2026-10-02
HomeEkintza SindikalaNegoziatzeko bilera batera deitu dugu Osakidetza, Lan Harremanen Kontseiluaren egoitzan

Negoziatzeko bilera batera deitu dugu Osakidetza, Lan Harremanen Kontseiluaren egoitzan

LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuon oharra:

Azken asteetan izan diren mobilizazioen jarraipen masiboak argi asko adierazi du sektoreko langileak eta herritarrak asper-asper eginda daudela, eta agerian utzi du Osakidetzaren lantokietan pairatzen ari garen egoera larria; premiazko eta taxuzko irtenbideak behar dira.

Sindikatu deitzaileok behin eta berriz salatu izan dugu Osasuneko Mahai Sektorialaren egoera: informatiboa besterik ez da, eta hor ez da ezertxo ere negoziatzen. Bilerak hutsalak dira, propaganda kutsu nabarmenekoak. Egoera muturreraino eraman du Osakidetzak, alde bakarreko erabakiz sinatutako akordioak ez baititu betetzen; areago, informazioa bileren aurretik ematen die hedabideei.

Arrazoi hauek medio erabaki genuen otsailaren 24ko bileran ez genuela parte hartuko, deialdiarekin batera ez baitziguten aurrez dokumentaziorik igorri; gainera, gai zerrendan ez ziren sartu egun batzuk lehenago sindikatuok Giza Baliabideen Zuzendaritzari eskatutako puntuak, beti ere Osakidetzako arazo estruktural larriei konponbidea emate aldera landu nahi genituenak. Gainera, bileraren aurretik komunikabideei edukiaren zati bat jakinarazi zitzaien. Deialdi haren asmo bakarra greba indargabetzea zen.

Bada, testuinguru honetan aldebiko bilerak egiteko deialdiak jaso ditugu, puntu bakarra aztertzeko: “Garapen Profesionala: Aurreakordioa betetzea eta eredu berriaren lanketa”. Esan beharra dago aipatzen dena joan den uztailean Mahai Sektorialeko sindikatu batzuekin iritsitako akordioa dela, 2021eko abenduaren 31rako bete beharrekoa; haatik, Osakidetzak alde bakarreko erabakiz orain arte ez du bete. Osakidetzak gauza bakarra egin behar du: akordioa bete. Eredu berriari dagokionez, sindikatuon aldarri komuna izanagatik ere, ez da inondik ere uneotan lehentasun handiena duen auzia. Deialdian ez da txintik esaten otsailaren 17an aztertzea eskatu genituen puntuei buruz.

Horrenbestez, berriro esan behar dugu ez garela joango deitutako aldebiko bileretara, edukirik gabekoak baitira, eta ez dute aukerarik ematen lantaldeak pairatzen duen egoera larria konpontzeko neurriak hartzeko.

SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuok uste dugu ezinbestekoa dela gure aldarriei premiaz heltzea; Osakidetzak dituen arazo larriak konpontzea beste asmorik ez dugu. Horretarako eskatzen diogu benetan negoziatzeko borondatea, edukiez hitz egitea.

Egoera hain larria izanik eta irtenbideak premiaz behar direnez, Osakidetza deitzen dugu Zuzendaritzaren eta greba deitu genuen SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuen arteko bilerara, LHKren egoitzan datorren asteazkenean, hilak 9, goizeko 11etan, honako aldarriak aztertu eta negoziatzeko:

-Osakidetzaren 2023ko aurrekontua gehitzea EBko batez besteko mailaraino (BPGaren %7a), eta horren %25 lehen arretara bideratzea.

-Lantaldea osatzea milaka lanpostu sortuz, lan-kargak arrazionalizatzeko eta herritarrei kalitatezko arreta eman ahal izateko.

-24.600tik gora langilek pairatzen duten behinbehinekotasuna amaitzea, %8raino jaitsiz eta lantaldeak kontsolidatuz.

-Galdutako eros-ahalmena berreskuratu eta murrizketa guztiei atzera eragitea, Garapen Profesionalekoa barne.

-EAGetan ezarritako murrizketak kentzea: berriz ireki edota arreta ordutegiak berrezartzea.

-Erretiro, lanpostu huts, baja eta bestelako absentziak berehala, guztiz eta lehen egunetikosatzea, kategoria guztietan.

-Arrisku psikosozialen ebaluaketa eta neurri zuzentzaileen aplikazioa, arreta berezia jarrizlan-kargetan eta pandemiaren ondorioetan.

-Malgutasunerako eta lan- eta famili-bizia kontziliatzeko neurri eragingarri eta errealak.

-Irekita dauden gatazkak bideratu: Txandakako lana, ospitaleratze-osagarria (%4), osagarriespezifikoa eta Santiagoko larrialdien itxiera.

-Langileen erretiro aurreratua errazteko neurriak.

Otsailaren 25 eta 28ko greba egunen ostean ezinbestekoa da benetan negoziatzea, edukiak mahai gainean jarriz eta Osakidetzak dituen arazo estrukturalei helduz; hau ez da Osasuneko Mahai Sektorialean gertatzen.

Negoziatzeko deia egiten dugu, baina Osakidetzari ohartarazi nahi diogu ez dugula xantaiarik, ez propaganda ekitaldirik onartuko. Negoziazioa benetakoa izan behar da, mamia duena; irtenbide eta hobekuntza konkretuak behar ditugu. Bide horretan aurrera egin ezean mobilizazioei eutsiko diegu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.