen aldarrikapenak ardatz hartuta.
00:13:27

Garbiñe Aranburu: “Inor atzean ez uztea da faxismoaren eta oldarraldi atzerakoiaren aurrean eman dezakegun erantzunik hoberena”

Langileok eragin da aurtengo leloa. Eragiten ari gara. Gaur berriro Euskal Herri osoan kalean gara, eskualdez eskualde. Aipamen berezia Ipar Euskal Herriko gure kideei. Urteetako lan nekaezinak emaitzak eman ditu, eta intersindikaleko sindikatuekin batera Baionan eta Maulen ere mobilizatu gara.

LABek sinatu du Nafarroako zahar egoitzetako lehen aurreakordioa, sei urteko borroka sindikalaren ostean

LAB sindikatuak Nafarroako zahar egoitzetako hitzarmen kolektiboaren lehen aurreakordioa sinatu du, sei urteko mobilizazio eta antolakuntza sindikala eta gero. Hitzarmenak hobekuntza nabarmenak izango ditu...