2026-02-01
HomeEkintza SindikalaIndarrak batzeko deia egin dugu, Hezkuntzari lan-baldintza duinak eta kalitatezko janaria izango...

Indarrak batzeko deia egin dugu, Hezkuntzari lan-baldintza duinak eta kalitatezko janaria izango dituzten eskola-jangelak eskatzeko

Jokin Bildarratzen Hezkuntza Sailak bidea libre uzten die, berriz ere, ikastetxe publikoetako jangelak kudeatzen dituzten kolektibitate-enpresei dirua irabazten jarrai dezaten, langileen lan-baldintzak okertuz eta ikasleentzako janaria egiteko elikagaien kalitatea nabarmen murriztuz. Halaxe salatu dugu hedabideen aurrean, Bilbon egindako agerraldian.

Joan den abenduan, LAB sindikatuak publikoki salatu zuen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila gehiago arduratu zela jangeletako lizitazio berrietan eskola publikoetako jangelak kudeatzeko esleipendun izango ziren enpresez, langileez eta ikasleez baino.

Bada, aste honetan argitaratu dituzte enpresek aurkeztutako eskaintza ekonomikoak, eta berretsi besterik ez dute egin LAB sindikatuak azken hilabeteetan salatu duena, alegia, Hezkuntza Sailari ez zaizkiola batere axola ez ikasleak ez jangeletako langileak; azken batean, ez duela kalitatezko jangela-zerbitzuaren alde egiten.

Hezkuntza Sailak argitaratutako datuek beren kabuz hitz egiten dute. Enpresa batzuek 21,78 €eta 23 €arteko eskaintza egin dute jangelako langileei dagokienez (begiraleak eta officeko langileak), lizitazioan gehieneko prezioa 26,37€izanda. Era berean, menuari dagokionez, enpresa batzuek lehen plater baterako 0,92 €eskaini dituzte gehieneko prezioa 1,18 €izanda, eta postrearentzat 0,15 €; gehieneko prezioa 0,30 €izanda.

Argi dago Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak berriro ere bidea libre uzten duela kolektibitateetako enpresek dirua irabazten jarrai dezaten, eta horrek eragin oso negatiboa du langileen lan-baldintzetan (hitzarmena negoziatzeko tarte txikia) eta ikasleen janaria egiteko erabiltzen duten elikagaien kalitatean.

Nola onar dezake Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak hezkuntza-zerbitzu publikoa eta diru publikoarekin kudeatzen duten enpresa pribatuek ikasleen elikadurarekin eta langileen lan-baldintzekin jolastea? Hezkuntza Saila ez da bere erantzukizuna bere gain hartzen ari.

Gainera, Eusko Jaurlaritzak hezkuntza-eragile eta sindikatuekin izandako topaketetan jakinarazi zuen lote-kopurua handitzearen helburuetako bat tokiko enpresek lizitazioetan sartu ahal izateko aukera izatea zela. Multinazionalen presentzia handitzea besterik ez du lortu.

Ezin dugu ahaztu lehengaiek (elikagaiek) janaria egiteko duten garrantziaz gain, janaria non egiten den ere kontuan hartu behar dugula. LAB sindikatuak, ikastetxe guztiek janaria ikastetxean bertan egin ahal izateko sukalde bat izan behar dutela aldarrikatzen du. Guraso, ikasle eta ikastetxe askok eskatu diote Sailari sukaldea in situ izatea.

Hori esanda, LAB sindikatuak dei egiten die hezkuntzako eta gizarteko eragileei eta gainerako sindikatuei indarrak batzeko, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuari esateko jangela duinak eta kalitatezko elikagaiak nahi ditugula.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Estaños Matiena enpresak langile baten heriotza eragin du, hainbat salaketa jasota bazituen ere

Ostiral arratsalde honetan laneko heriotz berri baten berri izan du LABek. Zumaiako Estaños Matiena enpresan. H.O.L. 32 urteko langileak pieza handi baten kolpea jaso...

Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean mobilizatu da LAB, milaka herritar etxegabetze arriskuan jarrita Madrilen “ezkutu soziala” bertan behera utzi dutela salatzeko 

Langileon aldeko politikak, Madrilek inposatu beharrean, Euskal Herrian hartzearen beharra aldarrikatu du LABek Bilbon; hala nola, etxegabetzeak geldiarazteko neurriak, pentsio justu eta duinak bermatzea...

LABek adierazten du Udalen sektorerako Udalhitz hitzarmeneko negoziazio mahaia deitu gabe eta blokeatuta dagoela azaroaren 7az geroztik

Udalhitzen blokeoa gainditzeko otsailean hasiko den mobilizazio dinamika bati ekingo dio LABek Urte bat igaro da EUDELen zuzendaritzak sektoreko sindikatuoi dei egin zigunetik eta mahai...