2026-10-09
HomeZerbitzu PublikoakEusko JaurlaritzaEusko Jaurlaritzak inposatutako telelan eredua aukera berdintasunean eta lan baldintzetan inboluzio bat...

Eusko Jaurlaritzak inposatutako telelan eredua aukera berdintasunean eta lan baldintzetan inboluzio bat da

Pasa den astean EAEko Mahai Orokorraren bileran Eusko Jaurlaritzak bere azken zirriborroa aurkeztu zigun sindikatuoi itxurazko aldaketa batekin. Horrela, tramite hutseko mahaiari negoziazio itxura bat eman nahi izan zion, baina beste hainbatetan bezala, prozesuaren hasiera-hasieratik argi zegoena berretsi zuen: Eusko Jaurlaritzak telelanaren dekretua sindikatuon babesik gabe inposatu du, halaxe nahi eta ahal duelako.

LABek, kritika orokor hori egiteaz gain, zirriborroari hainbat ekarpen egin zizkion, baina Jaurlaritzak ez ditu jaso nahi izan. Telelan sistema hau langilearekiko mesfidantzan, botere harremanetan eta adiskidekerian oinarrituta dago eta langileen indibidualizazioan sakontzen du.

Telelana eta lan presentziala bateratu egin behar dira. Hurrenez hurren astean 3 egun telelan eta 2 egun presentzial proposatu ditugu, baina Jaurlaritzak ez du hori jaso nahi izan. Gainera, administrazioak soilik arrazoi teknikoak edo antolakuntzakoak izan beharko lituzke langilea lan presentzialera itzularazteko, betiere sindikatuokin adostuta.

Era berean, gehienezko lan denborak, gutxieneko atseden denborak eta ordutegia finkatuta egon beharko ziren, eta ez da bermatzen langilearen deskonexio digitala, ezta pribatutasuna ere.

Ez da telelana egin ahal izateko beharrezko materiala eta tresneria hornitzeko eta ordaintzeko berme argirik agertzen.

Genero ikuspegiari dagokionez, idazkera tranpatia agertzen da. Gai are garrantzitsuagoa pandemian garbi geratu denean gainkarga bat suposatu izan duela, batez ere emakumeentzat. Telelanak ez du balio izan kontziliaziorako tresna bezala, baizik eta kontrakoa. Modalitate honek gizon eta emakumeen artean duen proportzioari jarraipena egiteko aukera egon beharko litzateke.

Lan mota honek behar dituen teknologien eta lan osasunaren inguruko berariazko prestakuntza ere ez ditu jasotzen.

Aipatu bezala, Eusko Jaurlaritzaren agintekeria eta langileekiko begirune falta agerian gelditzen da bai arautegian bertan zein negoziazio prozesu osoan ere. Gehiengoa edukita, bere interesei begira dagoen proiektu hau ere inposatuko du, nahi eta ahal duelako. Arrabol honi aurre egiten jarraituko dugu langileok eta sektorez sektore, lantokiz lantoki, lan ez presentzialaren eskubidea langileon mesedetan kokatzeko borroka egingo du LABek.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Eskatzen dugu Avanza autobusetako gidariek zerbitzu bereziak egiteagatik dagokien ordaina jaso dezatela

Sindikatuari, noski, oso ondo iruditzen zaio garraio-zerbitzua hobetu nahi izatea eta herritarren eta bidaiarien joan-etorriak erraztea. Gidariak eurak dira zerbitzuak behar bezala funtzionatu dezan eta eta erabiltzaileen beharrei erantzun diezaien nahi duten lehenak. Hala ere, uste dute ez dela bidezkoa neurri berri bakoitza beti jende berberaren ahalegina baliatuz ezartzea.

Intersindikalak salatu du Correosen langile falta dagoela eta azaroaren 29ko hauteskunde deialdiaren aurrean langileen profesionaltasuna zalantzan jartzen dela

Intersindikala osatzen dugun erakunde sindikalok (LAB, CIG, ESK, Intersindikal Canaria, ELA eta CNT) oso kezkatuta gaude datorren azaroaren 29rako deitutako hauteskundeen eta Correosek gaur egun pairatzen duen langile faltaren egoeraren aurrean.

LABek eta ELAk bilera eskatu diogu Maria Txibiteri, Nafarroan 1.500 euroko gutxieneko soldata propioaren alde posizionatu eta ekimen politikoa abian jartzeko

CEN patronalak CCOO eta UGTrekin akordio interprofesionala negoziatzeari uko egin ondoren, eta Parlamentuak lege-proposamena hartu ez ondoren, Nafarroako Gobernuari bide politikoa berreskuratzea eskatuko diogu...