2024-05-05
HomeEkintza SozialaEuskal Sistema Finantzario Publikoaren agerraldia Gasteizko Legebiltzarrean

Euskal Sistema Finantzario Publikoaren agerraldia Gasteizko Legebiltzarrean

Atzo Euskal Sistema Finantzario Publikoaren aldeko eta Euskal Kutxak-Kutxabanken pribatizazioaren kontrako plataformako kideek agerraldia egin zuten Gasteizko Legebiltzarreko Ogasun eta Aurrekontuen Batzordean, Aurrezki Kutxa eta Banku Fundazioen lege proiektuaren aurrean euren iritzia emateko. Plataformaren izenean, Txomin Lorca eta Mikel Noval izan ziren agerraldian. 

Euskal Sistema Finantzario Publikoaren aldeko
eta Euskal Kutxak-Kutxabanken pribatizazioaren kontrako plataforma

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrezki-Kutxa
eta Banku-Fundazioen Lege-aurreproiektuaren kritika

Plataforma osatzen dugun erakunde sozial eta sindikatuok berretsi egiten dugu euskal kutxak likidatu eta banku bat sortzea, zeinaren jabegoa akziodun pribatuen esku geratuko den, euskal jendarteari egindako iruzurra dela.

Salatu dugunez, prozesu hau babesten duten alderdi politikoek ez dute eman ezta arrazoi bakarra ere euskal ekonomiaren eta herritarren aldekoa izango litzatekeela justifikatzeko.

Alternatiba bideragarriak proposatu ditugu, baita ordezkatzen dugun gehiengo sozial eta sindikala aintzat har dezatela exijitu ere, gure herriari funtsezko tresna baten gaineko kontrol publiko eta soziala kendu baino lehenago. Funtsezkoa, diogu, enpresa txiki eta ertainei eta pertsonei kreditua errazteko. Hala izan ohi da beste herrialde europar batzutan.

Beti oztopo bera izan dugu aurrez-aurre: EAJ, PP eta PSEren erabakia. Hauen xedea banku handien eskariak betetzea baino ez da, eta Euskal Kutxen gordailupean dauden milaka milioi euro akziodun pribatuen esku jartzea.

EAJk, PPk eta PSEk zorrotz jarraitzen diote markatutako bide-orriari. Estatuko Kutxen legea erreformatu dute; Kutxak likidatu eta Fundazio bihurtu dituzte, eta hauteskundeak igarotzeko zain daude, desinbertsioari eta akzioen salmentari ekiteko.
Orain, Kutxak-Kutxabanken pribatizazioa are atzeraezinagoa izan dadin, Euskal Kutxen Legea aldatzeko prozesua hasi dute: horretarako aurkeztu dute Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrezki-Kutxa eta Banku-Fundazioen Lege-aurreproiektua.

Behean sinatzen dugun erakunde sozial eta sindikatuok lege-aurreproiektua erretira dezatela eskatzen dugu, honako arrazoiengatik:

EAEren arau-eremuan Euskal Kutxen likidazio-egiaztagiria besterik ez da. Hauek banku-fundazio bihurtu dituzte, eta beren banku-negozioa Kutxabanki eskualdatu diote. Horrela, Lege honen eremutik kanpo geratu dira.

Ez gaude ados Legearen xedearekin. Lehen artikuluko lehen puntuaren ondorioz etorkizuneko euskal kutxak sortzeko eta garatzeko aukerak zeharo murrizten dira, 26/2013 Legean ezarritako mugak onartu egiten baitira.

Halaber, salatu egin behar dugu artikulu horren beraren 2. puntuan banku-fundazioen eredu antidemokratikoa betikotu egiten dela. Ez dira saiatu ere egin patronatu horiek Kutxentzat ezarritako osaera eta funzionamendu bera izan dezaten.

Aurreproiektu honek gaia aipatzen ez duenez, 15 lagunen esku uzten du fundazioko patronatuaren esku dauden Kutxabankeko akzioak noiz eta nola saldu. Hauxe da kapital pribatuak akzioak eros ditzan eskuak libre uzteko modurik onena.

Aurreproiektu hau, guk ordezkatzan dugun gehiengo sozial eta sindikalarekin inolako kontraste, negoziazio eta adostasunik gabe egin du gobernuak, eta honi buruz plazaratu izan ditugun alternatibak baztertu egiten ditu.

Gobernu-organoak osatzeko proposatu diren aldaketei gehiegi erreparatu gabe ere, erabat gaitzesten dugu aginte mailan herri-erakundeek duten presentzia-galera, eta bezeroei dagozkien lekuen %50 “ezarle handientzako” gorde nahi izatea.

Hau ez da euskal ekonomiak, ez enpresa txiki eta ertainek, ezta pertsonek behar duten Legea. Aitzitik, testuak estaldura formala ematen dio herritarren baliabideetan egin den espoliazio bati, betiere akziodun pribatuen mesederako.

Berriro diogu, gaur premiazkoa eta ezinbestekoak dira honakoak:

• Banku-fundazioen esku dauden Kutxabankeko akzioak herri-erakunde sortzaileei itzultzea.
• Fundazioak, administrazio-kontseilua eta Kutxabankeko akziodunen batzarra kudeatzeko, kudeaketa-marko demokratikoa artikulatzea.
• Benetako Kutxen Legea egitea, haien izaera publiko eta soziala hobetzeko, muga bakarra euskal herritar eta erakundeen erabakiak izango direlarik.
• Euskal finantza-sistema publiko bat eraikitzeko beharrezko diren ekimen politiko eta instituzionalak erabakitzea, euskal enpresa txiki eta ertainen eta pertsonen beharrizanak asetzeko aukera emango duena.
• Honako aurreproiektua berretsi eta antzeko erabakiak hartu aurretik herritarrei kontsulta egitea, balizko alternatiba guztiak aztertzea eta erakunde sozial zein sindikatuen iritzia aintzat hartzea.

Gasteiz, 2015eko urriaren 27an

Eragile sozialak: AHT Gelditu Elkarlana –Berri-Otxoak – Bilboko Auzo-Elkarteen Federazioa – Denok lan – Euskal Herriko Pentsionisten Plataformak – Ezker Gogoa – IRPH Stop – Kontsumitzaile Elkarteak (EKE, UCE, EKA, EHKB, OCUV) – Kutxabank publikoa bilgunea – M15 – REAS (Red de Economía Alternativa y Solidaria) – PAH Kaleratzerik ez! – STOP desahucios Gasteiz – STOP deshaucios Gipuzkoa.

Sindikatuak: EHNE – HIRU – ELA – LAB – ESK – STEILAS – CNT

 

 

 


AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Endanea Gardenen greban gaude, ez baitugu mehatxurik onartuko

Hondarribiako Endanea Garden enpresako langileak greban daude gaurtik (maiatzak 3) igandera arte. Hilabete daramate mobilizazioak aurrera eramaten eta enpresak, horiei kasu egin eta dagokion erantzukizuna bere gain hartu ordez, jazarpena darabil langile hauen kontra.

60 erakunde sozial eta sindikal baino gehiagok bat egin dute maiatzaren 11ko mobilizazioekin

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik Iruñearen kasuan eta 17:00etan Jesusen Bihotza plazatik Bilbon. Gainera, mobilizazioen aurretik, borrokak partekatzeko topaguneak antolatu ditugu, gizarte-kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaioekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin. Iruñean 10:00etan izango da Gaztelu plazan eta Bilbon 12:00etatik aurrera Areatzan.

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.