2026-06-18
HomeEkintza PolitikoaNafarroako Gobernuak Administrazioko sindikatuekin deituako bileraren LABen balorazioa

Nafarroako Gobernuak Administrazioko sindikatuekin deituako bileraren LABen balorazioa

Lehenik eta behin, ontzat ematen dugu, Gobernu berria osatu eta bi astera, administrazioko sindikatuekin bildu izana. Era berean, positiboa iruditzen zaigu irailaren amaiera edo urriaren hasierarako negoziazio mahaiak deitzeko Gobernuaren konpromisoa. Negozazio ereduaz nahiz egin beharreko Enplegu Eskaintza Publikoaz proposamena egiteko gonbitea luzatu digu Gobernuak eta LABek epe motzean erantzungo dio eskari horri. Sektore publikoan aro berria irekitzea espero dugu, UPN-PSNren Gobernuak lehen eta UPNren Gobernuak gero lurperatu zuten negoziazio kolektiboa berreskuratuz.

Beaumont Kontseilariak aurkeztutako Akordio Programatikoaren edukiari dagokionez, begi onez dakusagu sektore publikoaren alde egiten den apustua. Akordioak hainbat neurri jasotzen ditu norabide horretan: Menpekotasunean, Osasungintzan eta Hezkuntzan egindako murrizketak atzera botatzea; pribatizazioak bertan behera utzi eta pribatizatutako zerbitzu batzuk berriz publifikatu, hala nola Ospitaletako sukaldeak edota osasun garraioa; edota Osasunbidea eta Hezkuntzarako Enplegu Publikoaren Eskaintza, zehaztu gabea bada ere. Zehazteke geratzen da, halaber, erabat pribatizatutako zerbitzu sozialen eremuan nahitaezkoa den aldaketa sakona. Osasungintzan konbenioak berrikusi eta Odolaren Bankuaren nahiz Osasun Ikerketaren Instituaren izaera publikoa bermatzeaz hitz egiten da, baina ez da argi eta garbi adierazten klinika pribatuetarako deribazioekin amaitzeko apustua; hauxe izango da, hain zuzen ere, LABek gogor aldarrikatuko duen helburuetako bat. Nafarroako Gobernuaren lan osasunari dagokionez, publifikazioaren aukerak aztertzea adostu da, baina horren kontra dauden mutuei hitza emanez. Hezkuntzari dagokionez, LOMCEren aplikazioaren kontrako jarrera, sexuen araberako bereizketa egiten duten zentroak ez finantziatzea edota 0-3 sare publikoaren aldeko apustua nabarmentzekoak dira.

Azkenik, Ekonomia eta Ogasun kontseilari Mikel Aranbururen adierazpenek kezka handia eragin digute, izan ere, Nafarroako Gobernuko langileen eta gainontzeko herritarren eskubideak kontrajartzen baitzituen. Bere ustez, %1eko soldata igoera egin nahiz aparteko soldata berreskuratzea bestelako behar sozialen kaltetan litzateke. Horrelako adierazpen demagogikoak maiz entzun dizkiogu aurreko Gobernuari eta horregatik harrigarria egiten zaigu Gobernu berriko arduradun baten ahotan entzutea. Nafarroan aberastasun nahikoa dago bai administrazioko langileen lan baldintzen berreskurapenean bai politika sozialetan inbertitzeko. Gobernua da bi behar horiek bideragarri egiteko ardura duena, politika fiskal eta aurrekontu politika egokien bidez. Nahikoa lizateke, horretarako, iazkoarekin alderatuta aurtengo kupoa hazitako 36 milioi euro horiekin, AHT edo Nafarroako Ubidean bideratu nahi diren horiekin edota Elkarteen Zerga nahiz Ondarearen Zergaren bidez eskuratu beharko litzatekeenarekin.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Amiantoak hil egiten duela salatu dute CEMOSAko langileek

Joan den maiatzaren 9an hil zen Juan Mazorriaga Maguregui, Matxorri, CEMOSAko langilea, lanean ari zela amiantoaren eraginpean egotearen ondorioz. Honen harira, amiantoarekiko esposizioak eragindako...

Grebaren jarraipen masiboa Etxebarri-Ibiñako PEPSICOren botilaratze plantan

PEPSICOko langileak greba egiten ari dira gaur, enpresa batzordeak deituta, enpresa diziplina-araubidea gehiegikeriaz eta arbitrariotasunez erabiltzen ari dela salatzeko. Enpresa langileen aurkako politika zigortzailea gauzatzen...

LABetik exijitzen dugu lehenbailehen zuzendu dezatela familia-langileen soldaten finantzaketa

Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuan eskaera aurkeztu ondoren, martxoan jaso genuen departamentuaren erantzuna, non esan baitziguten 48/2020 Foru Dekretuan jasotako familia-langileen finantzaketa-moduluen "azterketa" egingo zutela. Hiru hilabete geroago, oraindik ez dugu erantzunik jaso, eta oinarrizko gizarte-zerbitzuen kolektibo horrek konparaziozko bidegabekeria onartezina jasaten jarraitzen du.