2024-05-05
HomeZerbitzu PublikoakKomunikabideakEITBko Zuzendaritzak LABek EITBNETen duen ordezkari bat zigortuta dauka arrazoi ideologikoengatik

EITBko Zuzendaritzak LABek EITBNETen duen ordezkari bat zigortuta dauka arrazoi ideologikoengatik

Joan den ekainean Iñigo Herce eitb.eus atariko albistegietako arduradunak webguneko arratsaldeko editorea kargutik kentzea erabaki zuen, “konfiantza galera” argudiatuta, apirilaren 16an publikatutako bideo baten harira. Bideoan Joseba Egibar EAJren bozeramailea eta Iñigo Cabacasen gurasoak eztabaidan ikusten dira, Legebiltzarreko pasillo batean. Irudi horien harira, presioak izan ziren, hasieran, Legebiltzarrean bertan, ETBko kamerari ez grabatzeko eskatuz, eta, ondoren, EITBNETeko erredakzioan, bideo hori “bigarren maila” batean jartzeko aginduz.

Editoreak EITBNETeko Erredakzio Kontseiluari jakinarazi zion egun hartan jazotakoa eta ondoren LAB sindikatuak oharra kaleratu zuen gertatutakoa salatuz. Bada, horixe izan zen Iñigo Hercek eitb.eus-eko arratsaldeko editoreari emandako arrazoia kargutik kentzeko: gertatutakoa Erredakzio Kontseilura eraman eta ondoren “laneko tirabira” hura publiko egin izana ez zitzaiola batere gustatu eta, beraz, kargutik kentzen zuela, berarengan jada konfiantzarik ez zuelako.

Erabaki hori hartu eta egun gutxi batzuetara Iñigo Hercek EITBn zituen ardurak utzi (eitb.eus-eko albistegien arduraduna eta EITBko multimedia albistegien koordinatzailea) eta Donostiako Udaletxera joan zen lanera: egun Eneko Goia EAJko alkatearen prentsa-arduraduna da.

Gauzak horrela, halako mehatxurik ez genuela onartuko ohartarazi genion LABetik behin eta berriz Zuzendaritzari, eta gauzatu ezkero aurrerantzean ez zutela gurekin ezer ere negoziatuko. Irailean, mehatxua gauzatu egin du Zuzendaritzak, eta eitb.eus atariko editore postutik kendu dute LABeko ordezkaria.

EITBko LABentzat erabakia eraso politikoa izan da. Ez da lehen aldia halakorik gertatzen denik, eta ardura maila guztietako postuak atzamarrez eman eta kendu egin izan dira beti, inolako hautapen prozesu objektibo eta gardenik gabe. Irizpide subjektiboen arabera banatzen dira ardurak, batez ere ardura horiek eragin politikoak (edota partidistak) dituztenean.

LABekook jada planto egiten diogu jokabide horri, eta nahiz eta arazoa errotik konpondu ez, hasteko LABeko ordezkaria bere postura itzuli arte Zuzendaritzarekin ez dugu ezer negoziatuko. Jakitun gara jarrera hau publiko egiteak konponbidea zaildu egiten duela, eta Zuzendaritzak aitzakia faltsuak asmatuko dituela, baina saiakera ugariren ondoren ez digu beste biderik utzi.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Endanea Gardenen greban gaude, ez baitugu mehatxurik onartuko

Hondarribiako Endanea Garden enpresako langileak greban daude gaurtik (maiatzak 3) igandera arte. Hilabete daramate mobilizazioak aurrera eramaten eta enpresak, horiei kasu egin eta dagokion erantzukizuna bere gain hartu ordez, jazarpena darabil langile hauen kontra.

60 erakunde sozial eta sindikal baino gehiagok bat egin dute maiatzaren 11ko mobilizazioekin

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik Iruñearen kasuan eta 17:00etan Jesusen Bihotza plazatik Bilbon. Gainera, mobilizazioen aurretik, borrokak partekatzeko topaguneak antolatu ditugu, gizarte-kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaioekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin. Iruñean 10:00etan izango da Gaztelu plazan eta Bilbon 12:00etatik aurrera Areatzan.

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.