2026-08-06
HomeEkintza PolitikoaJaurlaritzak onartu duen Gizarteratzeko eta Diru Sarrera Bermatzeko lege aurreproiektuaren aurrean, babes...

Jaurlaritzak onartu duen Gizarteratzeko eta Diru Sarrera Bermatzeko lege aurreproiektuaren aurrean, babes sistemaren inguruko eztabaida sakona eta erroko eraldaketa aldarrikatu ditugu

Gasteizko Gobernuak iragarri berri du DSBE Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) eta Bizitzeko Gutxieneko Diru Sarrerak (BGDS) elkartuko dituen lege egitasmoa. LABek sakonki aztertu, ondorioak partekatu eta ekarpenak egingo baditu ere, gaurkoan garrantzitsutzat ditugun hainbat gakotan jarri nahiko genuke arreta.

Hasteko, aurreproiektu honen abiapuntua okerra dela deritzogu. Idoia Mendia egungo sistemaren “arrakastaz” mintzo zaigu eta LABen ustez diagnostikoa guztiz kontrakoa da. Egun EAEn dugun babes sistemak ez die egungo pobrezia eta prekarietate sozial egoerei aurre egiten. Porrot egin duen eredua da, egungo egoera kronifikatzen duen sistema den heinean.

Eredu asistentzialistan oinarrituta, urtez urte diru kantitatea murriztuz eta sarbide baldintzak gogortuz, eskubide gisa murriztuz joan den prestazioa izan da DSBErena. Hau gutxi balitz, hartzaileen kontrol neurriak areagotu eta kriminalizazio kanpaina etengabeak bizi behar izan ditugu.

2021ean, 54.145 onuradunek jasotzen dute DSBE, % 57,8 emakumeak da eta % 42,2 gizonezkoak. Horietatik % 47,4ak etxebizitza osagarria jasotzen du, % 23,7a pentsioduna zen eta %16,2 guraso bakarreko bizikidetzaunitatea. Era berean, pobrezia egoeran dauden herritarren %31ak ez du prestaziorik jasotzen, eta jasotzen dituztenetatik % 52,6a ez da pobrezia egoeratik ateratzen, 2020ko Pobreziaren eta Gizarte-Ezberdintasunen inkestaren arabera. Horra Mendiarentzako “arrakastatsua” den eredua.
Bigarrenik, agerikoa da pobretzeaz eta bazterketa sozialaz, honen arrazoiez zein honi aurre egiteko neurriez luze eta sakon hitz egin behar dugula. Are gehiago langileok dagoeneko bizi dugun krisi ekonomiko eta soziala areagotu dituen bi urteetako osasun larrialdia zein Europaren bihotzean irekitako gerra testuinguru batean.

Babes sistema indartu eta garatzea premiazkoa da. Eta horretarako, pobretutako eta egoera prekarioan dauden herritarren diru sarrerak bermatu beharra dago. Beste neurrien artean, prestaziook Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren neurrira parekatu behar dira, etxebizitza partekatuta ere, eskaria egiten duten pertsona bakoitzak jaso behar du prestazioaren kopuru osoa eta errolda eskakizuna urtebetera luzatu behar da gehienez.

2018an Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak 50.000 sinaduratik gora aurkeztu zituen Gasteizko legebiltzarrean eta EAJ-PSE-PP hirukoteak tramitea galarazi zuen. Iaz, LAB sindikatuak Euskal Herriko Lan Kodea eta Gizarte Segurantzaren Lege-egitasmoak erregistratu zituen parlamentuan. Bertan egungo eskumenekin erroko aldaketak gauzatzeko proposamenak jaso genituen, besteak beste babes sistema propioaren aldeko neurriak proposatuz. Duela egun gutxi, Oinarrizko Errenta Bermatuaren inguruko Herri Ekimen Legegilearen inguruko eztabaida ukatu dute EAJ, PSE eta PPk, oraingoan Vox-en bozka faxistarekin.

Amaitzeko, eztabaida sozial zabal eta demokratikoa galdegiten diogu Gasteizeko gobernuari, bizi dugun errealitateari erantzungo dion egiturazko aldaketak gauzatuko dituen proposamena egin dadin eta hedatzen ari diren pobretze eta prekarietate egoerarekin amaitzeko benetako neurri politikoak hartu daitezen.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Navarrabiomed kalera atera da bere lana ezagutarazteko eta Nafarroako Osasun Sistema Publikoaren ikerketa ahalmena indartuko duen hitzarmen duin bat exijitzeko

Fundazio publikoko Langileen Batzordeak borondatea eskatzen du hitzarmen propiorik gabeko 40 urte luzeko epealdiari amaiera emateko. Behin eta berriz aldarrikatu du ezinbestekoa dela ikerketa...

Greba egingo dute abuztuaren 14tik 16ra Gipuzkoako Moeve gasolindegietako langileek lan baldintzak hobetzearen alde

Abuztuaren 14ko 22:00etatik abuztuaren 16ko 22:00etara egingo dute greba Moevek Gipuzkoan dituen 16 gasolindegietako 150 langileek. Enpresa batzordea LABeko 5 ordezkarik eta ELAko 3k...

Afiliazioaren jaitsierak eta langabeziaren igoerak sistemaren narriadura erakusten dute

Iazko uztailean baino 902 langabe gehiago daude Hego Euskal Herrian, horrela, 134.433 langabe daude izena emanda. Ekainarekin alderatzen badugu ere langabeziak gora egin du,...