2024-05-07
HomeEkintza SindikalaAniztasun funtzionalaren sektorerako Bizkaiko hitzarmenaren negoziazioa zabaltzeko eskaria erregistratu dugu

Aniztasun funtzionalaren sektorerako Bizkaiko hitzarmenaren negoziazioa zabaltzeko eskaria erregistratu dugu

Bizkaiko aniztasun funtzionaleko sektoreko delegatuek mobilizazioa egin dute gaur Bilbon, Lan Harremanen Kontseiluaren aurrean, eta 2.000 langile baino gehiagok osatzen duten sektore honetarako hitzarmenaren negoziazioa zabaltzeko eskaria erregistratu dute bertan.

Sektore honetako langile gehienak emakumeak dira, zerbitzu publiko eta funtsezkoa ematen dutenak eta prekaritate egoera larriak bizi dituztenak. Langile asko daude behin-behinekotasun egoeran eta lanaldi partzialekin, ez dute erretirorako neurririk, lan arriskuen eta lan osasuneko arazoak dituzte, kontziliaziorako neurri eta ratio ez-nahikoak, eros-ahalmenaren galera, etab.

Langile hauek aniztasun funtzionala duten pertsonentzako zerbitzuak ematen dituzte. Zerbitzuaren titularitatea Bizkaiko Foru Aldundiak duen aurren, entitate pribatuek kudeatzen duten zerbitzu publiko hau, Aldundiarekin dituzten hitzarmen eta diru-laguntzen bidez.

LABen ustez bada garaia sektore honetako arazoei erantzun kolektiboa emateko. Honi lotuta, hau da sektorerako lortu nahi duena:

  • Indarrak batzea sektoreko egiturazko gabeziak ezabatzeko: behin-behinekotasuna, lan-osasuna, jubilazioak, erantzunkidetasuna, ratioak…
  • Sektoreko langile guztientzat, gutxienez EAEko KPIaren gainetik egongo den soldata-igoera baten alde borrokatzea.
  • Langileen batasuna, erakundeen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean interlokutore izateko.
  • Gizartearen aurrean ahots propioa duen subjektu bat izatea, langileek egiten duten lanari eta aniztasun funtzionala duten pertsonei aitortza emateko.
  • Langileak posizio hobean jartzea enpresa-hitzarmenak hobetzeko, eta era berean, enpresa-hitzarmenik ez duten langileentzat oinarrizko baldintza duinak lortzea.
  • Madrilgo negoziazioen menpe ez egotea, non guk ordezkari gisa aukeratu ez ditugunak hartzen dituzte erabakiak.

LABek hainbat gogoeta eta kontraste egin ondoren eman du urrats hau, bai sindikatuaren barruan, bai kanpoan, eta ahalik eta adostasun handienak bilatzen jarraituko dugu. Hurrengo egunetan fase bat irekiko dugu, aipatutako negoziazio sektorialean planteatuko ditugun edukien zehaztapena partekatzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bi greba egun deitu ditugu Nafarroako ANFAS-en, hitzarmenaren negoziazioan aurrera egiteko

Greba egingo dute maiatzaren 8an eta 11n, zuzendaritzari soldata igoerak eta erosahalmena berreskuratzea eskatzeko, besteak beste. Nafarroako Gobernuaren inplikazioa eskatzen dute lan baldintzak hobetzeko, azken 4 urteetan Gobernuak ANFASi bere aurrekontuaren bi heren dirulaguntzetan eman arren, lan baldintzak ez direlako hobetu.

Munduko Federazio Sindikalaren Herrien Koordinadorak garai berri bat hasi du

Maiatzaren 2an, arratsaldez, Munduko Federazio Sindikalaren Herrien koordinadorak bilera egin zuen. Sindikatu berriei ongi etorria emateaz gain, fase berri baten hasiera ekarri du bilera horrek, MFS-an afiliatutako estaturik gabeko nazioetako sindikatuen presentzia eta indarra gero eta handiagoa delako.

Gernikako anbulantzia medikalizatua medikurik gabe

Atzo, Maiatzak 5, Bermeotik, Lekeitio, Durango eta Zeanurirarteko emergentziazko osasun asistentzia bermatzen duen Gernikako anbulantzia medikalizatua medikurik gabe egon zen, Osakidetzako Larrialdietako Zuzendaritzak duen kudeaketa txarra tarteko.