2026-06-19
HomeEkintza PolitikoaSektore prekarioetara gehiago zabaltzeko afiliazio sistema berritu dugu

Sektore prekarioetara gehiago zabaltzeko afiliazio sistema berritu dugu

Duela bost urte sindikalismoa birpentsatu eta langile sektore berrietara gerturatzeko egindako apustuak bere fruituak eman ditu. Bost urtetan %12,4ko afiliazio hazkundea izan dugu eta jada 46.178 afiliatu ditugu. Hauteskunde Sindikalei dagokienez, gehien hazi den sindikatua gara eta maximo historikoetan gaude. Halaxe jakinarazi dute LABeko idazkari nagusi ondoko Igor Arroyok eta Antolakuntza idazkari Izaskun Garciak. Bide honetan sakonduz, diru-sarreren araberako kuota sistema ezarri dugu, sektore prekarioenen afiliazioa errazteko asmoz. 

Izaskun Garcia Bordagarai Antolakuntza Idazkariak bost urteko afiliazio datuak aurkeztu ditu: 2017an 41.083 afiliatu zituen LABek; 2021an, aldiz, 46.178. Horietatik, 19.758 (% 42,78) emakumeak eta 26.222 (% 56,78) gizonak. Parekorik ez duen afiliazio igoera da hau: 5.095 afiliatu gehiago bost urtetan, % 12,4ko igoera. 

“Esanguratsua da azken bost urte hauetan izandako afiliatu berri horietatik % 56 emakumeak izatea”, adierazi du Garciak “sindikatuaren antolaketa eta ekintza sindikalean emandako urrats feministen ondorio”. Hego Euskal Herriko hauteskunde sindikalei dagokionez, LABek 4.668 ordezkariekin itxi du urtea, horietatik % 37,22a emakumeak eta % 62,78a gizonak. Iaz baino 150 gehiago eta duela bost urte baino 433 gehiagoarekin bukatu dugu 2021a. Portzentaietan inoizko emaitzarik onena lortu du, % 19,24. 

EAEri erreparatuta, aurreko urtean baino 108 ordezkari gehiago eta duela bost urte baino 264 gehiago lortuta, bigarren postuari eutsi egiten dio.

Nafarroari dagokionez, aurreko urtean baino 50 ordezkari gehiago eta duela bost urte baino 169 gehiago eskuratu ditu LABek. %17,29ko portzentaia lortuta, LAB lehen sindikatutik zazpi puntura dago.

Diru sarreren araberako afiliazio kuotak, sektore prekarioetara gehiago gerturatzeko

Aurreko Biltzar Nagusian sindikalismoa sektore prekarioetara gerturatzeko egindako ahaleginean sakondu asmoz, kuota sistema berritu egin du LABek. “Lan eta bizi baldintzen prekarizazioaren eraginez, Sindikatuak inoiz baino beharrezkoagoak diren honetan, LAB langile guztiontzako tresna eraginkorra izan eta LABen afiliatzeak denon eskura egon behar du”. 

Igor Arroyo Idazkari Nagusi ondokoak afiliazio sistemaren irizpide berriaren balio politikoa azpimarratu du: “Justizia sozialaren oinarrizko premisetako baten arabera berritu dugu gure afiliazio politika: bakoitzak ahal duen neurrian, bakoitzari behar duen neurrian; eta beti ere klase elkartasuna oinarri izanda”.

Honela, langile bakoitzak duen diru-sarreren araberako kuota ezarri du LABek, diru-sarrera gutxiago dutenen sindikalizazioa errazteko asmoz. “Inor ez dadila geratu babes sindikalik gabe bere egoera ekonomikoaren ondorioz” aldarrikatu du Arroyok. 

Honela, 2.000 eurotik gehiagoko soldata dutenek apur bat gehiago ordainduko dute, soldata baxuagoak dutenek afiliatzeko aukera izan dezaten. Eta batzuk nahiz besteek sindikatuaren baliabideak erabiltzeko aukera berdina izango dute, nork bere beharraren arabera: aholkularitza sindikala, aholkularitza juridikoa, formakuntza, parte hartze espazioak eta greben ondoriozko diru-sarreren galerei nahiz isunei aurre egiteko balio duen borroka kutxa.

“Ideia honek sindikatuen muinarekin harremana du. Sindikatuak badira langile bakoitzaren egoerari konponbidea emateko tresnak. Baina sindikatuek, batez ere, langileon arteko elkartasuna praktikan jartzeko eta klase bezala ahalduntzeko tresnak behar dute izan”, adierazi du Arroyok, eta afiliatzeko deia egin du: “izan norberak pairatzen duen egoerari aurre egiteko, izan langile klase osoaren eskubideak defendatzeko, langile orok afiliatuta egon beharko luke. Gaurtik aurrera, zailago duten horiei errazago jarriko diogu”. 

Honako hau da LABek ezarritako kuota sistema berria:

KUOTA 1 (5 euroko kuota): 

DSBE (gaur egun 706€) jasotzen duten edo hau baino diru sarrera apalagoak dituztenak. 

KUOTA 2 (9,11 euroko kuota): 

Enplegua, pentsio edo subsidio bidez, DSBEaren (gaur egun 706€) eta LGSren (Lanbide arteko Gutxieneko Soldata: gaur egun 965€) arteko zenbatekoa jasotzen dutenak.  

KUOTA 3 (13,66 euroko kuota): 

Enplegua, pentsio edo subsidio bidez, hilean LGS (965€) eta 1.200€ artean jasotzen dituzten langileak. 

KUOTA 4 (18,30 euroko kuota): 

Enplegua, pentsio edo subsidio bidez, hilean 1201€ eta 2000€euro jasotzen dituzten langileak. 

KUOTA 5 (21,33 euroko kuota): 

Enplegua edo pentsio bidez, 2001€ baino gehiago jasotzen dituzten langileak.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Amiantoak hil egiten duela salatu dute CEMOSAko langileek

Joan den maiatzaren 9an hil zen Juan Mazorriaga Maguregui, Matxorri, CEMOSAko langilea, lanean ari zela amiantoaren eraginpean egotearen ondorioz. Honen harira, amiantoarekiko esposizioak eragindako...

Grebaren jarraipen masiboa Etxebarri-Ibiñako PEPSICOren botilaratze plantan

PEPSICOko langileak greba egiten ari dira gaur, enpresa batzordeak deituta, enpresa diziplina-araubidea gehiegikeriaz eta arbitrariotasunez erabiltzen ari dela salatzeko. Enpresa langileen aurkako politika zigortzailea gauzatzen...

LABetik exijitzen dugu lehenbailehen zuzendu dezatela familia-langileen soldaten finantzaketa

Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuan eskaera aurkeztu ondoren, martxoan jaso genuen departamentuaren erantzuna, non esan baitziguten 48/2020 Foru Dekretuan jasotako familia-langileen finantzaketa-moduluen "azterketa" egingo zutela. Hiru hilabete geroago, oraindik ez dugu erantzunik jaso, eta oinarrizko gizarte-zerbitzuen kolektibo horrek konparaziozko bidegabekeria onartezina jasaten jarraitzen du.