2024-05-05
HomeUncategorizedKezka EAEko ikastetxeetan hatzetako margoek osasunean sor ditzaketen kalteen aurrean

Kezka EAEko ikastetxeetan hatzetako margoek osasunean sor ditzaketen kalteen aurrean

Ikastetxeetan antzeman zen amiantoaren kasua ezagutu ondoren, oraingoan ezagutu dugu hatzetako pinturak osasunarentzat kaltegarria izan daitezkeela.
Alerta Kontsumoko Euskal Institutuaren (Kontsumobide) eskutik etorri zaigu, zeinak ohartarazten baituen Jovi eta Alpino markek, besteak beste, kalteak eragin diezazkioketela osasunari, pozoitzeak eta infekzioak sor ditzaketela. Azpimarratu, marka horiek erabili ohi direla ikastetxetan.

LABek kezka adierazi nahi du honen aurrean. Kezkatu egiten gaitu EAEko Hezkuntza Sailak nola kudeatu duen berriro honelako arazoa.

Sindikatuei ez zaigu inoiz honen berri eman. Zirkular baten bidez egin zezaketen, ikastetxeekin egin den bezala. Gure ustez, sindikatuko ordezkariak garenez, ikastetxeetan osasun arriskuekin zerikusia duten egoerak ezagutu beharko genituzke.
Prebentzio politika egokia izan dadin maila guztietan ezarri behar da, ez da ulertu behar oinarrizko langileengan uzten den zeregintzat. Are gehiago, aipatu oinarrizko langile horiek, lan arriskuei dagokienez, daukaten prestakuntza eskasean erreparatzen badugu.

Ez dugu ulertzen Cristina Uriarteren saila erabiltzen ari den isiltasun dinamika. Informatuak gaudela bakarrik aurkez ditzakegu prebentzioari loturiko proposamenak. Informazioak errazten du osasunaren zaintza. Prestakuntzak egokia izan behar du eguneroko zereginean jasan ditzakegun arriskuak eragozteko eta ezabatzeko.

Dakiguna hedabideen bidez jakin dugu. Ez deritzagu biderik hoberena esparruak partekatzen ditugun eragileen arteko harremanari eusteko.

Sail horrek berriro agertu du ezer gutxi kezkatzen dela, edo ez dela kezkatzen, harremanetarako bidea zabalik edukitzeko, nahiz eskola komunitatea osatzen dugun eragile guztienganako eta gutako bakoitzarenganako nolabaiteko sentikortasuna agertzeko.
Amiantoarekin gertatu bezala, LABek ez du utziko hau guztia isilarazten saia daitezen. Inguratzen gaituzten eta gure osasunari kalte egin diezaioketen produktu eta gai guztien egiazko erregistroa egin dadin egingo dugu lan.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Endanea Gardenen greban gaude, ez baitugu mehatxurik onartuko

Hondarribiako Endanea Garden enpresako langileak greban daude gaurtik (maiatzak 3) igandera arte. Hilabete daramate mobilizazioak aurrera eramaten eta enpresak, horiei kasu egin eta dagokion erantzukizuna bere gain hartu ordez, jazarpena darabil langile hauen kontra.

60 erakunde sozial eta sindikal baino gehiagok bat egin dute maiatzaren 11ko mobilizazioekin

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik Iruñearen kasuan eta 17:00etan Jesusen Bihotza plazatik Bilbon. Gainera, mobilizazioen aurretik, borrokak partekatzeko topaguneak antolatu ditugu, gizarte-kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaioekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin. Iruñean 10:00etan izango da Gaztelu plazan eta Bilbon 12:00etatik aurrera Areatzan.

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.