2026-07-31
HomeEkintza SindikalaGipuzkoako metalgintzan indarkeria matxistari aurre egiteko protokoloa adostea exijitzen diogu ADEGIri

Gipuzkoako metalgintzan indarkeria matxistari aurre egiteko protokoloa adostea exijitzen diogu ADEGIri

2020an sinatu zen Gipuzkoako metalgintzako hitzarmenean adostutako konpromisoen artean, sektorean berdintasuna landuko zuen batzordea eratzea izan zen. Batzorde horrek urgentziaz landu beharreko helburu bat jarri zuen: sexu jazarpenaren kontrako protokolo bat adostea.

Izan ere, nahiz eta enpresa guztiak egon derrigortuak sexu jazarpenari aurre egiteko neurriak adostera, errealitateak argi erakusten digu, enpresa txikiek (50 langile baino gutxiago dituztenek) berdintasun planak negoziatzeko derrigortasuna ez duten heinean, gai hauetan ez dutela inolako neurririk aplikatzen. Hortaz, sexu jazarpenaren kontrako protokoloa bertan adostea ia ezinezkoa bilakatzen da bertako emakumeak babesgabean utziz.

Urtebete egon gara bilerak egiten, 2021ko martxoaren 9an egin baikenuen lehen bilera, eta urtebete nahikoa izan da LABentzat errealitate gordinaz jabetzeko: ADEGIk ez du indarkeria matxistari aurre egiteko protokolo adostu bat egitea nahi. Araugilea, hau da, derrigorrezkoa izango den ezer adosteari uko egiten dio ADEGIk.

Indarkeria matxistak aspaldi behar zuen lantokietatik kanpo, baina datuek egoera horretatik urrun gaudela erakusten dute. Ez da onargarria horrelako egoera larriak ematen direnerako protokolo bat zehazteari uko egitea, jakinik protokoloaren helburu nagusia biolentzia matxistaren prebentzioa, sentsibilizazioa eta erasoa eragotzi ez denean, berau jasan duen emakumea babestea dela.

Honengatik, LABetik exijitzen diogu ADEGIri bere jarrera alda dezan, eta indarkeria matxistaren kontra aplikatu beharreko protokolo bat adostu dezala. Egoeraren larritasuna kontuan izanda, LABek sektoreko emakumeekin erantzun bat prestatuko du.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Helegiteak aurkeztu dizkiegu 1.200 milioitik gorako kostu estimatua duten anbulantzien makro-esleipenei, eta pribatizazioaren aldeko apustua salatzen dugu

Sindikatuak errekurtso berezi bat jarri du Osasun Sailaren pleguen aurka, Oinarrizko Bizi Euskarriko eta Garraio Programatu eta Hitzartuko zerbitzuei dagokienez. Bestalde, salatu du Alberto MartĂ­nez sailburuak Osasun Planaren ildoak alde batera uzten dituela, gizartearen eskaerari entzungor egiten diola eta beste autonomia-erkidego batzuetan osasun-zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko izandako esperientzia arrakastatsuak ere baztertzen dituela, lan-arloko ez-betetzeengatik ezagunak diren enpresa piratak saritzen jarraitzeko.

Patronalak Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen hitzarmenerako proposamen bat aurkeztu du, eta LABek langileen erabakipean jarriko du

Proposamenean jasotzen diren aurrerapenak urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioaren emaitza dira, eta, batez ere, langileen egindako borrokaren eta greben ondorio dira.

Hezkuntza Sailak udal haur eskolei finantzaketa kentzeko aldebakarrez hartutako erabakiaren aurrean, bertako langileak babesten dituen akordioa lortu du LABek

Andoaingo, Usurbilgo, Oiartzungo, Ordiziako, Aretxabaletako eta Gaubeako langileek bertako haur hezitzaile izaten jarraitzeko akordioa sinatu du LABek; ez da kaleratzerik egingo, eta karrerako funtzionarioek tokiko administrazioan haien izaerari eutsiko diote jubilatu bitarte.